Merkataritza Jarduera: Barne Merkataritza eta Joerak
1. Merkataritza-jarduera eta barne-merkataritza
Merkataritza-jarduera zabala eta konplexua da, etxe ondoko dendan egiten ditugun erosketak zein nazioarteko salerosketa handiak hartzen baititu.
- Barne-merkataritza: estatu baten barruan egiten diren salerosketak.
- Kanpo-merkataritza: inportazioen eta esportazioen bidez estatuen artean egiten diren salerosketak.
1.1. Barne-merkataritza
Merkataritza-jardueraren garrantzia bi arlotan nabaritzen da: gizartean, hari esker eguneroko bizitzan behar ditugun produktu guztiak eros ditzakegulako, eta ekonomiaren arloan, aberastasun handia eta lanpostu ugari sortzen dituelako. Oro har, bi merkataritza mota bereizten dira:
- Handizko merkataritza: banaketa-enpresa handiek salgai-kopuru oso handiak erosten dituzte, merkatariei saltzeko.
- Txikizkako merkataritza: txikizkariek kopuru txikian saltzen diete kontsumitzaileei.
1.2. Gaur egungo joerak
Merkataritza-sektorea etengabe aldatzen da. Behin eta berriro egokitu behar da kontsumo-ohituretara, eta kontsumo-ohiturak etengabe aldatzen dira publizitatearen eraginez.
- Produktuak aukeratzeko era berriak: produktu paketatuek eta etiketatuek alekako produktuak ordezkatu dituzte. Hala, bezeroek zuzenean har ditzakete salgaiak (autozerbitzua). Badaude, gainera, saltokiaren markarekin merkaturatzen diren produktuak; marka zuriak deritze.
- Aurrerapen teknikoak: merkataritzan aurrerapen tekniko ugari erabiltzen dira: izoztea, barra-kodea eta teleerosketa.
- Saltzeko estrategiak: gehiago saltzeko, denda askok merkealdiak eta sustapen-kanpainak egiten dituzte. Gainera, erosketak ordaintzeko erraztasun handiagoak eskaintzen dizkiete bezeroei: epeka, kreditu-txartelen bitartez, eta abar.
- Enpresa mota berriak: merkataritzaren arloko enpresa mota berriak sortu dira, adibidez frankiziak. Egungo beste formula bat outletena da, prezio txikiagoak eskaintzen dituztenak.
- Saltokien dibertsifikazioa: ez dira desagertu ohiko saltokiak, baina saltoki mota berriak agertu dira merkatuan: hipermerkatuak eta saltoki-guneak.
Outlet-en ezaugarriak
Outletak: produktu mota hauekin jarduten duten denda espezializatuak dira: aurreko denboraldiko jantziak, ekoizleen soberakinak edo estatuko zein nazioarteko enpresen prototipoak. Bezeroek oso merke eros ditzakete gauzak.