Merkatuaren Hutsegiteak eta Estatuaren Esku-hartzea
Merkatuak esleitzea merkatuaren funtzioa da. Hala ere, ez dugu ahaztu behar merkatuaren eraginkortasun ekonomikoa baldintza idealetan gertatzen dela bakarrik. Baldintza horiek lortzen ez badira, merkatuaren hutsegiteak sor daitezke eta, orduan, estatuak esku hartzea komenigarria izan daiteke.
Merkatuaren Hutsegiteak
Merkatuak hiru hutsegite nagusi ditu:
- Lehia ez osoa: Monopolioek, oligopolioek eta lehia monopolistak osatzen dute.
- Kanpo-eraginak: Kanpo-eragina agertuko da, baldin eta, ekoizkin baten ekoizpenak edo ondasun baten kontsumoak salerosketan parte hartzen ez duten kontsumitzaileei edo enpresei zuzenean eragiten badie, eta eragin horiek merkatuko prezioetan osorik islatzen ez badira.
1. Ekoizpenean Izandako Kanpo-ondorio Negatiboak
Baratze bat dugu, paper-fabrika batek hondakinak isurtzen dituen errekan behera. Kanpo-eragin kaltegarria izango dugu, paper-fabrikaren jarduerak eragin negatiboa eta kaltegarria duelako barazkien kalitatearen eta ekoizpenaren gain.
2. Ekoizpenean Izandako Kanpo-ondorio Positiboak
Aurrerapen teknologikoak daramatzaten ondasunak ekoizteak, enpresa ekoizleei ez ezik, gizarte osoari ere on egiten dio, gizartearen ezagupen teknologikoen ondarean sartzen direlako. Kanpo-eragin positibo hau teknologiaren zabaltze-efektua da.
3. Kontsumoan Izandako Kanpo-ondorioak
Kontuan izan behar da kanpo-eragin batzuek kontsumoarekin dutela zerikusia. Tabakoak erretzeak, esaterako, kanpo-eragin negatiboak izaten ditu erretzaileen gertu dauden kontsumitzaileengan. Hezkuntza-kontsumoak, berriz, kanpo-eragin positiboak ekartzen ditu, hezitako herriak gizarte hobea lortzen laguntzen baitu. Kontsumoan izandako kanpo-eragin negatiboei dagokienez, merkatua gizarteak egokitzat jotzen duenera hurbiltzeko, gobernuak zergak ezar ditzake. Kontsumoan izandako kanpo-eragin positiboei dagokienez, berriz, dirulaguntzak ematea da egokiena. Eta horrela egiten dute gobernuek: tabakoaren gaineko zergak ezartzen dituzte, eta hezkuntzarako dirulaguntza handiak ematen.
Zergek kanpo-eragin negatiboen ondorioak zuzentzea dute helburu.
- Informazio ez osoa: Informazio gutxiegi egotea erosteko garaian, askotan informazioa ezkutatzea (autoen kilometroak, adibidez).
Estatuaren Tresnak Kanpo-eraginei Aurre Egiteko
- Gizarte-erregulazioak: kontrol zuzenak edo arauak.
Kanpo-eraginei aurre egiteko, kontrol zuzenak ezartzen dituzte estatuek. Kontrol horien bidez, kutsadura kontrolatzeko erabili beharreko teknologia eta non erabili behar den esaten du estatuak.
Kontrol zuzen horiek ia erabat eragozten dute metodo berriak erabiltzea edo enpresek beste enpresa batzuekin negoziatzea. Horrez gain, kontrol zuzenek ez dute bereizketarik egiten enpresen, eskualdeen edo industrien artean. Izan ere, arauak berdin-berdinak izan ohi dira enpresa handietarako eta txikietarako, landa- edo hiri-eremuetarako, eta asko kutsatzen duten edo gutxi kutsatzen duten industrietarako.
Kutsadurari buruzko arauak prestatzerakoan ez dituzte etekinak eta kostuak behar bezala alderatzen, eta ezinezkoa da kutsadura-kontrolaren eraginkortasun-maila zehaztea.
- Merkatuan oinarrituriko neurriak: zergak eta lizentziak.
Kanpo-eraginek, eta batez ere kutsadurak, eragindako ez-eraginkortasunari aurre egiteko, merkatuak eskainitako pizgarri ekonomikoak ere badaude. Ildo horretan, bi tresna erabili ohi dira: hondakinengatiko zergak eta kutsadura-lizentzia trukagarriak.
Hondakinengatiko zergek ekoizkin kutsatzailearen unitate bakoitzeko zerga bat ordaintzera behartzen dute enpresa, kanpo-eraginak sortu duen kaltearen adinakoa.
Kutsadura-lizentzia trukagarrietan, enpresak kutsadura eragiten duen unitate bakoitzagatik ordaintzera behartu ordez, agintariek gehienezko kutsadura-maila zehazten dute, eta eskainiko duten lizentzia-kopurua aukeratzen dute.
Enpresek elkarri truka diezazkiokete lizentziak: kutsadurari aurre egiteko inbertsio txikia behar duen enpresak kutsadura murriztuko du eta lizentzia gehiago behar dituen enpresari salduko dizkio. Enpresa kutsatzaile askok, planta berriak eraikitzeko edo hondakin-kopurua murriztu ezinean daudelako, nahiago izaten dute lizentziak erosi kutsaduraren aurkako ekipo garestiak instalatu baino.
Kutsadura-lizentzia trukagarrien metodoak, neurrizko kostuak izanik, kutsadura murrizteko helburuak betetzen ditu.