Kant, Arrazionalismoa eta Enpirismoaren arteko Sintesia
Modernitateaz geroztik, ezagutzaren bilaketa eztabaida handia sortu duen gaia izan da. Batzuen ustez, sentimenek ez digute ezagutza ziurtatzen, baizik eta ulermenaren bidez bakarrik lor dezakegu; beste batzuk, guztiz kontrako jarreran daude: zentzumenen eta esperientzien bidez bakarrik ezagut daiteke egia. Kant bi pentsamendu horien arteko sintesi bat egiten saiatuko da, Idealismo Transzendentala aurkeztuz. Gaur egun, beraz, posiblea da egia ezagutzea? Zein ezagutza-ahalmenek bermatzen digute egiarako sarbidea?
Arrazionalismoa eta Enpirismoa: Ezagutzaren Iturriak
Arrazionalismoa
Filosofo arrazionalistek diote giza arrazoimenak ezagutzaren mugak gaindi ditzakeela, baita Metafisikaren objektuak ere ezagutu. Descartesen ustez, egiazko ezagutza lortzeko bide bakarra arrazoimena da, sentimenak engainagarriak direlako. Bere ustez, egia unibertsalak arrazoimenaren eta a priori ideien bidez lor daitezke. Horren erakusgarri da bere Cogito, ergo sum esaldia, pentsamenduaren existentzia zalantzarik gabe baieztatzen duena.
Enpirismoa
Enpiristek diote ezagutza esperientzia hautemangarrira mugatzen dela. John Lockeren arabera, zentzumenek hautematen duguna baino ezin dugu ezagutu, eta ez dago berezko ideiarik, hots, a priori ideiak ukatzen ditu; adimena tabula rasa bat da, esperientziaren bidez betetzen dena. Hala ere, onartzen zuen zentzumenak engainagarriak izan daitezkeela, eta gure ideia konplexuak sentimenen bidez sortutako ideia bakunetatik eratorriak direla, nahiz eta hauek errealitatea zehatz-mehatz ez islatu. Horrek ezagutza osatugabea edo okerra izateko aukera uzten du.
Kant eta Idealismo Transzendentala
Kantek ezagutzaren mugak aztertu zituen Arrazoi Hutsaren Kritika obran, eta baieztatu zuen errealitate osoa (noumenoa) ezin dela ezagutu, baizik eta soilik agertzen zaigun moduan (fenomenoa). Bere ustez, gure ezagutza esperientzian oinarritzen da, baina baita gure adimenaren egitura mentalek (a priori printzipioek) ere baldintzatzen dute. Horrek esan nahi du egia, neurri batean, gure adimenak eraikia dela. Beraz, Kanten arabera, ezagutza posiblea da, baina esperientzia hautemangarriaren eta gure adimenaren mugen barruan.
Arrazionalismoa eta Enpirismoa Kantengan
Filosofia kantiarra arrazoiaren kritikaren proiektu ilustratuaren barruan kokatzen da. Kant ezagutzaren mugak eta gaitasunak zehazten saiatzen da, gizakia adin nagusitasunera heldu ahal izateko, tutoretzetatik, oskurantismoetatik eta superstizioetatik askatuz. Lan hau egin dezakeen epaimahai bakarra arrazoi hutsa da. Idealismo Transzendentalak hurrengo galderari erantzuten dio: Zer ezagut dezaket halabeharrez eta unibertsaltasunez?
Aurreko Ikuskeren Mugak
Arrazoiaren autokritika hau aurreko ikuskera antropologiko eta epistemologikoen aurkakotasunei irtenbidea aurkitzen saiatuko da. Aurkako ikuskera horiek bi jarrera hauetan ikus genitzake:
- Arrazionalismoa: Dogmatikoa eta akritikoa da.
- Enpirismoa: Probabilitatera mugatuta dago.
Biak mugak dituztenez, ezin diote galderari osotasunean erantzun. Horregatik, Kantek Idealismo Transzendentala azaltzen du.
Bira Kopernikanoa eta Ezagutza
Idealismo Transzendentalean, ezagutza arrazoiak (a priori) eta esperientziak (a posteriori) osatzen dute. Kantek Bira Kopernikanoa azaltzen du. Honetan, objektua pentsatzetik subjektura pentsatzera pasatzen gara (hau da, objektua nola egituratuta dagoen pentsatu beharrean, subjektuak nola egituratzen duen pentsatzea). Bi ezagutza mota bereizten ditu:
- Sentimenaren a priori printzipioak: Espazio-denbora, zentzumenek hautematen duten informazioa antolatzeko.
- Adimenaren a priori printzipioak: Kategoriak, hautemandako objektuak ordenatzeko eta antolatzeko.
Orduan, arrazoiak ezagutu dezakeena mugatua da; ezagutza fenomenikoa da, hau da, errealitatea ezagutu dezakegu, baina ez osotasunean (mugatua).
Kant eta Bi Jarreren Konbergentzia
Kantek bi jarrera nagusiekin bat egiten du, baina mugak ezarriz:
- Enpirismoarekin bat: Ezagutza orok esperientzian du jatorria (Materia behar da forma eman ahal izateko), eta metafisika zientzia ezinezkotzat jotzen du (Jainkoa pentsa daiteke, baina ezin da ezagutu).
- Arrazionalismoarekin bat: Inpresioek berez ez dute ezagutzerik sortzen. Bestela, guztia kaosa eta desordena izango lirateke (Materiak forma behar du, zerbaitek antolatu eta ordenatu behar duelako).
Ondorio Pertsonala
Aurreko argudio guztiak kontuan hartuta, nire ustez, errealitatea fenomeno gisa ezagut dezakegu, ez noumeno gisa, gure zentzumenek eta arrazoimenak baldintzatzen dutelako. Adibidez, teknologiak gure ezagutza zabaltzen badu ere (mikroskopioak edo teleskopioak), beti izango ditugu mugak, oraindik gauza batzuk ez ditugulako ezagutzen eta ezagutuko.