Joaquín Costaren Erregenerazionismoa: Nekazarien Miseria eta Kazikismoa

Historia2,3 KB

Joaquín Costa eta Erregenerazionismoa

Sarrera

Aurrez aurre dugun testu hau izaera politikokoa da. Testu honen egilea Joaquín Costa da, Erregenerazionismoko ordezkari garrantzitsu bat. Testua bigarren mailakoa dela esan dezakegu, irakurleari zuzenduta baitago. Noizkoa den zehazki jakin ez arren, 1900. urte inguruan idatzi zela esan dezakegu. Testuak argi kritikatzen ditu landan agertzen diren hainbat arazo, nekazarien hezkuntza falta eta elikagaien prezio altuak, adibidez.

Kazikismoaren Jatorria

Testua hobeto ulertu ahal izateko, aurretik gertatutakoak azalduko ditugu. Kazikismoaren jatorria ikusteko, XIX. mendean liberalek egindako nekazaritza erreformara jo behar dugu. Mendizabalen Elizaren desamortizazioak eta Madozen herri lurren desamortizazioak ez zuten egoera hobetu; izan ere, saldutako lurrak burgesek eta nobleek erosi zituzten. Hauek lur sail handiak zituztenez, tokian tokiko kazike bihurtu ziren. Honek hasieran ez zuen eragin handirik izan, baina gerora, arazo politiko eta sozioekonomikoak eragin zituen.

1898ko Krisia eta Erregenerazionismoaren Sorrera

1898ko krisi sakonak Berrezarkuntzaren sistema kolokan jarri zuen, eta estatua guztiz aldatzeko, Erregenerazionismoa sortu zen, mugimendu politiko eta intelektuala. Mugimendu honek garai hartako gizartea eta ekonomia aldatu nahi zituen, eta honek oihartzun handia izan zuen politikan. Izan ere, bai oposizioko indarrak (errepublikarrak, sozialistak...) eta bai boterean zeuden bi alderdi monarkikoak (kontserbadoreak eta liberalak) erreformak egitearen alde agertu ziren. Garai honetan koka ditzakegu Maura (1907-1909) zein Canalejasen (1910-1912) gobernuak, kutsu "erregenerazionismoko" programa erreformatzaileak burutuko dituztenak.

Ondorioak: Costaren Ikuspegia

Ondorioz, Costak, batetik, liberalismoaren garaipenari garrantzia ematen dio erregimen politiko gisa, baina, bestetik, sistema honen ezintasuna ere agerian uzten du Espainiak zuen arazo sozial handiena konpontzeko orduan: nekazarien miseria eta serbidunbrea. Arazo hau ez konpontzeak sistema politikoari berari eragiten dio, kazikismoan eta faltsukerian oinarrituta baitago. Honek guztiak sistemaren krisia eragingo du, eta diktadura militar baten hasiera ekarriko du: Primo de Riveraren diktadura, arlo batzuetan "erregenerazionista" izango dena.

Deskargatu

PDF Word HTML