Lehen Mundu Gerra Osteko Bakearen Antolaketa
Bakearen Antolaketa
Gerra amaitu eta hurrengo urtean gaude, 1919. urtean. Urtarrilaren 18an, herrialde garaileak batu ziren Parisko Konferentzian. Erabaki garrantzitsuenak Lauen Batzordea deiturikoak (Britainia Handia, AEB, Frantzia eta Italiak osatutakoa) adostu zituen. Ordezkari horiek izan ziren dena kontrolatzen zutenak eta, herrialde galtzaileek ezin zuten parte hartu; irabazleen erabakiak onartu behar izan zituzten, inolako protestarik gabe. Lauen Batzorde hori, lau gizonez osatuta zegoen: Woodrow Wilson, David Lloyd George, Georges Clemenceau eta Vittorio Emanuele Orlando. Ordezkari bakoitzak bere herrialdearen interesak defendatu zituen, haien artean oso desberdinak zirenak.
Woodrow Wilson, Amerikako Estatu Batuetako lehendakaria zen. Bere ustez, bakea eraikitzeko beharrezkoak ziren 14 puntu aurkeztu zituen. Horietatik bi aipagarri: nazionaltasunaren printzipioa ezartzea (nazio guztiek independente izateko eskubidea dute), eta potentzien arteko bakea ziurtatuko zuen nazioz gaindiko erakunde bat sortzea (Nazioen Elkartea).
David Lloyd George, Erresuma Batuko lehen ministroa. Berak ez zituen aldarrikapen europarrak nahi, koloniar irabaziak baizik; batez ere Otomandar Inperioa izandakoaren eremuetan (Ekialde Hurbilean interes handiak zituen).
Georges Clemenceau, Frantziako lehen ministroa. Frantziak bi lehentasun zituen: batetik, Austrohungariar Inperioa deuseztatu nahi zuen, eta bestetik, Alemania ahuldu.
Vittorio Emanuele Orlando, Italiako lehen ministroa. Italiak Adriatikoko kostako lurrak bereganatzeko nahia adierazi zuen.
Parisko Biltzarraren Emaitzak
1919. urtean egindako Parisko Biltzarraren helburuetako bat bakea bermatzea zen, lankidetza eta garapen sozial eta kulturala sustatuz, betiere herrialdeen independentzia errespetatuz. Horretarako, Nazioen Elkartea sortu zen. Hasieratik, gaizki hasi zen elkartea: Alemania eta Errusia ez ziren sartu, eta AEB ere ez, bertako Kongresuak atzera bota baitzuen Wilson presidentearen proposamena.
Versaillesko Ituna
Herrialde garaileek herrialde galtzaileetako bakoitzarekin bake itun bat sinatu zuten. Esanguratsuena Versaillesko Ituna izan zen, Alemaniarekin sinatu zena, 1919ko ekainaren 28an gauzatu zena. Versaillesko Ituneko erabaki nagusiak:
- Gerraren errua Alemaniari egotzi zitzaion.
- Alemaniak gerrako kostuak ordaindu behar izan zituen (gerra-ordainak).
- Alemaniak militar kopurua eta armadaren azpiegiturak murriztu behar izan zituen.
- Renania (Alemania eta Frantzia artean dagoen eremua) desmilitarizatu behar izan zuten.
- Lurraldeak galdu zituen (hedaduraren %15): koloniak, Alsazia, Lorena eta Ekialdeko Prusiako zati bat.
Lurralde Aldaketak eta Europa Berria
Herrialde askok jasan zituzten aldaketak beren mugetan. Austria-Hungariako, Errusiako eta Otomandar Inperio zaharrak izan ziren galtzaile nabarmenak. Irabazle nagusiak, berriz, Frantzia, Italia eta Balkanetako zenbait herrialde izan ziren.
- Austria-Hungaria zatituta geratu zen: Austria, Hungaria eta Txekoslovakia sortu ziren bertatik, eta Polonia, Errumania eta Jugoslaviak lur batzuk kendu zizkioten.
- Otomandar Inperioa Anatoliako penintsulara mugatu zen.
- Polonia eta Jugoslavia bezalako herrialdeak sortu ziren.
- Ekialdeko Europan komunisten aurkako hesi bat jarri zuten; horretarako, Finlandia, Estonia, Letonia eta Lituania sortu zituzten.
Banaketa berri horietan Wilsonek proposatutako nazionaltasunaren printzipioa izan zen kontuan (nazioen independentzia errespetatzea, bertako hizkuntza eta kultura identitatearen arabera). Lurraldeen banaketak, ordea, ez ziren beti ondo egin, eta denborarekin gutxiengo nazionalen arazoak sortu ziren.