Nazioarteko Ekonomia: Merkataritza, Globalizazioa eta Erakundeak
GAIA: NAZIOARTEKO EKONOMIA
Nazioarteko Merkataritza
Nazioarteko merkataritza herrialde desberdinen artean ematen den ondasun, zerbitzu eta kapitalen elkartrukea da. Nazioarteko elkartrukeen funtsa zera da: herriek baliabide desberdinak dituztela (klima, aberastasun naturalak, lan-indarra, teknologia, kapitala…) eta horrek ondasunen ekoizpen-kostuak desberdinak izatea eragiten du.
Abantaila konparatiboaren teoriaren arabera (David Ricardo), herrialde bakoitza besteek baino kostu txikiagoan ekoiztu ditzakeen produktuetan espezializatuko da. Nazioarteko merkataritzak espezializazioa errazten du, herrialde bakoitzak bere soberakinak atzerrira saldu eta ekoizten ez dituen produktuak atzerritik erosi ditzakeelako; hori onuragarria izango da guztientzat.
Globalizazioa
Globalizazioa munduko ekonomien arteko integrazio-prozesua da, merkataritzaren liberalizazioaren eskutik; hau da, ondasun, zerbitzu, kapital eta pertsonen zirkulazio askea mundu mailan. Nazioarteko merkataritzaren areagotzea eta hazkunde ekonomiko handia ekarri du.
Baina gaur egun bizi dugun globalizazioa kapitalismo basatiaren zabalkuntza dela salatzen du globalizazioaren aurkako mugimenduak. Kritika nagusiak hauek dira:
- Globalizazioa herrialde garatuentzat da onuragarria batez ere (herrialde pobreak ezin dira baldintza berdinetan lehiatu).
- Multinazionalak herrialde pobreen egoeraz baliatzen dira (lan-indar merkea, zerga edo ingurumen-araudirik eza…) ekoizpena bertara lekualdatuz, mozkin handiena ateratzeko asmoz (deslokalizazioa).
Protekzionismoa
Orokorki, herrialdeen arteko merkataritza askea onuragarria da parte hartzen duten herrialde guztientzat. Baina zenbait kasutan, gobernuek neurriak hartzen dituzte nazio-ekoizpena kanpo-lehiatik babesteko. Protekzionismoa herrialde bateko gobernuak atzerriko ondasun eta zerbitzuen sarrera eragozteko neurri eta politiken multzoa da.
Protekzionismoa azaltzeko arrazoiak:
- Nazio-segurtasunerako estrategikoa den industria babestea (defentsa).
- Industrializazioa eta enplegua sustatzea, inportazioak bertan egindako produktuekin ordezkatuz eta industria hasiberriak kanpo-lehiatik babestuz.
- Esportazio eta inportazioen artean sortzen den merkataritza-defizitari aurre egitea.
Babes-neurri nagusiak:
- Arantzelak edo muga-zergak: inportatutako produktuei ezartzen zaizkien zergak dira, barne-merkatuan garestiagoak izan daitezen.
- Kontingenteak edo inportazio-kuotak: inportatutako ondasun-kopuruaren gainean ezartzen diren mugak dira.
- Esportazio-sorospenak: nazio-ekoizleei emandako diru-laguntzak dira, nazioarteko merkatuan lehiakorragoak izan daitezen.
- Beste batzuk: aduana-prozedura korapilatsuak, osasun zein ingurumen neurri zorrotzak…
Ordainketa-balantza
Ordainketa-balantza herri batek munduko gainerako herriekin epe batean egindako transakzio ekonomiko guztiak (merkantzienak zein kapitalenak) biltzen dituen kontabilitate-agiria da. Atzerritik lortutako diru-sarrerak eta atzerrira egindako ordainketak kontabilizatzen ditu:
- Diru-sarreretan: dibisen (atzerriko moneta) sarrerak agertzen dira, esaterako, salgaien esportazioak edo atzerriko inbertsioak.
- Ordainketetan: dibisen irteerak agertzen dira, esaterako, salgaien inportazioak edo atzerrian egindako inbertsioak.
- Sarreren eta ordainketen arteko kendurari saldoa deritzo.
Ordainketa-balantza: 2 azpibalantza ditu
Kontu korronteko balantza
- Ondasunen inportazio eta esportazioak (merkataritza-balantza).
