Metafisika eta Ontologia: Izatearen eta Errealitatearen Azterketa
Metafisika: Zer Aztertzen Du?
Aristotelesek berak adierazi zuen filosofo presokratikoak izan zirela metafisika deritzon gogoeta arrazionalari ekin ziotenak. Gauza guztien iturburu, jatorri eta funtsa bilatzen ahalegindu zirenak, eta horri arkhe esan zioten.
Metafisikaren garapenean oinarri-oinarrizkoak izan diren bi ildo bereiziz joan ziren:
- Izatearen eta errealitatearen azterketa (Ontologia): Haien ezaugarri eta atributuen azterketa.
- Errealitatearen oinarrizko kausen eta printzipioen azterketa (Teologia Naturala).
Ontologia: Izatearen eta Errealitatearen Azterketa
Errealitate esaten diogun hori ez da, ba, engainu bat izango, ilusio bat, itxura hutsa besterik ez? Zein da benetako errealitatea? Hauxe da geure buruari egin beharreko galdera: zer da errealitatea?, zer da izatea? Halaxe eratu zen XVII. mendean, ontologia deritzon filosofiaren adarra: Leibnizen esanetan, ‘badenaren eta ez denaren zientzia, entitatearena eta ez-entitatearena, gauzena eta haien moduena, substantziarena eta akzidenteena’.
Ontologiaren Hastapenak
Izateari eta errealitateari buruzko azterketa bi bereizketa hauetatik abiatzen da:
- Itxura/Errealitatea bereizketa: Itxurak ez dauka zertan bat etorri gauzaren errealitatearekin; are gehiago: baliteke itxurak gauza horren benetako errealitatea ezkutatzea. Azken adiera hori da nagusitu dena, itxura hutsaz haraindi zerbait badela uste izatera behartzen gaituena. Gauza orok du iturburu, kausa edo jatorri bat, eta sorburu horrek zentzumenen bidez hautematen duguna baino egia sendoagoa adierazten du.
- Izatea/Bilakabidea bereizketa: Transformazioa, mugimendua eta aldaketa oinarrizko hiru ideia horiek adierazten ditu bilakabideak. Heraklitoren esanetan, ezinezkoa omen da guztiz aldaezina den errealitaterik aurkitzea.
Arrazoimenak, ordea, egonkortasuna eta estatikotasuna bilatzen ditu funtsean. Hala, Parmenidesek bilakabidearen existentzia ukatu eta izate bakar, betiereko, banaezin eta iraunkor bat badelako ideia onartu beharra zekarrela.
Izatea Zer Den
Aristotelesek esaten zuenez: ‘izatea modu askotan esaten da’. Termino analogo bat da. Testuinguru horretantxe sortzen da izatearen auzia deritzona.
Substantzia eta Izatearen Akzidenteak
Etimologiari dagokionez, substantzia hitza latinezko substare aditzetik dator, eta ‘azpian egon’ edo ‘zerbaiten euskarri izan’ esan nahi du.