Kirola: Pasioa, Sakrifizioa eta Emakumearen Erronka
Kirola: Nire Pasioa eta Bizimodua
Kirola definitu beharko banu, pasio hitza erabiliko nuke. Bai, pasioa: odola gorputzean zehar ponpatzeko gaitasuna duen griña; azaleko poro txikienek ere izerdi deritzon adrenalina hori kanporatzea lortzen duen irrika; eragina, bizitzeko modua, bizimodua. Argi dago, eta badakit, kirolari buruzko azalpen hau ez dela hiztegi zein entziklopedia batean aurki daitekeen definizio zehatza, eta askorentzat handitze edota metafora hutsa izan daitekeela. Baina, utz nazazue, hitz hauekin jarraitu aurretik, kirolari baten bizimodua gainerako bizidunen errealitatetik at dagoela aitortzen.
Saskibaloia: Sendabide eta Sakrifizio
Badira zortzi udaberri bizia aldatuko zidan ibilbidea hasi nuena, zortzi loraldi, saskibaloiaz gozatzen hasi nintzena. Kirol bat baino, sendabide bat dela esatera ausartuko nintzateke, nire momentu mingotzenak ere gozo bihurtzeko gai izan baita. Baina, disdira guztiak ez dira urre. Hitz hauekin dena ederra dirudien arren, sakrifizioak egiten du norbera asebeteta sentitzea.
Askotan, saskibaloia bezalako kirol batean murgiltzean, zure egunerokotasunaren parte diren beste aspektu askori uko egitera behartuta ikusten zara. Zenbait gauza aldi berean egiteko gaitasunak alde egiten dizu, eta zure denbora librea noiz berreskuratuko duzun galdetzen diozu zure buruari. Alabaina, saskibaloiak irakatsi didana ez dit inork irakatsi. Saskibaloiak eskaini didana ez dit ezerk eskaini, eta saskibaloiak eman dizkidan momentu eta oroitzapenak inork ez ezerk ezingo ditu desegin.
Emakumea Kirol Munduan: Errealitate Gordinak
Baina paper hau kirolarekiko miresmenez busti aurretik eta mundu honetako errealitatearekin bat eginez, ez ahaztu emakumea naizela: gaitasun eta eskubide murriztuak dituen gizakia, historian zehar gizon deritzon bizidun horrekin konparatua eta zapaldua izan dena, XXI. mendean oraindik bigarren planoan dagoena. Eta eskerrak, bai, eskerrak, hirugarren planoa infernua bera izan beharko bailitzateke.
Bateragarritasunaren Bila: Oraindik Ebatzi Gabe
Askotan sentiarazi didate emakume, eta hortaz harro izanagatik, badakizue zertaz ari naizen. Argi baitago emakumearen eta kirolaren arteko bateragarritasuna oraindik ebatzi gabe dagoela, ekuazio honen “x” zein den aurkitzeko Einsteinek mundu honetan agertu ez dela, puzzle honetan emakumea okerreko pieza dela.
Ongi Etorri Emakume Kirolari Baten Bizimodura!
Eta kirolarekiko pasioak nire barneko metala astintzeko gaitasuna badu ere, ongi etorri sexualitateak eta desberdintasunak gobernatzen duten mundura. Ongi etorri EMAKUME kirolari baten bizimodura!