Industria Iraultza: Kontzeptuak eta Ondorioak

Historia5,82 KB

Industria Iraultza: Kontzeptua

Ekoizpen prozesuetan makinak masiboki erabiltzen hastearen ondorioz sortutako aldaketa ekonomiko eta sozial garrantzitsuen multzoa da. Nekazaritza-ekonomiatik ekonomia industrialera eta landa-gizartetik hiri-gizartera igarotzea ekarri zuen.

Zergatik hazi zen biztanleria XVIII. mendean?

  • Elikadura hobetu zelako.
  • Higienean aurrerapenak egin zirelako.
  • Osasungintzan hobekuntzak egin zirelako.

Nekazaritza-iraultza eta industrializazioa

Nekazaritza-iraultza elikagaien eskariak gora egin zuenean nekazaritzan eta abeltzaintzan aplikatutako berrikuntzen multzoa izan zen.

Onurak industrializazioari:

  • Nekazaritzako teknikak hobetu ziren: burdinazko goldea erabiltzen hasi zen eta makina berriak gehitu ziren.
  • Nekazaritzako egiturak eraldatu egin ziren:

    Iraultza liberalen ondorioz, jaunen jabetzako lurrak edo herri-lurrak jabetza pribatu bihurtu ziren. Burgesak lursailak erosten hasi ziren, haietan inbertitu eta irabaziak lortzeko asmoz. Lehen sektorearen ekoizpenak gora egin zuen. Nekazariek diru-sarrera handiagoak lortu zituzten, eta horiek industrian edo bankuetan inbertitu zituzten.

Zergatik sortu ziren fabrikak?

XVIII. mendera arte, manufaktura-lanak lantegi txikietan egiten ziren, eskuz eta tresna sinpleekin. XVIII. mendearen bigarren erdian, zenbait makina asmatu ziren Britainia Handian; makina horiek leku handia eta inbertsio garestiak behar zituzten. Horrela, lantegien ordez fabrikak sortu ziren.

Lehen makinek energia hidraulikoarekin funtzionatzen zuten, baina James Wattek lurrun-makina patentatu zuenean, lurrun-energia nagusitu zen. Fabrikak eraikitzean, industria-jarduerak toki jakin batzuetan pilatu ziren. Langile bakoitza espezializatu behar zen (lan-banaketa).

Lan-banaketak produktibitatea areagotu zuen, eta horregatik, produktuen prezioak jaitsi egin ziren.

Liberalismoaren ideia nagusiak

Industrializazio-prozesuarekin batera, doktrina ekonomiko berri bat zabaldu zen: Liberalismoa. Doktrina horren ustez, askatasun ekonomikoaren printzipioak zuzendu behar zuen jarduera ekonomikoa; hau da, enpresak sortzeko, langileak kontratatzeko eta produktuen prezioak finkatzeko askatasun osoa egon behar zen.

Estatuak ez zuen ekonomian parte hartu behar, eskaintzaren eta eskariaren legeak erregulatzen baitzituen produktuen prezioak eta langileen soldatak.

Garraioen iraultzaren ondorioak

  • Meatzaritza eta siderurgia gehiago garatu ziren, eta lanbide berriak agertu ziren.
  • Merkataritza garatu zen, bidaia-denborak eta garraio-kostuak murriztu zirelako.
  • Munduko ekonomiaren espezializazioa bultzatu zen. Herrialde industrializatuek produktu manufakturatuak ekoizten eta esportatzen zituzten; koloniek, berriz, lehengaiak saltzen zizkieten herrialde industrializatuei.
  • Eguneroko bizitza aldatu zen. Dieta hobetu zen, elikagai galkorrak garraiatu baitzitezkeen, eta emigrazioa erraztu zen.

Migrazio handien garaia

Industria Iraultzak nekazaritza-lanen mekanizazioa bizkortu zuen, eta ekoizpena hirietan pilatzea eragin zuen. Nekazari asko hirietara joan ziren lan bila; hartara, hiritartze-prozesu handi bat hasi zen Europan. Hiriek ez zuten nekazari-exodo guztia hartzeko ahalmenik. Hori dela eta, 60 milioi europarrek beste kontinente batzuetara emigratu zuten. Garraioen iraultzak biztanleen mugimendu horiek asko erraztu zituen.

Gizarte berri bat: Klase-gizartea

Gizarte industrial berria berdintasun juridikoan oinarritu zen. Dena den, gizarte hartan desberdintasun handiak zeuden:

  • Emakumeek gizonen mende egoten jarraitzen zuten.
  • Desberdintasun ekonomiko handiak zeuden.

Gizartea gizarte-klasetan zatitu zen. Gizarte-klaseak ahalmen ekonomikoagatik bereizten ziren, eta ez pribilegioengatik. Horrela, hiru klase bereizi ziren: goi-mailakoa, erdi-mailakoa eta behe-mailakoa.

Goi-burgesia

Burgesia gizarte industrial berriko klase boteretsuena bihurtu zen. Talde honetan enpresariak, goi-funtzionarioak eta profesional liberal batzuk (medikuak, abokatuak, kazetariak) sartzen ziren. Burgesak hirietan bizi ziren, zabalguneko auzo berrietan. Haien balioak, hala nola lana, ahalegina eta aurreztea, nagusi bihurtu ziren gizartean.

Erdi-mailako klaseak

XIX. mendearen amaieran, gero eta ugariagoak ziren. Behe-mailako klaseetako jendeak baino egoera ekonomiko eta hezkuntza-maila hobeak zituzten, baina goi-burgesiarenak baino okerragoak. Talde heterogeneo bat zen, eta bertan maisuak, merkatari txikiak, administrazioan eta armadan erdi-mailako postuak zituztenak, eta landako medikuak sartzen ziren.

Haien balio nagusiak lana eta aurreztea ziren. Hezkuntzari ere balio handia ematen zioten: seme-alabak kalitatezko eskoletara bidaltzen zituzten, gizartean aurrera egin ahal izan zezaten.

Proletariotza: Definizioa eta bizimodua

Industria Iraultza garaian, proletariotza agertu zen. Lanerako indarra soldata baten truke saltzen zutenek osatzen zuten; hau da, langileek.

Langileek soldata baxuak kobratzen zituzten, bizirik irauteko ozta-ozta iristen zitzaien. Haurrek oso goiz uzten zituzten ikasketak, lan egin behar baitzuten familia mantentzen laguntzeko. Gainera, lanaldi luzeak izaten zituzten: hamabi ordutik gorakoak. Etxeko zerbitzariak ere behe-mailako klasekoak ziren.

Langile-mugimenduaren sorrera

Langileak, fabriketan pilatuta lan egitean, beren lan-baldintza gogorrez konturatu ziren, eta haiek hobetzen saiatu ziren. 1824an aitortu zen lehen aldiz elkartzeko eskubidea Britainia Handian.

Une hartatik aurrera, lehen sindikatuak (Trade Unions) sortu ziren, soldata hobeak, lanaldia murriztea eta haurrek lanik ez egitea, besteak beste, eskatzeko. Greba zen presioa egiteko erabiltzen zuten bide nagusia.

Deskargatu

PDF Word HTML