Lehen zatiketa meiotikoa: faseak eta prozesuak
Lehen zatiketa meiotikoa
Lau fase ditu: profase I, metafase I, anafase I eta telofase I.
I. Profasea
Fase honetan kromosomak eratzen dira, DNA molekulak kiribiltzen eta trinkatzen hasten direnean. Profasearen aurretik kromosomak bikoiztu egiten dira, eta, beraz, bi kromatida dituzte.
- Leptoteno: DNA harizpiak trinkotu eta kromosomak agertzen hasten dira; hauek bikoizturik daudenez, bi kromatida zuntz dituzte eta, beraz, lau beso.
- Zigoteno: Kromosoma homologoak (bi kromatida dituztenak) elkartzen hasten dira, paraleloan jarriz. Elkartze prozesu honi sinapsi deritzo. Sinapsia konplexu sinaptonemikoaren bitartez gertatzen da, hau da, bi kromosomen artean eratzen den harizpi proteiko baten bitartez.
- Pakiteno: Sinapsia amaitzerakoan hasten da eta banaketa edo desinapsiarekin amaitzen da. Fase honetan nabarmena da bi kromosoma homologoek lotura estua dutela (bi kromosoma daudenez, lau kromatida daude lotuak, tetrada izeneko egitura agertuz). Garrantzi handiko fenomenoa gertatzen da pakitenoan: kromatida homologoen arteko elkargurutzaketa edo crossing-over, zeinean geneak trukatzen diren.
- Diploteno: Kromosoma homologoak banatzen hasten dira (desinapsia) eta kiasmak agerian gelditzen dira, hau da, kromosomen arteko loturak.
- Diazinesia: Fase honetan kromosomak asko trinkotzen dira. Mintz nuklearra eta nukleoloa desagertu egiten dira. Ardatz akromatikoa agertzen hasten da.
I. Metafasea
Kromosomak mugitu egiten dira eta ardatz akromatikoaren erdialdean kokatzen dira. Meiosiaren metafasean, ardatz akromatikoan kromosoma homologoak jartzen dira.
I. Anafasea
Anafasean, kromosoma homologoak banatzen dira: homologoen bikotearen bat zelularen polo baterantz abiatzen da, eta bestea zelularen beste polora. Beraz, kromosoma-bikoteak banatzen dira.
I. Telofasea
Nukleoa eta nukleoloa denbora labur batentzat berragertzen dira, eta zitoplasmaren banaketa ere gertatzen da. Meiosiaren lehenengo zatiketaren ondorioz bi zelula agertzen dira, bakoitzak bere nukleoan ama-zelularen kromosomen erdiak dituena, baina kromosoma horiek bina kromatida dituzte.