Izaki Bizidunen Ugalketa eta Bizi-zikloa

Biologia2,88 KB

Ugalketa eta Bizi-zikloa

Ugalketa: Izaki bizidunek ondorengoak sortzeko duten funtzioa da. Bi mota nagusi daude:

  • Asexuala: Banako edo guraso bakar bat aritzen da, eta hark beste banako batzuk sortzen ditu, bere berdin-berdinak. Horrela ugaltzen dira algak, protozooak, eta zenbait landare eta animalia ere.
  • Sexu bidezkoa: Eskuarki, bi banako edo guraso aritzen dira: ar bat eta eme bat. Horiek bi-bien karaktereak dituzten beste banako batzuk sortzen dituzte. Izaki bizidun zelulaniztunak ugaltzen dira horrela.

Ugalketa Asexuala Animalietan

Animalietan ugalketa asexuala hainbat modutan gerta daiteke:

  • Zatiketaz: Banakoa bi zatitan edo gehiagotan hausten da, eta zati horietako bakoitzetik ondorengo bat sortzen da. Birsorkuntza deritzon prozeduraren bidez ustekabean galdutako gorputz zatiak berriro ere sor daitezke.
  • Gemazioz: Animaliari koskor edo gema bat ateratzen zaio gorputzean. Organismo batzuetan, gema bereizi egiten da, eta banako heldu bat sortzen da hartatik.

Sexu Bidezko Ugalketa

Sexu bidezko ugalketan, banakoen sexuaren arabera sailka daitezke:

  • Sexu bakarra: Banako bakoitzak gonada mota bakarra du (arra edo emea). Espezie bereko arrak eta emeak desberdinak dira.
  • Hermafroditak: Banako bakoitzak bi gonada motak ditu, maskulinoak nahiz femeninoak.

Ernalketa

Ernalketa obuluaren eta espermatozoidearen bat-egitea da. Bi mota nagusi daude:

  • Kanpo-ernalketa: Amaren organismotik kanpo gertatzen da. Emeak obulu ernaldugabeak kanporatzen ditu, eta ondoren, arrek espermatozoideak askatzen dituzte, obuluak ernal ditzaten. Itsas zaldiak, olagarroak eta arrain gehienak ernaltzen dira horrela.
  • Barne-ernalketa: Ugaltze aparatu femeninoaren barnean gertatzen da, ingurune nahikoa hezea baita hura, ernalketarako ezinbesteko baldintza. Lehorreko ia animalia guztiak eta ur-animalia batzuk ernaltzen dira horrela.

Enbrioi-garapena

Enbrioiaren garapena ernalketaren ondoren gertatzen da. Hiru mota nagusi daude:

  • Obiparoa: Enbrioia amaren gorputzaren kanpoan garatzen da: arrautzan, hain zuzen ere; eta hartan dauden gordekinez elikatzen da. Kanpo-ernalketa duten animaliak garatzen dira horrela (arrain gehienak, esate baterako), eta barne-ernalketa duten batzuk ere bai (hegaztiak eta narrasti gehienak, besteak beste).
  • Bibiparoa: Enbrioia amaren gorputzaren barnean garatzen da, eta garapen-prozesuan, amak, besteaz gain, elikatu ere egiten du.
  • Obobibiparoa: Enbrioia amaren barnean garatzen da, baina mantenugaiak arrautza-gordekinetatik lortzen ditu. Horrela ugaltzen dira marrazo eta arraia batzuk eta zenbait suge eta musker.

Deskargatu

PDF Word HTML