Manuel Larramendi: Euskal Pizkundea eta Foruen Galtzea
Manuel Larramendiren Lan Nagusiak
El imposible vencido. Arte de la Lengua Bascongada (Ezina, egina) (1729)
Euskal gramatika ezinezkoa zela ziotenei ezin erantzun tinkoagorik eman. Gaztelaniatik abiatuta euskara ikasteko metodoa bada ere, euskarazko lantzat har daiteke. Hiru ataletan banatzen da: deklinabidea eta aditza, sintaxia eta prosodia (azentuaren azterketa).
Diccionario trilingüe: Castellano, Bascuence y Latín (Hiztegi hirueleduna) (1745)
Larramendiren lanik eztabaidagarriena da, eta horregatik, agian, ezagunena. Bere akats eta guzti, eragin handia izan du euskal literaturan. Erdarazko hitz guztiei euskal ordaina eman nahi die, eta horrek hitzak asmatzera eraman zuen behin baino gehiagotan. Berak asmatutako hitzak eta herrian jasotakoak ez bereizteak nahasmena sor dezake. XIX. mendean garbizaleek ere neologismoak sortzeko bideari heldu zioten, geroago ikusiko dugun bezala. Dena den, Larramendik berak herriko euskara erraz eta aberatsa erabili zuen bere euskarazko lanetan.
Kritika eta Ekarpenak
Aipatutako iritziak kontuan hartuta, hauek dira Larramendiri zor zaizkion ekarpen nagusiak:
- Hegoaldeko euskal literatura idatziaren eragile zuzena izan zen.
- Euskal Herria eta euskara munduan harrotasunez erakusteko jarrera sustatu zuen.
- Euskara ez ezik, euskal ohiturak, gizartea eta politika ere landu zituen.
- Haren hiztegiak, akatsak gorabehera, ondorengo idazleengan eragin handiena izan duena da.
Historia: XIX. Mendeko Testuingurua
XIX. mendea bizi-bizia izan zen Euskal Herrian. Mendea Napoleonen gerren eta politikaren nahasmenarekin hasi zen, eta erdialdera bi karlistaldien astindu latza jaso zuen gure herriak.
Lehen Karlistaldiak (1833-1839), lehendik ere ahulbidean zeuden foruak gainbehera larrian jarri zituen. Lehen Karlistaldi hura Bergarako besarkada ezagunarekin amaitu zen. Bigarrena 1872tik 1876ra bitartean gertatu zen. Gerraren amaierak, 1876an, Hegoaldeko lau foruen abolizioa ekarri zuen. Horrek ondorio politiko nabarmenak eragin zituen, gaur egunera arte irauten duten arrastoak utziz.
Foruak Hego Euskal Herriko ohituren bilduma eta bizimoduaren araubidea ziren. Erdi Aroaren amaiera aldera idatziz jaso ziren, eta gizarteaz, ekonomiaz, zuzenbideaz eta, oro har, herriaren antolakuntzaz ziharduten legeak ziren. Mundu-ikuskera oso baten antolakuntzaren ardatza ziren, beraz, izan zitzaketen alde on eta txarrekin. Hain lege zaharrak izateak ez du esan nahi, jakina, ez zirenik eboluzionatu, aldatu eta egokitu.
Foruak kentzean Euskal Herria galtzaile atera zelako ustea eta errealitate gordina une hartan bertan bizi izan zituen Euskal Herriak. Abolizioarekin batera, batez ere Hegoaldean, protesta eta erantzun beharra zegoela zioen giro politikoa indartu zen. Gero, mendearen amaiera aldera, protesta-giro horrek abertzaletasunaren mugimendua sustatu zuen.