Kultura-harremanak: Etnozentrismoa, Erlatibismoa eta Kulturartekotasuna
Etnozentrismoa
Beste kulturak norberaren kulturaren arabera neurtzen dira. Jarrera horrek bi ondorio sortzen ditu: ulertzeko gaitasunik eza, eta kohesio sentimendua indartzea.
Etnozentrikoek hainbat jarrera negatibo senti ditzakete:
- Xenofobia (atzerrikoenganako gorrotoa)
- Arrazakeria
- Txauvinismoa (abertzaletasun itsua)
- Aporofobia (pobreenganako ezinikusia, gorrotoa eta gutxiespena), jarrerarik hedatuena izanik.
Kultura-erlatibismoa
Kultura bakoitza bertako balioak oinarri hartuz aztertu behar da, eta ez beste kultura bateko balioen arabera. Horrenbestez, toleranteak izan behar gara kultura-adierazpen guztiekiko.
Jarrera hori etnozentrismoa baino hobea da, baina muga handiak ditu. Ez du kulturen arteko elkarrizketa bultzatzen, eta kultura bakoitza bere balioen baitan itxita geratzea dakar. Gainera, ez da gai arrisku hauek eta beste zenbait eragozteko:
- Arrazakeria: kultura bakoitzaren ezaugarriei bere horretan iraunarazteko modurik onena kulturak ez nahastea da, nor bere herrian geratzea eta bere kulturaren arabera bizitzea.
- Kulturak elkarrengandik banatzea: kulturek elkar onartu arren ere harremanik izan nahi ez izatea.
- Jarrera erromantikoa: etnozentrismoari aurre egin nahian, beste kulturen alderdi onak goraipatzen dituzte. Gehiegizko balioespen horren ondorioz, erraz gal daiteke zentzu kritikoa, eta beste kulturetako elementu guztiak onak direla pentsatu. Ondorio larriago bat da, norberaren kulturaz bestelakoetan, giza eskubideak urratzen dituzten ohiturak ikusita ere, axola ez izatea.
- Kultura paralisia: kulturei buruzko ikuspegi estatikoa bultzatzeak badu arrisku hori. Tradizioari eustea omen da garrantzitsuena.
Kulturartekotasuna
Beste kulturekiko errespetua da oinarri, kulturen arteko berdintasunezko harremanak aldarrikatzen baititu. Jarrera hau integrazioaren aldekoa da, eta, beraz, banaketaren eta bazterketaren kontrakoa.
Helburuak
- Gure gizartea eta mundua pluralak direla onartzea.
- Kulturen arteko harremanak konplexuak direla ulertzea, bai norberaren ikuspegitik bai komunitate osoaren ikuspegitik.
- Kulturen arteko elkarrizketa sustatzea.
- Munduko arazoei konponbidea bilatzeko elkarlanean aritzea.