Kristautasuna eta Filosofia: Fedearen eta Arrazoiaren Sintesia

Filosofia eta etika2,98 KB

I. eta IV. mendeen artean, kristautasuna debekatua eta jazarria izatetik Erromatar Inperioaren erlijio ofiziala izatera igaro zen. Hasieran, kristautasunaren eta filosofiaren artean istilu handiak egon ziren, aurkakoak zirela ematen baitzuen.

Filosofia eta Kristautasuna: Ikuspegi Kontrajarriak

Ikuspegi filosofikoaren arabera, pentsamenduaren oinarria arrazoimena zen, materia betierekoa, denboraren ikuspegi ziklikoa eta, eskola desberdinak egon arren, haien artean eztabaidatzen zuten maila berekoak sentitzen zirelako. Aldiz, ikuspegi kristauaren arabera:

  • Oinarria fedea izan behar zen.
  • Errealitatea ezerezetik (ex nihilo) sortua zen.
  • Denboraren ikuspegia lineala zen.
  • Fedezko dogmen aurretik ez zegoen eztabaidatzerik.

Sinkretismoa eta Lehen Sintesi Filosofikoa

Aurrekoa ikusita, agerian dago aurkako planteamenduak zirela, baina azkenean sinkretismoa heldu zen eta hainbat teologok haien federako oinarri filosofikoa bilatu zuten. Horrelako zerbait egin zuen lehenengoa Augustin Hiponakoa izan zen, kristautasuna eta neoplatonismoa uztartuz.

Agustinismoa eta Aristotelismoaren Agerraldia

Augustin Hiponakoak egindako proposamenean oinarrituz agustinismoa sortu zen, Erdi Aroko korronte ofizial eta bakarra V. mendetik XII. mendera arte, hau da, aristotelismoa agertu arte. Hasieran, aristotelismoa Eliza Katolikoak ez zuen onartu, baina Tomas Akinokoak Aristotelesen hainbat ekarpen kristautasunarekin bateragarriak zirela defendatu zuen, Erdi Aroko bigarren sintesi garrantzitsua eginez.

Fedea eta Arrazoimena Augustin Hiponakoarentzat

Augustin Hiponakoarentzat fedea eta arrazoimena gauza ezberdinak dira, baina elkarrekin funtzionatzen dute Egia kristaua ulertzeko. Ez da existitzen gizaki kristaua eta gizaki arrazionala bereizirik; biak dira errealitate baten aldeak, eta harmonikoki jardun behar dute. Pentsatzen duen gizakia fededuna da eta fededuna den gizakiak pentsatzen du.

Fedearen Lehentasuna eta Elkarlana

Fedea da egiak onartzeko gidaria; arrazoimenak, berriz, sinesmen horien zentzua hobeto ulertzen laguntzen du. Horregatik dio Augustinek ulertzeko beharrezkoa dela sinestea, fedeak lehentasuna baitu arrazoimenarekiko, eta, ondorioz, fedeari dagokio arrazoimena orientatzea eta gidatzea. Fedea eta arrazoia elkarlanean aritzen dira era honetan:

  1. Hasiera batean, arrazoiak gizakiari laguntzen dio fedea lortzen: gizaki adimentsuak Jainkoa bilatzen du.
  2. Ondoren, fedea lortuz gero, fedeak arrazoia gidatzen eta argitzen du.
  3. Azkenean, arrazoiak fedearen edukiak ulertarazten ditu.

Filosofo kristau honek ez ditu fedea eta arrazoia banatzen, eta fedearen eta arrazoiaren arteko formula zuzena, Anselmo Canterburykoak osatu zuena, hauxe litzateke: "Sinisten dut ulertzeko eta ulertzen dut sinesteko".

Deskargatu

PDF Word HTML