Motore asinkronoen izar-triangelu abiatzea eta babes elektrikoak: azalpen osoa
Zuzeneko abioa
F1F fusiblea: intentsitateak, denboraldi batean, finkatutako balioa gainditzen duenean, korrontea eten egiten duen gailua da fusiblea. Fusiblearen zeregina zirkuitua gainintentsitateetatik eta zirkuitulaburretatik babestea da.
K1M kontaktorea: intentsitate handiak kontrolatu behar dituzten maniobra elektrikoak egiteko zenbait etengailuz osatutako tresna da. Aginte zirkuituan kontaktorearen barneko harila elikatzean, kontaktu guztiak itxi egiten ditu (edo ireki, itxita egotean).
F2F errele termikoa: motorea gainintentsitateetatik babesteko erabiltzen da. Motorearen harilkatu bakoitzean doan korrontea bimetal batetik zehar pasarazten da. Zenbat eta korronte handiagoa, orduan eta gehiago okertuko da bimetala (tenperaturaren eragina: Joule efektua). Balio izendatua gainditzean, gainean duen palankak kontaktu laguntzaileei eragingo die, korrontea moztuz.
M1M motore asinkrono trifasikoa: abiarazi behar dena. S1Q martxa pultsadorea sakatzean, korrontea F3F fusiblearen, F2F errele termikoaren kontaktu laguntzailearen, S0Q geldi pultsadorearen (normalki itxia) eta S1Q bera zeharkatuz, K1M kontaktorearen harila elikatzen da. Harila elektroimana bihurtzen da eta bere barneko burdinari bultzatuz, borneetako kontaktu guztiak itxiko ditu (13-14; 1-2; 3-4; 5-6), M1M motorea martxan hasten delarik.
S1Q askatzean, harila K1M kontaktu laguntzailearen bitartez (13-14) elikatuta mantentzen da. Motorea geldiarazteko, S0Q pultsatu behar da. Horrela, zirkuitua irekitzean, K1M elikadurarik gabe geratuko da, kontaktu guztiak irekiz, eta ondoren motorearen elikadura moztuz.
Izar-triangelu abioa
F1F: fusibleak. Zirkuitua gainintentsitateetatik eta zirkuitulaburretatik babesten dute.
F2F: errele termikoak. Motorea gainintentsitateetatik babesten dute, barneko bimetalaren dilatazio termikoaren bidez, Joule efektuaren ondorioz. Aginte zirkuituan duten kontaktu laguntzailearen bidez moztuko dute korrontea, babes gisa.
K1M: sareko konexioko kontaktore nagusia.
K2M: izar konexiorako kontaktorea, abiaraztea tentsio txikienean hasteko (Vf = VI/1,73).
K3M: triangelu konexiorako kontaktorea.
S1Q martxa pultsadorea sakatzean, K1M kontaktorearen harila elikatzen da, F3F fusibleak, F2F errele termikoak, S0Q geldi pultsadoreak (normalki itxia) eta aipatutako S1Q-ren bidez. S1Q askatzean, K1M kontaktu laguntzailearen bitartez mantentzen da K1M harilaren elikadura, eta aldi berean berarekin paraleloan dauden beste elementu guztiena. Horrela, K1T tenporizadorea elikatzen da martxan jarriz. Berari dagokion denbora neurtu bitartean, K2M izar konexiorako kontaktorea elikatuta izango dugu, motorea izar tentsioan abiatzen delarik.
Tenporizatutako denbora iristean, K1T tenporizadorearen kontaktu laguntzaileak konmutatuko dira (K1T 15-16 ireki eta K1T 17-18 itxi), eta horrela K2M elikadurarik gabe geratuko da, K3M elikatzen den bitartean. Ondorioz, motorearen tentsioa izarretik triangelura aldatuko da.
Laburtuz: S1Q pultsatzean, motorea izar tentsioan abiatuko da K2M-ri esker. Tenporizatutako denbora iristean, K1T aktibatu eta K3M aktibatuko du, motorea triangelu tentsioan elikatuta geratuz.
S1Q - K1M - K2M - tenporizazioa (K1T) - K3M (K2M off)