Marketin Kontzeptu Giltzarriak: Gida Osoa
Marketin Kontzeptu Giltzarriak
Stock Haustura
Enpresako biltegia izakinik gabe geratzen deneko egoera da. Honek ekoizpen prozesua etetea eragin dezake eta, ondorioz, enpresak eskaerari ezin erantzun. Stock hausturek enpresari kostu handiak ekar diezazkiokete, eta era berean, biltegian izakinak edukitzeak ere bai. Horregatik, inbentarioen kudeaketa egoki batek stock haustura ekidin beharko du, betiere izakinen kostu txikiena bilatuz.
Merkatu Ikerketak
Merkatu baten ezaugarriak jakiteko eta enpresarentzako talde nabarmenetan segmentatzeko, merkatu objektiboa aukeratzeko eta, azken finean, arrakasta izan dezan marketin plangintza bat gauzatzeko, enpresak kanpo informazioa biltzeko tresna da. Laburbilduz, erabaki egokiak hartu eta helburuak lortzeko enpresak duen tresnetako bat.
Merkatu Segmentazioa
Merkatua azpimultzo homogeneoetan banatzean oinarritzen den teknika. Azpitalde bakoitzarentzat estrategia komertzial ezberdinduak aplikatuko dira eta, horrela, bakoitzaren beharrak hobeto asez, enpresa bere helburu komertzialak lortzen saiatuko da. Segmentaziorako hainbat irizpide erabil daitezke: objektiboak (sexua, adina…), soziologikoak (baloreak, bizimodua…) eta kontsumo-jarrerakoak.
Logistika
Ekoizpena eta kontsumitzailea denboran eta distantzian modurik eraginkorrenean elkartzeko egiten diren eragiketen multzoa da. Logistikak eskaeraren bideratzea, materialen erabilera, enbalatzea, biltegiratzea, inbentarioen kontrola, garraioa, entregatzea eta salmenta osteko zerbitzuak hartzen ditu barne. Logistikaren helburua kostuak murriztea da, enpresaren errentagarritasuna handitzeko.
Produktu-lerroa edo Gama
Enpresa batek bezeroei eskaintzen dien produktu sorta bat da, ezaugarri homogeneoak dituena, baina bezeroei aukera ezberdinak eskaintzen dizkiena. Produktu-lerroa kolore, prezio, tamaina eta ezaugarri tekniko berezietan oinarritzen da gehienetan. Gama baten eraketak helburu ezberdinak ditu: fidelizazioa, segmentazioa, produktuaren bizi-zikloa agortu aurretik aldaera berriak merkaturatu, etab.
Sustapena
Enpresak bere produktua ezagutarazteko, enpresaren irudia indartzeko edota salmentak handitzeko, jendea produktua erostera bultzatzeko erabiltzen dituen baliabideak. Sustapenaren helburua produktua badagoela komunikatzea, bere ezaugarri eta abantailak ezagutaraztea eta asetzen dituen beharrak azaltzea da. Erosle potentzialak konbentzitu eta bezero direnei produktuaren abantailak gogorarazi. Sustapenaren hiru oinarrizko helburuak hauek dira: informatu, konbentzitu eta gogorarazi.
Bigarren Marken Estrategia
Merkatua zabaltzeko, enpresa garrantzitsuek erabilitako estrategia da. Bigarren marka bat merkaturatzen dute produktu berdinerako, segmentu desberdinetara iritsiz. Helburu nagusia lehiakideen merkatu kuota ahalik eta gehien murriztea eta enpresarena ahalik eta gehien handitzea da.