Immanuel Kanten Teoria Etikoa: Deontologia eta Morala

Filosofia eta etika2,56 KB

Kanten Teoria Etiko Deontologikoa

XVIII. mendearen amaiera aldera, Immanuel Kantek lehenengo teoria etiko deontologikoa sortu zuen. Filosofoak onartzen du berez izaki bizidun sentikor guztiek dutela plazererako joera eta gizaki guztiek nahi dugula zoriontsuak izan. Hori dela eta, Kantek uste du helburu moralak direla soilik askatasunez proposa ditzakegunak.

Xede moralak eta kontzientzia

Zein dira xede moral horiek? Galdera horri Kantek erantzuten dio pertsonek badugula zenbait arau bete beharraren kontzientzia, betetzeak zoriona eman edo ez. Esaten badugu, "ez da inor hil behar" edo "ez da hipokrita izan behar", kontuan hartzen duguna ez da agindu horiek zein neurritan egiten gaituzten zoriontsu, baizik eta horrela ez jarduteak gizagabe egiten gaituela.

Autonomia eta arrazoimena

Non sortzen dira, baina, agindu horiek? Gure arrazoimenean sortzen dira, ez nahietan. Eta bere buruari arauak jartzeko gai den izakia, izaki autonomoa da. Horregatik adierazten dira arau horiek inperatibo kategorikotzat, hots, baldintzarik gabeko agindutzat.

Inperatibo kategorikoak eta hipotetikoak

Inperatibo kategorikoak dira zerbait egiteko agintzen dutenak baldintzarik gabe. Aldiz, inperatibo hipotetikoak dira zerbait egitea agintzen dutenak, egitearen bidez nahi den helbururen bat lortzeko. Kanten arabera, inperatibo hipotetikoak ez dira inperatibo moralak, zuhurtzia-aholkuak baizik.

Duintasuna eta borondate ona

Bestalde, arrazoimenak badaki pertsona izatea berez dela baliotsua eta moralaren xedea dela pertsona izateko nahia beste ezein xederen gainetik egotea: gure arau arrazionalak bete nahi izateko borondate ona izatea. Gure arrazoimena arrazoimen praktikoa da. Pertsonak baliotsuak dira, helburu beren horretan duintasundunak.

Inperatibo kategorikoaren formulazioak

Arau bat inperatibo morala den edo ez jakiteko, Kantek hau proposatu zuen: Araua benetan inperatibo kategorikoa bada, printzipio honi jarraitzen diola frogatu ahal izango da:

  • "Ekin zure ekintzaren araua lege unibertsal bihur dadin nahi izateko moduan."

Kantek inperatibo kategorikoaren printzipioaren beste bi formulazio nagusi eman zituen:

  • "Jokatu zugan eta beste edozeinengan gizatasuna ez tresnatzat bakarrik erabiltzeko moduan, helburutzat ere izateko moduan baizik."
  • "Jokatu helburuen erreinu batean zure jokaeraren araua legediak jasotzeko modukoa izateko moduan."

Deskargatu

PDF Word HTML