- Zerbitzuen inportazio eta esportazioak: turismoa, garraioak, aseguruak…
- Atzerritik jasotako edo atzerrira ordaindutako errentak: soldatak, interesak, dibidenduak…
- Transferentziak: aldebakarreko eta kontrapartidarik gabeko diru-sarrera eta ordainketak (emigranteen diru-bidalketak, garapenerako laguntzak…).
Kapitalen (edo finantza) balantza
- Atzerriko inbertsioak (zuzenak eta burtsaren bidez).
- Atzerrira emandako zein atzerritik jasotako mailegu edo kredituak.
- Atzerriko bankuetan irekitako gordailuak.
- Kapital-transferentziak (Europar Batasuneko fondoak…).
Erreserben aldaketa: Ordainketa-balantzaren saldoa orekatzeko erabiltzen da. Horrela, azken saldoa 0 izango da. Ordainketa-balantzak defizita duenean, herrialdea zorduna izango da atzerriarekiko eta Banku Zentralak dibisen erreserba gutxitu beharko du. Superabita dagoenean, kontrakoa gertatuko da.
Defizitak luzaro irauten badu, dibisen erreserbak agortu daitezke. Horregatik, gobernuek merkataritza-politikak burutzen dituzte esportazioak sustatu eta inportazioak murrizteko (truke-tasa aldaraztea, esaterako).
Dibisen merkatua
Nazioarteko merkataritzan, Estatu bakoitzak bere moneta duenez, beharrezkoa da dibisen merkatuak egotea. Bertan, moneta bakoitzaren prezioa zehazten da, hau da, bere truke-tasa.
Esaterako, euroen eskaria hauek egingo dute (dolarrak eskainiz trukean):
- Europara datozen turista amerikarrek.
- Europar produktuak erosten dituzten amerikar inportatzaileek.
- Europan inbertitu nahi duten amerikarrek.
Euroen eskaria handitzean, $/€ truke-tasa igoko da (euroaren balioak gora egingo du dolarrarekiko). Moneta batek balioa galtzean (debaluazioa), herrialde horretako produktuak merkeago bilakatzen dira atzerritarrentzat, eta esportazioak gora egingo dute.
Truke-tasen sistemak:
- Truke-tasa malgua: eskariaren eta eskaintzaren arabera ezartzen da.
- Truke-tasa finkoa: Banku Zentralak finkatzen du.
- Flotazio zikina: merkatuan ezartzen da, baina Banku Zentralak esku hartzen du muga batzuetatik ez irteteko.
- Truke-tasa finko baina doigarria: epe laburrean finko mantentzen da, baina epe luzean aldatu daiteke desorekak badaude.
Nazioarteko moneta-sistemaren bilakaera:
1929ko Beheraldi Handira arte, urre-patroia erabili zen. 1944an, Bretton Woods-eko akordioa sinatu zen eta Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) sortu zen. 1973tik aurrera, sistema flotazio zikinekoa bilakatu da.
Nazioarteko Erakunde Ekonomikoak
Munduko Merkataritza Erakundea (MME edo OMC)
1995ean sortua, merkataritza askea sustatzea du helburu. Nazioen arteko merkataritza-legeez arduratzen da. 153 estatu-kide ditu eta egoitza Genevan (Suitza) du.
Nazioarteko Diru Funtsa (NDF edo FMI)
1944an sortua, finantza-egonkortasuna eta pobrezia murriztea ditu helburu. Finantza-zailtasunak dituzten herrialdeei laguntza ematen die, erreforma gogorren (murrizketak) truke. Egoitza Washingtonen du.
Munduko Bankua (MB)
1944an sortua, kreditu "bigunak" (interes gutxidunak) eskaintzen ditu pobrezia borrokatzeko. Jarrera neoliberalagatik kritikatua izan da.
Zortziko Taldea (G-8)
Munduko estatu aberatsenen koalizioa: AEB, Japonia, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Kanada eta Errusia.
Eskualde-blokeak:
- Europar Batasuna: integrazio-maila altuena (euroa). 27 estatu-kide.
- NAFTA: Ipar Ameriketako merkataritza askerako elkartea (AEB, Mexiko eta Kanada).
- Mercosur: Hego Ameriketako elkartea (Argentina, Brasil, Paraguai, Uruguai, Venezuela eta Bolivia).
- ASEAN: Hego-ekialdeko Asiako 10 herrialde.
- CEI: Sobietar Batasun ohiko herrialdeak.