Karlos IV.aren Agintaldia: Krisia eta Iraultzaren Eragina

Historia3,63 KB

Karlos IV.aren Agintaldia

Karlos III.aren heriotzaren ondoren, bere seme Karlos IV.a izendatu zuten errege. Karlos IV.aren erregealdian, krisi ekonomikoa, politikoa eta soziala larritu egin zen, eta ideia liberal iraultzaileak zabaltzen hasi ziren. Erregimen Zaharraren gainbehera hasi zen.

1. Iraultzaren eragina

Liberalismo politikoa eta ekonomikoa ezarri zirenean, Erregimen Zaharraren antolaketa artikulatzen zuten elementuak deuseztatu egin ziren.

1.1. Frantziako Iraultzaren ondorioak

Frantziako Iraultzak zuzeneko eragina izan zuen Euskal Herrian. Iparraldeko lurraldeetan, berehala ezarri zituzten neurri iraultzaile liberal guztiak, eta eskualde haietako gobernu erakundeak eta foruak abolitu egin zituzten.

Mugimendu iraultzailea azkar zabaldu zen Espainiara. Ideia iraultzaileak atseginez hartu zituzten intelektual eta burges ilustratuek, eta beldurrez, berriz, talde pribilegiodunek. Karlos IV.ak ideologiari mugak ixteko agindu zuen:

  • Zentzu iraultzaileko liburuak eta agerkariak sartzea debekatu zuen.
  • Ikasleak atzerriko unibertsitateetara ikastera joatea galarazi zuen.

Bakartze neurri haiek indarrean jartzeko ardura Karlos IV.aren lehen ministro Floridablancak zuen. Kargutik kendu zuten, eta Aranda kondeak hartu zuen haren kargua. Azkenik, Karlos IV.ak Manuel Godoy eraman zuen agintera.

1.2. Konbentzioko Gerra

Karlos IV.ak Frantzia iraultzaileari gerra deklaratu behar izan zion. Horretarako, Britainia Handiarekin eta Portugalekin bat egin zuen. Geroago, frantsesek Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Burgosko parte bat mendean hartu zituzten.

Azkenik, Frantziak eta Espainiak Basileako Bake Hitzarmena sinatu zuten. Frantziak uko egin zion Espainiako lurretan konkistatutako lurralde euskaldunen eta katalanen gaineko nagusitasunari, baina, trukean, Espainiak Santo Domingo uhartea eman behar izan zion Frantziari.

2. Frantziarekiko aliantza

Frantzia eta Espainia bat zetozen Britainia Handiarekiko etsaigoan, batez ere honek itsasoan zuen nagusitasunaren kontrako jarreran.

Godoyk eta Karlos IV.ak Frantziaren eta Espainiaren arteko aliantza gauzatu nahi zuten, Britainia Handiari aurre egiteko. Horrela sinatu zuten bi herrialdeen arteko San Ildefonsoko Ituna. Napoleon Bonaparte agintera iritsi eta enperadore izendatu zutenean, indarrean jarraitu zuen Espainiak eta Frantziak Britainia Handiaren kontra zuten aliantzak.

Frantzia-Espainia aliantzaren itsas armadak galera handia izan zuen 1805ean Trafalgarko Guduan. Napoleonek Portugal konkistatzeko laguntza eskatu zion Godoyri. 1807an, Fontainebleauko Itunaren bidez, Portugal Espainiaren eta Frantziaren artean zatitu zuten, eta Frantziako armadari hispaniar lurraldean sartzeko baimena eman zion Espainiak.

3. Krisia larritzea

Karlos IV.aren erregealdian, krisi ekonomikoa, politikoa eta soziala larritu eta areagotu egin zen. Kolonietako gerrek eta merkataritzaren blokeoek izugarri handitu zuten errege ogasunaren zorra.

Nekazariak pobre bizi ziren, oso egoera kaskarrean, eta hirietako biztanleen egoera ere gero eta txarragoa zen. Godoy lehen ministroak politika erreformista jarri zuen abian, baina erreforma haiek ez zituzten konpondu herrialdearen egiturazko arazo larriak.

Manuel Godoyren eta Karlos IV.aren beraren kontrako jarrera nagusitzen ari zen. Intelektual talde batzuen jarrera erradikalizatzen ari zen, eta aldaketa iraultzaileak aldarrikatzen hasi ziren:

  • Absolutismoa indargabetzea.
  • Erregimen estamentala bertan behera uztea (Erregimen Zaharraren arrasto zirelako).

Deskargatu

PDF Word HTML