Kulturak: Goi-mailakoak, Behe-mailakoak eta Kulturartekotasuna
Goi-mailako eta behe-mailako kulturak al daude?
Kulturen arteko harremanak aztertzean, hainbat jarrera eta ikuspegi sortzen dira. Hauek dira horien artean aipagarrienak:
Etnozentrismoa
Gainerako kulturak beren kulturatik epaitzen dituztenen jarrera da; beren kultura «onena» dela uste dute. Bi dira etnozentristaren bereizgarriak: beren kulturakoak ez direnak ulertzeko ezintasuna eta bere bizimodua besteena mespretxatuz goratu nahia. Jarrera hori izaten da fenomeno hauen oinarrian:
- Xenofobia: Atzerriari gorrotoa izatea.
- Arrazakeria: Zenbait etnia arbuiatzea.
- Kultura-asimilazioa: Kultura nagusiak gutxiengoak menderatzea.
- Chauvinismoa: Norberarena den talde etnikoa nahiago izatea.
Marginazioa eta baztertzea
Gaur egun maiz aurkitzen den jarrera bat da, eta behe-mailakotzat jotzen diren kulturak arbuiatzean eta ez kontuan izatean datza.
Erlatibismoa
Jarrera horrek kultura bakoitza haren baitatik bertatik aztertu nahi du, beste kultura batetik letorkeen irizpide, balio edo araurik erabili gabe. Hasiera batean jarrera ona da, giza bizimodu guztietako begirunea adierazten baitu. Baina, bestalde, kulturak eremu itxitzat ditu, beren barnetik baino balioetsi ezin diren konpartimentu estankotzat. Kritika edo aldaketarako iradokizun oro, beste kultura batetik egina dena, «kutsadura» kultural edo justifikaziorik gabeko «tartean sartze» gisa jasoko da.
Kultura bakoitzeko zer ezaugarriri eutsi behar zaion bereiztea ez da erraza, eta oso zaila da hori egiteko irizpideak aurkitzea eta denon artean adostea.
Kulturartekotasunaren nozioa
Kulturartekotasuna proiektu bat dela diogu, artean lortu ez den proposamena formulatzen duelako. Proiektua kulturen arteko elkarbizitza arazoak konpontzean datza, bortxarik eta baliabide bidegaberik erabili gabe. Kulturarteko proiektuak elkarrizketa-bideak sortu nahi ditu, aniztasuna errespetatuko dutenak, eta kultura bat eta bestea aberastuko dituztenak.
Kulturartekotasunaren azken xedea mundu-zibilizazio bat eratzea da; beraz, proiektu unibertsala esaten zaio. Hauek dira kulturartekotasunaren proiektuaren funtsezko tresnak:
- Giza Eskubideen aplikazioa.
- Desberdinekiko jarrera tolerantea eta elkarrizketarako irekia izatea.
- Askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna aintzat hartzea.