Motibazioa, Emozioak eta Agresibitatea: Teoriak eta Ikuspegiak

Psikologia eta soziologia4,95 KB

Motibazioen Sailkapena

Motibazioak sailkatzeko orduan, motibazio fisiologikoak eta sozialak bereiz ditzakegu. Motibazio fisiologikoak organismoaren behar fisiologikoetan sortzen dira, gorputzaren autoerregulazio prozesuetan; batzuk jaiotzen garenetik ditugu (gosea, logurea, egarria) eta beste batzuk gure organismoaren oreka dute helburutzat (arnasa hartzea, lo egitea).

Motibazio sozialak gizarteratze prozesuan bereganatzen ditugu eta ezberdinak izaten dira, pertsonen ezaugarrien eta kulturaren arabera direlako. Adibidez, gure kulturan arrakasta lortzeko zenbait motibo daude: dirua, ospea, giza-harremana; motibo batzuek lotura dute behar fisiologikoekin, baina beste kasu batzuetan ez (diruak ez du fisiologiarekin loturarik).

Maslow psikologia humanistaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da. Beraren ustez, motibazioen (edo beharren) alderdi garrantzitsuena integratuak eta hierarkikoak direla da; hau da, motibazioek haien arteko lotura dute, behar batzuk goi-mailakoak dira eta ezin dira ase azpiko beharrak asetu arte. Gorengo beharra gizakiari asetasun edo osotasun sentimendua ematen dion autorrealizazioa da.

Batzuetan gerta daiteke bi motibazio aldi berean edukitzea. Orduan, gatazkan dauden bi motiboei aurre egiteko, Pieronek hau proposatzen du: Alde batetik, hautatu ahal duzu bat, beraz, motiboetariko bat ahaztea izan litzateke aukera bat. Beste aldetik, motibazioaren helburua alda dezakezu eta eskuragarriagoa den beste bat hautatu ahal duzu; honekin, nahiz eta helburua aldatu, funtsezko motibazioa ez duzu aldatzen.

Motibazioen Teoriak

  • Ikuspuntu konduktista: motibazioa estimuluaren eta erantzunaren arteko loturak azaltzen dituzten motiboak dira.
  • Psikoanalisiaren teoria: bulkada inkontzienteak dira giza jokabidea motibatzen dutenak.
  • Homeostasiaren teoria: organismoaren hutsune bat edo behar bat asetzeko motibatzen da; hau da, motibatzen garenean gure organismoaren beharrak orekatzen saiatzen gara, beraz, motibazioa da oreka osoa bilatzea.
  • Teoria kognitiboa: ezagutzaren balioa motibatzaile gisa, gure helburuak dira gure jokaerak motibatzen dituztenak.

Humanismoa

Motibazioa autorrealizazioa lortzean datza, eta Maslow izan zen horren defendatzaile nagusia.

Emozioak, Sentimenduak eta Pasioak

Erreakzio afektiboei buruz hitz egiterakoan, hiru era desberdin daudela esan genezake: emozioak, sentimenduak eta pasioak; eta hirurak, nahiz eta introspekzionistak izan, ezberdinak dira:

  • Emozioak: bat-batean agertzen diren egoera afektiboak dira, azalekoak, eta oso gutxi irauten dute.
  • Sentimenduak: egoera afektibo konplexuagoak dira, barrukoak, eta emozioak baino egonkorragoak eta iraunkorragoak, baina intentsitate gutxiagokoak.
  • Pasioak: aurreko bien ezaugarriak ditu, hau da, emozioen indarra eta intentsitatea, eta sentimenduen egonkortasuna eta iraunkortasuna.

Gaur egun, hiru hauen arteko ezberdintasunak ez dira kontuan hartzen; emozioak barne zein kanpo-egoerek eragindako jokabideak dira. Estimulua desagertu ondoren ere iraun egiten dute, erraz edo zail, eta motibazioa sor dezakete. Alderdi fisiologikoz gain, kulturak eta gizarteak ere badute zerikusirik.

Agresibitatearen Teoriak

  1. Freuden hil-irrika: Freuden iritziz, edozein organismoaren joera nagusia plazera bilatzea da, tentsioak lasaitzea, estimulu guztietatik askatzea. Agresibitatea gure tentsioak lasaitzeko bidea da; lasaitzea lortuko ez bagenu, gure buruari eraso egingo genioke eta geure buruaz beste egitera bultzatuko gintuzkete.
  2. Bulkada pilatzearen teoria: honen arabera, agresibitatea barne-indarra da. Konrad Lorenzek esaten zuen eraso egiteko gogoa instintuaren nerbio-zentroetan jaiotzen da eta burutu arte ez da desagertzen. Organismoak jokabide oldarkorra agerrarazten ez badu, energia agresibitatea kontrolatzen duen zentroan pilatzen joango da eta atera egingo da edozein ekintzaren bidez.
  3. Frustrazioa eta agresibitatearen teoria: Dollar eta bere laguntzailearen arabera, agresibitatea frustrazioaren ondorioa da, eta eragiten duten batez ere espero ez diren frustrazioak izaten dira.
  4. Ikastearen teoria konduktista: honek ez du onartzen gizakiaren instintu oldarkorra berezkoa denik, ikastearen prozesuaren ondorio dela baizik. Ikastea bi prozesuren bidez gertatzen da: indartze zuzena eta moldaketa soziala. Pertsonak bere garapen prozesuan zehar agresibitateari aurre egin behar dio eta mugen barne mantendu. Prozesu hori eraso gizarteratzeko prozesua da eta probetxuzko indarra izan daiteke.

Pertsonak bere garapen prozesuan zehar agresibitateari aurre egin behar dio eta mugen barne mantendu. Prozesu hori eraso gizarteratzeko prozesua da eta probetxuzko indarra izan daiteke.

Deskargatu

PDF Word HTML