Kant eta Ilustrazioa: Arrazoimenaren Erabilera Publikoa eta Pribatua
Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Sapere aude latindar esamoldeak “ausartu zaitez pentsatzera” esan nahi du. Hau da, izan adore zure kabuz arrazoia erabiltzeko. Horazio izan zen lehena esaldi hau erabiltzen K.a. I. mendean, eta, gerora, topiko bihurtu da literaturan, eta lelotzat hartu dute hainbat unibertsitatek. Kanten iritzian, autonomiak bereizten ditu gizakiak, erabaki pertsonalak hartzeko gaitasunak, beste izakiengandik. Gizakia heldutasunera iritsi dela adierazten du; bere kabuz pentsatzen ausartzen dela, bere buruaren jabe dela. Heteronomia atzean uzten dela esan nahi du (heteronomia = besteak jarraitzea); honela, iritziak kontuan hartuz, norberak berea eraikitzen du. Ilustrazio-garaia adingabetasuna atzean uzteko garaia dela eta gizakia bere kabuz pentsatzen hasteko momentua dela aipatzen digu Kantek. Amaitzeko, filosofoak dio adingabetasunaren zergatia ez dela adimenik ezean, nor bere buruaz besteren gidaritzarik gabe erabakitzeko gaitasun eta kurairik ezean baizik; horregatik gonbidatzen gaitu ausartak izatera eta gure adimenaz baliatzera, Sapere Aude!
Kant eta Ilustrazioa: Arrazoimenaren Erabilera Publikoa eta Pribatua
Kant arrazoiaren erabilera publikoaz eta pribatuaz mintzo da. Arrazoiaren erabilera publikoak askea izan behar du; erabilera pribatuak, berriz, mugatua. Arrazoimenaren erabilera publikoa aditu den norbaitek irakurleriaren publikoaren aurrean egiten duena da; erabilera pribatua, dagozkion funtzionario-postu edo kargu jakin batean zilegi zaiona. Kantek hiru adibide jartzen dizkigu:
Armadako ofiziala
Bete egin behar du beti agindua (erabilera pribatua); baina, aditua den aldetik, agindu horren helburu edo onuraz iruzkinak egin ditzake soldadutzaren akatsei buruz, bere publikoaren aurrean azken hauek epai dezaten (erabilera publikoa).
Herritarra
Ezin diezaioke uko egin zergak ordaintzeari (erabilera pribatua); baina, aditu bezala, zerga horien bidegabekeria edo desegokitasunari buruzko bere gogoetak argitara ditzake (erabilera publikoa).
Apaiza
Bete egin behar du zerbitzatzen duen elizak agindutakoa (erabilera pribatua). Dena den, aditu gisa, askatasun osoa du arduraz ikertutako eta asmo oneko bere ideiak sinesbide haren akatsez publikoari ezagutarazteko (erabilera publikoa).
Arauak edo legeak bete nahi ezean, lana uztea da aukera bakarra; izan ere, arrazoiaren erabilera pribatuan ez dago askatasunik. Arrazoiaren erabilera pribatuaren askatasunik ezak ez du Ilustrazioa galarazten, pentsatzeko eta publikoaren aurrean ideiak adierazteko askatasuna baldin badago (zentsura ez badago). Arrazoiaren erabilera publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa kantiarrak kritika asko izan ditu, auzi korapilatsua baita erabilera pribatua murriztea erakundeak babesteko zilegi den ala ez zalantzan dagoelako.