Mendelen Legeak: Ilarren Herentziaren Esperimentuak
Lehen Esperimentu Multzoa
Materiala
Karaktere bakarraren bidez desberdintzen ziren bi landare mota erabili zituen: hazi horikoak eta hazi berdekoak.
Urratsak
- Lineak puruak lortzea: Autoernalketa bidez gurutzatutako banakoek beren ezaugarri berdinak zituzten ondorengoak sortzen zituztela egiaztatu zuen. Horretarako, hazi horiko landareak gurutzatu zituen hainbat belaunalditan zehar, ondorengotzan hazi horiko landareak bakarrik egongo zirela ziurtatzeko. Gauza bera egin zuen hazi berdeko landareekin.
- Gurutzaketa: Hazi horia zuten linea puruko landareak eta hazi berdea zuten linea puruko landareak gurutzatu zituen modu artifizialean. Landare horiek gurasoen belaunaldia (P) osatzen zuten.
Emaitzak
Lehen ondorengoak edo lehen belaunaldiko (F1) landare hibridoak lortu zituen; landare horiek guztiek hazi horiak zituzten. Beste karakterea, kolore berdea, ez zen agertzen belaunaldi horretan. Ondorengotza beti zen uniformea.
Landarean ikusten ziren zazpi karaktereekin errepikatu zuen esperimentua, eta emaitza bera lortu zuen guztiekin.
Ondorioak
Lehen belaunaldiko landare hibridoetan agertzen zen karaktere horri, kolore horiari, gainartzailea deitu zion, eta agertzen ez zenari, kolore berdeari, azpirakorra.
Bigarren Esperimentu Multzoa
Materiala
Lehen belaunaldian lortutako landare hibridoak erabili zituen.
Urratsak
Autoernalketa: Lehen belaunaldian lortutako landareen (F1) loreetako polena landare beraren estigmekin elkartzen utzi zuen.
Emaitzak
Lehen belaunaldian ezkutuan gelditutako karaktere azpirakorra, hazi berdeena, bigarren belaunaldian (F2) berriz azaltzen zela ikusi zuen. Konturatu zen lortutako ondorengotza ez zela uniformea: 4 landaretik 3k karaktere gainartzailea, kolore horia, zuten, eta 1ek karaktere azpirakorra, kolore berdea, zuen.
Ondorioak
Karaktere bakoitza herentziazko bi faktorek erabakitzen zuten; bakoitza gurasoetako batetik zetorren eta banandu egiten ziren gametoak sortzean. Horregatik, herentzian jasotzen zirenak ez ziren karaktereak, karaktere horiek erabakitzen zituzten herentziazko faktoreak baizik. Faktore horiek ondorengotzan agerian egon zitezkeen, edo ez.