Izakinen Kudeaketa: Kontzeptuak eta Sistemak
Izakinak: Kontzeptua eta Motak
Izakinak enpresak biltegian bilduta dituen material guztiei esaten zaie.
Enpresa guztietan ez dira izakin mota berdinak. Zertarako diren edo zer leku hartzen duten kontuan hartuta sailkatzen dira izakinak:
- Lehengaiak
- Produktu erdilanduak
- Produktu bukatuak
- Salgaiak edo merkaturatzeko izakinak
- Beste hornidura batzuk
- Azpiproduktuak
Inbentarioen Kudeaketako ABC Eredua
Enpresa baten izakinak garrantziaren arabera sailkatzeko erabiltzen da, batez ere enpresaren inbentarioan produktu asko daudenean eta enpresak ezin dienean produktu horietako bakoitzari denbora eta baliabide berdinak eskaini. Izan ere, izakinaren garrantziaren araberako zorroztasunez kudeatu beharko da.
ABC ereduak izakinak hiru kategoriatan banatzen ditu:
A izakinak
Horniduraren kudeaketarako gai garrantzitsuenak dira. Biltegiko gaien %20 inguru dira, eta haien balioa izakinen guztirako balioaren %60 eta %80 artekoa izan daiteke. Zehatz eta zorrotz aztertu beharreko izakinak dira, hornidurarako balio ekonomiko handiena dutenak baitira.
B izakinak
Aurrekoek baino garrantzi txikiagoa dute enpresarentzat. Dena den, izakin horiek egoki kontrolatzeko sistema eduki behar da, nahiz eta ez duen zertan aurrekoa bezain zorrotza izan. Biltegiko gaien %30 inguru izan daitezke, eta guztirako balioaren %10 eta %20 arteko balioa izan dezakete.
C izakinak
Horniduraren kudeaketarako garrantzi handirik ez duten izakinak dira. Enpresak biltzen dituen izakinen %50 inguru izan daitezkeen arren, biltegiko guztizko balioaren %5 eta %10 artean besterik ez dute izaten.
Ideia hau dago ABC ereduaren atzean: izakin kategoria bakoitzak bere kontrol-maila behar du, eta zenbat eta handiagoa izan biltegiratutako materialetan inbertitutakoa, orduan eta zorrotzagoa izan behar du kontrolak.
Inbentarioaren Kudeaketako JIT Sistema (Just In Time)
JIT sistema ekoizpena eta hornidura kudeatzeko sistema integratua da. Japonian garatu zen XX. mendeko laurogeiko hamarkadan, gerora Ameriketako Estatu Batuetan aplikatu zen, eta gaur egun munduko industria enpresa nagusietan erabiltzen da.
JIT sistemaren oinarria da enpresak ez duela produkturik ekoizten behar denera arte; hau da, ez da ekoitziko harik eta bezeroen eskabide irmoa edo ekoizpen-agindua egon arte.
Sistema horren oinarrizko helburua inbentarioan dauden izakinak murriztea da: berehala erantzungo zaie bezeroen eskabideei edo ekoizpen-aginduei. Enpresaren ekoizpenaren funtzionamenduari eta hornidurari eraginkortasunez eusteko behar den izakin maila txikiena da, hain zuzen ere, JIT inbentarioa.
JIT sistemaren helburuak hauek dira:
- Ahalik eta baliabide gutxien erabiltzea inbentarioan.
- Ekoizpen-epeak eta bezeroei emateko epeak murriztea.
- Kalitate sistema integratua edukitzea.
Izakinen Balioa Zehaztea
Izakinek balio ekonomiko kuantifikagarria dute. Enpresaren zuzendaritzak une oro jakin behar du zer balio duten biltegian dituen produktuek. Legediak ezartzen du izakinak, zer motatakoak diren kontuan hartuta, erosketa prezioan edo ekoizpen-prezioan balioztatu behar direla: Izakinak enpresak kanpoan erositako produktuak badira, erosketa prezioan balioztatzen dira; eta enpresak berak ekoitzitako produktuak badira, berriz, ekoizpen kostuan balioztatzen dira.