Migrazioak Espainian: Barne eta Kanpo Mugimenduak

Geografia5,76 KB

Barruko Migrazioak

Herrialde baten barruan egiten diren mugimenduak dira. XIX. mendearen amaieratik 1975era arte garatu zen batez ere, eta ezaugarri hauek zituen:

  • Motibazio nagusia lana zen.
  • Emigranteak landa-guneetatik hiri industrializatuetara joaten ziren.
  • Batez ere prestakuntza-maila txikiko pertsonak izaten ziren.

Barruko Migrazio Mota Tradizionalak

  1. Urtaroko eta aldi baterako migrazioek XIX. mendearen amaieran eta 1960ra arte jo zuten gorena. Itzultzeko asmoz egiten zen, batzuetan nekazaritzari lotutako urtaroko lanak egiteko eta beste batzuetan eraikuntza, industria edo zerbitzuei lotutako aldi baterako lanetarako ziren.
  2. Nekazaritza exodoa 1900 eta 1975 bitartean gertatu zen batez ere. Iraupen luzekoa izaten zen, eta arrazoi nagusia diru-sarrera, lan eta bizimodu hobea bilatzea zen. Gehienbat Galiziakoak, penintsulako barrualdekoak eta Andaluziakoak ziren emigranteak, eta industria-guneetara jo zuten (EAE, Madril, Katalunia), baina baita turismo-inguruetara ere (Balearrak, Kanariak).
    • XX. mendearen hasieran bolumen moderatua izan zen. Nekazariek industriara jo zuten (Madril, Bartzelona, EAE).
    • Gerra Zibilean eta gerraostean industriako lan-eskaintza murriztu zen.
    • 1950 eta 1975 bitartean bolumen handia: Nekazaritza tradizionalak krisia izan zuen, eta turismo-booma izan zen eta lan-eskaintza zabala zegoen.
    • 1975etik aurrera exodoak behera egin zuen. Industria-inguruek erakargarritasuna galdu zuten.
    • Gaur egun, nekazaritza-exodoa oso txikia da.

Barruko Migrazio Tradizionalen Ondorioak

  • Demografian: Banaketa desorekatu bat sortu zen, nekazaritza-guneak hustuz eta periferietan dentsitatea handituz. Landa-biztanleria zahartu zen, eta hirikoa gaztea zen.
  • Ekonomian: Gazteek alde egitean produktibitatea eta etekinak murriztu ziren.
  • Gizartean: Integrazio- eta asimilazio-arazoak, landatik hirira joatean.
  • Ingurumenean: Hirietan kutsadura, zaratak, etab.

Gaur Egungo Barruko Migrazioen Ondorioak

  • Laneko migrazioak: Desoreka demografiko eta ekonomikoak areagotzen dira.
  • Egoitza-migrazioak: Udalerri txikietan gizarte-aldaketak eragiten dituzte. Hirigune igorleak zahartu egiten dira eta periferian biztanleria areagotzen da.
  • Itzulerako migrazioak: Biztanleriaren zahartzea eragiten dute, itzultzen diren asko erretirodunak izaten baitira.
  • Pendulu-mugimenduak: Zirkulazio-arazoak eragiten dituzte puntako orduetan, hirien sarreretan batez ere.

Kanpoko Migrazioak

Herrialdetik kanpo egiten diren migrazioak dira. XIX. mendetik 1975era, Espainiatik jende asko joan zen, Amerikara eta Mendebaldeko Europara batez ere, baina gaur egun joerak aldatu eta immigrazioa areagotu egin da Espainian.

Ozeanoz Bestaldeko Emigrazioa

Latinoamerika zen jomuga nagusia, baina baita Estatu Batuak, Kanada eta Australia ere. Emigrazio iraunkorra izan zen, baina aldi baterako lanak egiteko emigrazioa ere egon zen (eraikuntza, nekazaritza, etab.).

Bi loraldi eta bi krisialdi bereizten dira:

  1. Lehen loraldia: XIX. mendetik Lehen Mundu Gerrara. Hasieran Amerikarako emigrazioa asko murriztu zen, baina joera aldatu egin zen 1853tik aurrera.
    • Latinoamerikan immigrante beharra zegoen azpiegiturak eraikitzeko, ekonomia sustatzeko eta populatzeko; beraz, immigrazioa erraztu zen.
    • Espainiak emigrazioa erraztu zuen, eta gazte askok hiru urteko soldadutza saihesteko emigratu zuten. Jomuga nagusiak Argentina, Kuba eta Brasil ziren.
  2. Lehen krisialdia: Lehen eta Bigarren Mundu Gerren artean. Gerrek segurtasun eza sortu zuten, eta 1929ko krisiak Latinoamerikan garapena gutxitu zuen. Horrez gain, Gerra Zibilean eta horren ondoren, Espainiak garraio-eskasia zuen, eta emigratzeko zailtasunak agertu ziren.
  3. Bigarren loraldia: 1945-1950. Jatorri nagusiak Galizia eta Kanariak ziren, eta jomugak, aldiz, Venezuela, Argentina eta Brasil. Emigranteek prestakuntza-maila handiagoa zuten, eta herrialde askok gazteak behar zituzten, ekonomia eta industria garatzeko.
  4. Bigarren krisialdia: 1960tik aurrera. Europako emigrazioak garrantzia lortu zuen, eta Latinoamerikak erakargarritasuna galdu zuen.

Europarako Emigrazioa

  1. XX. mendearen erdialdera arte, migrazio urria eta aldi baterakoa izan zen. Batez ere Levanteko landa-guneetatik Frantziara eman zen.
  2. 1950 eta 1973 artean Europarako emigrazioa areagotu zen.
    • Europan, Bigarren Mundu Gerraren ondorengo berreraikitzearen ondorioz, lan-eskaintza zabala zegoen.
    • Espainian hazkunde demografikoa egon zen, eta nekazaritza-biztanleria soberan zegoen. Horren ondorioz, emigrazioa areagotu zen.

Jatorria Estatu osoan zehar zabaldu zen, baina Galizia eta Andaluzia izan ziren nagusienak. Jomuga nagusiak Frantzia, Alemania Federala eta Suitza ziren.

Emigranteak gazteak eta prestakuntza urrikoak ziren, eta soldata txikiko lanak egiten zituzten, eraikuntzan eta meatzaritzan adibidez.

  1. 1973tik aurrera, emigrazio iraunkorrak behera egin zuen, eta gaur egun oso txikia da. Batez ere, urte-sasoiko eta aldi baterako emigrazioa da.

Kanpoko Migrazioaren Ondorioak

  1. Demografikoak: Biztanleria gutxitu egin zen, eta banaketa irregularra zegoen.
  2. Ekonomikoak: Alde batetik, langabezia gutxitu zen eta Estatuko garapen ekonomikoa finantzatu eta defizita murriztu zen (positiboa). Bestetik, aurrezkiek ez zieten emigranteen sorlekuei mesederik egin (negatiboa).
  3. Gizarte-ondorioak: Deserrotzea eman zen, jomugako hizkuntza eta ohitura desberdinak zirelako.

Kanpoko Emigrazioa Gaur Egun

Espainia ez da emigrazio-herrialdea. Prestakuntza handiagoa dago, eta lanbide hobeagoak daude. Bizi-mailak gora egin du.

Deskargatu

PDF Word HTML