Marxismoaren Testuinguru Filosofiko eta Ekonomikoa
Testuinguru filosofikoa
Marxek hiru iturri nagusitatik jaso zuen eragina:
- Idealismo hegeliarra eta ezker hegeliarra: Bereziki Feuerbach, Hegel eta Marxen arteko zubia izan zena.
- Sozialismo utopiko frantsesa: Proudhon, Fourier eta Saint-Simon.
- Ekonomia klasiko ingelesa: Adam Smith eta David Ricardo.
1. Hegelen idealismoa eta dialektika
Marxek Hegelen zenbait kontzeptu hartu zituen, baina modu ezberdinean interpretatu zituen:
- Errealitatearen osotasuna: Errealitatea sistema bat da, non gertatzen den guztia nahitaezkoa den.
- Mugimendua: Ez dago ezer finkorik, dena aldatzen da.
- Dialektika: Dena bere kontrakoarekin talkan dago (tesia eta antitesia). Ezeztapenaren ezeztapena (sintesia) aurrerakuntza edo gaindipena da.
- Prozesu historikoa: Natura eta historia kontrakoen bidez eta sintesi goragokoen bidez garatzen dira.
- Dialektika materialista vs. idealista: Hegelen arabera errealitatea ideala da; Marxek, aldiz, materiala dela defendatuko du.
- Historiaren zentzua: Historiak zentzu progresiboa du. Hegelen ustez, estatu prusiarrarekin amaitzen zen; Marxentzat, aldiz, komunismoarekin.
- Alienazioa: Kontzeptu honek gauza baten esentziala den zerbait arrotz bihurtzea adierazten du.
2. Sozialismo frantsesa
Parisera joan zenean, Marxek Proudhon, Fourier eta Saint-Simon ezagutu zituen. Haien helburuarekin bat zetorren: kapitalismo basatiak langileei inposatzen zizkien bizi-baldintza latzen aurkako gizarte berri bat sortzea. Hala ere, sozialismo utopikotzat jo zituen, haien aldaketa-proposamenak borondate onean oinarritzen zirelako, ez historiaren analisi zientifikoan. Marxek, aldiz, sozialismo zientifikoa planteatu zuen, aldaketa soziala lege historikoen ondorioa dela argudiatuz.
3. Ekonomia klasikoaren kritika
1849an Marx Londresera joan zen eta han bizi izan zen 1883ra arte. Adam Smith eta David Ricardoren lanak aztertu zituen. Haien analisi-tresnak erabili arren, kritika bat egin zien: ekonomia kapitalistaren printzipioak aldaezintzat jotzea. Marxentzat, kapitalismoa historiaren momentu jakin bateko sistema ekonomikoa da; beraz, bere legeak ez dira naturalak eta alda daitezke.