Matxinadak Europan eta Euskal Herrian (XVII-XVIII. mendeak)

Historia2,86 KB

Bizkaia: Gatzaren estankoa (1631)

Gatza haragia eta arraina kontserbatzeko oso preziatua zen. Espainiako Filipe IV.ak gatzaren estankoa (zerga) % 44 igotzea erabaki zuen, 1631n. Gernikako Batzar Nagusiek zerga hura foruen aurkakoa zela adierazi zuten. 1635ean, matxinaden aitzindariei heriotza-zigorra ezarri zitzaien.

Granada: Gosetearen matxinada (1648)

Granadan, 1648an, uzta txarraren ondoriozko goseteak eraginda, hango agintariaren aurkako matxinada izan zen. Herritarren ustez, gobernadoreak herritar aberatsei bakarrik banatzen zien garia. Koroak gobernadore hura kargutik kendu zuen.

Napoli: Masanielloren matxinada (1647)

1647an, Napolin, Masaniello arrantzaleak herri xehearen matxinada bat bideratu zuen, espainiar agintariek ezarritako zerga-igoera zela eta. Matxinada asko zabaldu zenez, Espainiako erregeordea agertu zen, eta Masaniellorekin akordio bat egin zuen, hura kapitain nagusi izendatzeko. Hala ere, ondoren, Masaniello hil egin zuten eta matxinada ezerezean geratu zen.

Lapurdi: Urtubiko jaunaren aurka (XVII. mendea)

Lapurdiko biztanleak Urtubiko jauntxoaren aurka matxinatu ziren XVII. mendearen hasieran, beren lurrak eta ibaiak bereganatzen zituelako.

Alemania: Nekazarien matxinada (1525)

1525ean, Alemaniako nekazariak matxinatu egin ziren, egoera feudalak okerrera egin zuelako. Horri garai hartako planteamendu erlijiosoak gehitu zitzaizkion, Luteroren protestantismoa zabaldu nahi zutelako. Berehala zabaldu zen matxinada inguruko lurraldeetara. Jauntxoek 130.000 nekazari hil zituzten Alemania, Austria, Suitza eta Borgoinan.

Katalunia: Segalarien Matxinada (1640)

1640an, Katalunian, Espainiako armadak Katalunian egiten zituen lapurreten aurkako Segalarien Matxinada (Els Segadors) gatazka politiko bihurtu zen, eta Kataluniak Espainiako erregetzarekiko independentzia aldarrikatu zuen. Ekintza hura Espainiako armadak zapaldu bazuen ere, horri buruzkoak dira Kataluniako gaur egungo ereserkiaren hitzak.

Zuberoa: Matalasen matxinada (1661)

1661ean, errege-mosketarien kapitain Iruriko kondeak Zuberoako lurrak bereganatu eta zergak igotzeko saioa egin zuen. Bernard Goienetxek, Matalas apaizak, nekazarien matxinada bultzatu zuen, baina urkatu egin zuten eta matxinada amaitu egin zen.

Bizkaia: Aduanen matxinada (1718)

1718an, Bizkaian, Busturialdean, Bilbon eta inguruetako herrixketan matxinada bat sortu zen. Filipe V.ak aduanak lehorreko portuetatik (Balmaseda, Urduña eta Gasteiz) kostaldera eraman nahi izan zituelako, eta horrek herri xehearen egoera okertuko zuelako; izan ere, elikagai gehienak itsasoz ekartzen zituzten, aduana-zergarik ordaindu gabe. Errepresio latzaren ondoren, 1723an aduanak barnealdera mugitu zituzten berriro.

Deskargatu

PDF Word HTML