Lurzoruaren horizonteak eta eraketan eragina duten faktoreak
Lurzoruaren horizonteak
Lurzoruaren horizonteen ezaugarriak eta hedadura aldatu egiten dira ingurune bakoitzean; lurzoru batek ez ditu zertan izan horizonte posible guztiak, eta haien arteko mugak bat-batekoak edo pixkanakakoak izan daitezke. Lurzoru ideal batek maila hauek izango lituzke, hurrenkera honetan antolatuak:
- O horizontea. Maila honen osagai ia bakarra material organikoa da, eta oxigeno, karbono dioxidoa eta azido organiko kantitate handia dago.
- A horizontea. Jarduera biologiko handi samarra du, baina materia minerala da nagusi (gainazalaren edo O horizontearen azpian).
- E horizontea. Kolore argiko eta materia organiko gutxiko geruza da. Elubiazio-horizontea.
- B horizontea. E horizontetik iritsitako materialen metaketa-eremu gisa ezagutzen da.
- C horizontea. Material parentalaren antzeko ezaugarriak dituen horizonte minerala.
- R horizontea. Lurzoruaren azpian dagoen arroka substratu kontsolidatua da.
Lurzoruaren eraketan eragina duten faktoreak
Lurzoruaren ezaugarriak eta izaera bost faktore hauen baterako ekintzak baldintzatzen ditu:
- Arroka ama edo material parentala. Meteorizazioaren osteko materia mineralaren iturria da. Arroka motak zerikusia du meteorizazio-abiaduran eta, hortaz, lurzoruaren eraketa-abiaduran. Arrokaren konposizioak lotura du lurzoruaren emankortasunarekin eta mantendu dezakeen landarediarekin.
- Denbora. Lurzoru bat bizkor eratu bada, arroka amaren konposizioak zehaztuko ditu bere ezaugarriak; prozesua luzea izan bada, berriz, klimak izango du eragin handiena. Oro har, zenbat eta denbora gehiago iragan, orduan eta lodiagoa izango da lurzorua eta orduan eta antzekotasun txikiagoa izango du arroka amarekin.
- Izaki bizidunak. Lurzoruaren propietate fisiko eta kimikoetan eragina dute eta materia organikoa ekartzen dute. Materia organikoaren iturri nagusia landaredia da. Materia organikoaren deskonposizioak mantenugaiak sortzen ditu eta lurzoruaren emankortasuna baldintzatzen du, meteorizazioa errazten duten azido organikoen eraketa eragiteaz gainera. Bakterioek, onddoek, ornogabeek eta protozooek eragindako deskonposizioaren amaierako produktua humusa da.
- Topografia. Aldaparen luzerak eta inklinazioak eragina dute higaduran eta ura hartzeko ahalmenean. Hegalaren orientazioa ere alderdi garrantzitsua da.
- Klima. Lurzoruaren eraketan eragin handiena duen faktorea da. Klima beroek eta klima hezeek meteorizazio kimiko bizia errazten dute, eta oso lurzoru lodiak eta joriak sortzen dira. Klima lehorretan eta muturreko tenperatura dutenetan, lurzoruak finak eta emankortasun gutxikoak izan ohi dira.