Landa-paisaiak: faktore fisiko eta giza eragileak
Landa-paisaietako faktore erabakigarriak
Munduan landa-paisaia ugari daude, faktore fisikoen eta giza faktoreen eraginaren ondorioz. Hauek dira faktore fisiko garrantzitsuenak eta giza faktore aipagarrienak:
Faktore fisiko garrantzitsuenak
- Erliebea: Eremu agrarioen malda edo eguzki-arekiko orientazioa erliebearen araberakoak dira.
- Klima: Tenperatura eta hezetasuna klimaren mendekoa dira eta landare- eta abeltzaintza-jarduerak baldintzatzen dituzte.
- Lurzorua: Lurzoruaren gatzatasuna edo azidotasuna erabakigarriak dira horretan egingo den nekazaritza-jarduerarako.
Giza faktore aipagarrienak
- Demografia: Biztanleria dentsitate handiko lurraldeetan ekoizpen handiagoa behar da elikagai gehiago lortzeko.
- Teknologia: Teknologiaren garapen-mailaren arabera handiagoa edo txikiagoa izango da lurraldearen eraldaketa.
- Egitura ekonomikoa: Jabetza eta antolaketa lursail handitan edo txikitan egongo dira, egitura ekonomikoaren arabera.
- Erabaki politikoak: Politika eta arauek eragin handia dute eremu bakoitzean aplikatzen den ekoizpen-ereduan.
Lehen sektorea
Lehen sektorea: Landa-eremuetako ekonomia-jarduera nagusiak lehen sektorekoak dira. Sektore honetan elikagaiak eta beste natura-baliabide batzuk ekoiztearekin eta erauztearekin lotutako lanak sartzen dira:
- nekazaritza
- abeltzaintza
- arrantza
- meatzaritza
- baso-ustiapena
Landa-eremuetan badaude beste ekonomia-jarduera batzuk ere: industria txikia, eskulangintza, zerbitzuak, merkataritza eta turismoa.
Arrantza modalitateak
Arrantza modalitateak: Arrantza egiten den lekuari erreparatuta, honako hauek bereizten dira: arrantza kontinentala eta itsas arrantza. Itsas arrantzaren modalitate nagusiak hauek dira:
Baxurako arrantza
Kostaldetik gertu egiten da, teknika tradizionalak erabiltzen dituzten itsasontzietan. Eguneko jarduera da, eta harrapatutako produktuak tokiko merkatuetan saltzen dira.
Alturako arrantza
Kostaldetik urrun egiten da, hamar egunetik gorako alditan. Itsasontziek tarteko tamaina dute eta ontzidetan antolatzen dira. Arrainaren kontserbazio-prozesua itsas zabalean hasi behar da.
Altura handiko arrantza
Kostaldetik ehunka miliara egiten da, eta kanpainek zenbait hilabete iraun dezakete. Zenbait arrainontziz eta lantegi-ontzi handi batez osatutako ontzidetan antolatzen dira itsasontziak.