Lehen Karlistaldiaren Amaiera eta Foruen Bilakaera
Aurrekariak
Zumalakarregi hil ostean, gerraren nekea zabaldu zen. Gerrak jarraitu zuen eta karlistek hainbat espedizio egin zituzten Gaztelan, Leonen, Extremaduran eta Andaluzian, baina moral handirik gabe. 1837an, On Carlos Madrilgo ateetan kokatu zen, baina ezin izan zuen gerraren bilakaeran funtsezkoa izango zen kolpe militar eta politikorik jo.
Gerraren amaiera: "Bakea eta foruak"
Gerrari amaiera emateko, Muñagorrik "Bakea eta foruak" izeneko proposamena aurkeztu zuen: karlistek Isabel II.aren erregetza onartuz gero, liberalek Euskal Herriko foruak gordeko zituzten.
Bergarako Besarkada
Marotok eta Esparterok Bergarako Hitzarmena (1839) sinatu zuten, eta horrek amaiera eman zion euskal lurretako gerra karlistari.
Ondorioak
Foruen berrikuntza erabakitzeko ardura Espainiako Gorteen esku utzi zuen; beraz, Espainiako Gorteek foruetan beharrezko aldaketak egiteko askatasuna zuten.
Nafarroako foruen aldaketa
1840an hasi zen Nafarroako foruen aldaketa eta 1841ean Nafarroako Lege Paktatua gauzatu zen. Lege horrek, praktikan, Nafarroako foru-erregimenaren amaiera ekarri zuen; hau da, Nafarroako foruak ezeztatzea eta erakunde propioak galtzea.
Foruen aldaketa Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban
Nafarroa urrundu zelarik, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foru-lurraldeek beren jarrerak bateratzea eta harremanak estutzea erabaki zuten.
Amaiera eta balorazioa
Lege horrek berebiziko garrantzia izan zuen euskal foruen bilakaeran. Gobernuak foruak berretsi zituen baina, bestaldetik, berehalako moldaketa aurreikusten zuen. Hortaz, foruak euskal lurraldeen eskubide historikotzat hartzen zituen planteamendua bertan behera gelditu zen: euskal erakundeei ez zitzaien inolako burujabetasunik onartzen beraien legeak edo instituzioak mantendu edo aldatzeko (entzun besterik ez zieten egingo).
Legea konplexua eta anbiguoa zen, eta idazteko erak ez zuen interpretazio legala errazten. Esan daiteke Urriaren 25eko Legearekin Euskal Herriak ordura arte izandako berezitasun juridiko-politikoa galdu zuela eta foruak Konstituzioaren menpe geratu zirela. Horregatik, karlisten artean, Bergarako Hitzarmena traizionaturik zegoela sentitu zuten.
Denborak erakutsi zuen liberalen benetako asmoa foruen deuseztapen geldoa zela. Ondorioz, euskal lurraldeak pixkanaka gainontzeko probintzietara hurbilduz joan ziren, pribilegioen desagerpena eskubide administratibo-fiskalen truke onartzean. Bukatzeko, esan dezagun 1839ko Legea foruen desagerpenerako pauso oso garrantzitsua izan zela.