Klaseen Gizarte Berria: Burgesia eta Proletarioak
Klaseen Gizarte Berria
Politika eta Industria Iraultzen ondorioz, Antzinako Erregimeneko estamentuzko gizartea bertan behera geratu zen, eta klaseen gizarte berria ezarri zen. Pertsonak merituen eta lanaren bidez bereizten ziren, eta horiek aberastasunaren bitartez neurtzen ziren.
Gizarte berri horretan, burgesia talde agintaria zen, eta langileak, menpekoak. Nobleziak pribilegioak galdu zituen, baina aginte apur bat zuen oraindik, dirudunen klase berrian sartu baitzen jabetzei eta kargu diplomatiko eta militarrei esker, batez ere Hegoaldeko eta Ekialdeko Europan. Nekazarien taldeak ugariena izaten jarraitu zuen.
Klase Agintari Berria: Burgesia
Burgesia gizarte talde gorakorra izan zen. Aginte politikoa eskuratu eta jarduera ekonomikoei esker aberastu zen; elite kultural eta intelektuala osatu zuen, erdiko mailako eta unibertsitateko ikasketak egin zituelako; eta bere ideologia bultzatu zuen, honako balio hauetan oinarritua:
- Lanaren balioa
- Norberaren arrakasta
- Familiaren mirespena
- Tratu finak
Burgesiaren Mailak
Goi Burgesia
Barruan, euren jabetzetatik bizi ziren errentadunak, industria-gizon handiak eta merkatariak, eta negozio-gizonak zeuden. Horietako askok bizimodu aristokratikoa zuten, eta, noblezia-tituluak erosiz, nobleen taldean sartu nahi izan zuten.
Erdiko Burgesia
Estatuko funtzionarioek eta profesional liberalek osatzen zuten, besteak beste: abokatuek, medikuek, ingeniariek eta irakasleek.
Behe Burgesia
Merkatari txikiak eta eskulangileak sartzen ziren. Herriko taldeetatik jabetzak izateagatik bereizten ziren; baina bi taldeen bizi-maila antzekoa izan zen.
Menpeko Klase Berria: Proletarioak
Proletarioek gizarte talde berria sortu zuten, industrietako soldatapeko langileek osatzen zutena. Kideak hirietara emigratu zuten nekazariak eta industria mekanizazioaren eraginez txirotutako eskulangileak ziren.
Lan Baldintza Penagarriak
Industriako langileen lan baldintzak oso penagarriak ziren:
- Egunean 14-16 ordu bitartean lan egiten zuten.
- Fabriketako osasun baldintzak makurrak ziren, zarata eta kutsadura zirela medio.
- Makinek erritmo gogorra ezartzen zuten, diziplina zorrotz baten menpe.
- Ez zegoen segurtasunik gaixotasun, istripu, kaleratze edo erretiroen aurrean.
- Soldatak txikiak ziren eta gazteak hasten ziren lanean.
Bizimodua eta Gizarte Arazoak
Langileen bizimodua ere penagarria zen. Fabriken ondoko auzoetan ezarri ziren. Bertan ez zegoen higiene eta osasun baldintza minimorik, eta ez zeuden prestatuta hainbeste pertsona hartzeko. Alkoholismoa, prostituzioa eta familia-bizitzaren hondamena ugariak izan ziren.