Lehen Gerra Karlista Euskal Herrian (1833-1840)
Lehen Gerra Karlista
Lehen Gerra Karlista ohituraren eta liberalismoaren arteko gatazka izan zen. Bi bando nagusi zeuden:
- Ejertzito isabelinoa: Gobernuaren armada zen eta, beraz, baliabide asko zituen.
- Ejertzito karlista: Prestakuntza gutxikoa eta kopuruz txikiagoa zen.
Maria Kristina erreginordeak bere alabaren, Isabelen, eskubideak defendatu behar zituen, eta horretarako liberalen laguntza ezinbestekoa zuen.
Gerraren Hasiera eta Lehen Fasea (1833-1835)
1833ko urriaren 1ean, On Karlosek Abrantesko Manifestua aldarrikatu zuen, bere burua Espainiako errege izendatuz. Honek Lehen Gerra Karlistari hasiera eman zion. Gerrak hiru fase nagusi izan zituen.
Lehenengo fasea 1833an hasi zen, eta bertako protagonista nagusia Tomas Zumalakarregi izan zen, karlisten buruzagi militarra. On Karlosek Lizarran ezarri zuen bere gortea, eta garai hartan, de facto, bi gobernu zeuden Espainian. Gatazkaren muina legitimitatean zetzan: isabelinoek Isabel II.a zuten erregina legitimotzat; karlistek, aldiz, On Karlos (Karlos V.a izenarekin).
Euskal hiriburuek (Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea) Isabelen alde egin zuten. Ejertzito karlistak Bilbo setiatzea erabaki zuen, baina setioan Tomas Zumalakarregi hil zen, eta horrek karlisten indarra nabarmen ahuldu zuen. Gerora, Espartero jeneral liberalaren gidaritzapean, isabelinoek garaipen garrantzitsua lortu zuten Lutxanako Guduan.
Bigarren Fasea: Errege Espedizioa (1835-1837)
Bigarren fasea 1835etik 1837ra hedatu zen. Garai honetako gertakari nagusia Errege Espedizioa izan zen. Karlistek Madril konkistatzeko helburua zuten espedizio honekin, baina liberalek hiriburuko ateetan garaitu zituzten, eta On Karlosen porrota erabatekoa izan zen estrategikoki.
Hirugarren Fasea eta Gerraren Amaiera (1837-1840)
Hirugarren fasea 1837tik 1839-1840ra bitartekoa izan zen. Une honetan, ejertzito karlista bi taldetan banatu zen:
- Karlista apostolikoak: Buruzagia Juan Antonio Gerge zuten. Talde honek Nafarroan eta Araban zuen eragin handiena, eta liberalekin inolako akordiorik sinatzearen aurka zeuden.
- Karlista moderatuak: Buruzagia Rafael Maroto zen. Bizkaian eta Gipuzkoan zuten indar gehien, eta gerra amaitzeko akordio bat sinatzearen aldekoak ziren.
Bergarako Hitzarmena
Azkenean, moderatuak gailendu ziren karlisten artean. 1839ko abuztuaren 31n, Bergarako Hitzarmena sinatu zuten Rafael Maroto karlistak eta Baldomero Espartero liberalak. Hitzarmen honek Lehen Karlistaldiaren amaiera ekarri zuen Euskal Herriko lurralde gehienetan, nahiz eta borroka batzuek 1840ra arte iraun zuten beste leku batzuetan.