Metafisika Modernoa: Substantziaren Arazoa
Modernitatean aldatu egiten da errealitatea, izatea eta ezagutza aztertzeko modua. Erdi Aroko metafisikak izakia errealitate objektibo gisa aztertzen bazuen, Aro Modernoan interesa kontzientziara, subjektura eta ezagutzara pasatzen da. Gizakia bihurtzen da abiapuntu, antropozentrismoaren eta arrazoiaren autonomiaren ondorioz. Testuinguru horretan, arazo metafisiko nagusiak hiru izango dira: Jainkoa, Arima eta Mundua, eta kontzeptu giltzarria substantziarena da.
Descartesen Dualismo Ontologikoa
Eztabaida metafisiko modernoa Descartesek utzitako dualismo ontologikotik sortzen da. Descartesentzat errealitatea hiru substantziatan banatzen da:
- Res infinita: Jainkoa.
- Res cogitans: Nia edo arima.
- Res extensa: Gorputzak edo materia.
Substantzia da bere kabuz existitzeko gai den errealitatea. Arimaren eta gorputzaren arteko bereizketa erradikala da: arima pentsamendua da, eta gorputza materia hedatua. Bi substantzien artean ez dago lotura zuzena, eta horrek arazo handia sortzen du: nola elkarreragiten dute arimak eta gorputzak? Descartesek guruin pineala proposatu zuen elkargune gisa, baina konponbide hori ez zen nahikotzat jo.
Dualismoaren Kritika eta Alternatibak
Malebranche eta Okasionalismoa
Malebranchek konponbide okasionalista eman zuen. Dualismoa mantenduz, ukatu zuen bi substantzien arteko kausalitate zuzena. Bere ustez, Jainkoa da kausa bakarra: gertaerak okasio hutsa dira Jainkoak bere kausalitatea gauzatzeko. Gainera, bere ontologismoaren arabera, ideiak ez ditugu geuk sortzen, Jainkoarengan ikusten ditugu, hark ematen digun argitasunari esker.
Spinoza eta Monismo Panteista
Spinozak, berriz, dualismoa baztertu eta monismo panteista defendatu zuen. Substantzia bakarra dago: Jainkoa edo Natura. Arima eta gorputza errealitate beraren bi atributu dira, pentsamendua eta hedadura, eta ez dira benetan bi errealitate desberdin.
Leibniz eta Monadologia
Leibnizek monadologia eta aurrez ezarritako harmonia proposatu zituen. Substantziak monadak dira, sinpleak eta zatiezinak, eta ez dago haien arteko kausalitate zuzena. Jainkoak dena aldez aurretik programatu du, erlojugilearen metaforaren bidez azaltzen den moduan.
Horrela, eztabaida metafisiko modernoak Descartesen dualismoari erantzunak bilatu zituen, errealitatearen egitura ulertzeko.