Ilustrazioa, Egia eta "Sapere Aude" Aro Digitalean
Ilustrazioa eta Kanten "Sapere Aude"
Ilustrazioaren funtsa
Ilustrazioa pertsona bere kabuz pentsatzeko gai izatea da, besteen gidaritzarik gabe. Adingabetasuna ez da adimen faltaren ondorio, baizik eta erabakitzeko ausardia eta konfiantza ezaren ondorio. Horregatik, Kantek dioen bezala, ilustrazioaren lema da Sapere aude: "Ausartu zaitez zure adimenaz baliatzen!".
Arrazoimen publikoaren garrantzia
Ilustrazioaren testuaren ideia nagusia da ilustrazioa gizakiak bere adingabetasunetik irteteko prozesua dela. Kantek dioenez, ilustrazioaren ardatz nagusia erlijioan kokatuta dago, gobernuek ez baitute interesik menderakoei tutoretza inposatzeko. Hala ere, ilustrazioaren aldeko pentsamoldeak adierazten du garrantzitsua dela arrazoimena publikoki erabiltzeko aukera, legegintzan ere, ideiak kritikoki aztertu eta hobetzeko.
Adimen askea, aurrerapenaren giltza
Testuak Ilustrazioaren alde egiten du, adimenaren erabilera publiko askea defendatuz, hori baita aurrerapen intelektualaren giltza. Salatzen du botereek obedientzia itsua eskatzen dutela, arrazoibide librea galaraziz.
Egiaren bilaketa aro digitalean
"Egia ostea" fenomenoa
"Egia ostea" izeneko fenomenoa nagusitu da. Gizarte digitalaren hedapenarekin, informazioa azkar zabaltzen da, baina ez beti egia objektiboan oinarrituta. Adibidez, sare sozialetan, gezurrezko albisteek edo manipulatutako informazioek eragin handia dute jendearen iritzietan, eta egiarekiko beste pentsaera sortzen da. Horregatik, Kanten Sapere aude (Ausartu zaitez jakitera) esaldia inoiz baino garrantzitsuagoa da: bakoitzak bere kabuz hausnartu eta egia bilatu behar du.
Erlatibismo eszeptikoa
Erlatibismo eszeptikoaren arabera, ez dago egia absoluturik, eta guztiaren interpretazioa subjektiboa da. Norberaren ikuspegia eta testuingurua kontuan hartu gabe, ezin da egiari buruzko baieztapen orokorrik egin. Esaterako, kultura batzuetan tradizio jakin batzuk sakratuak dira, baina beste batzuetan horiek ez dira baliozkoak. Horrek erakusten duenez, egiaren definizioa aldatu egiten da gizarte eta garaien arabera.
Dogmatismo arrazionalista
Dogmatismo arrazionalistaren arabera, egiak existitzen dira eta gizakiak arrazoimenaren bidez ezagutu ditzake. Hau da, mundua ezagutzeko oinarri sendoak egon behar dira, eta horiei jarraituz, egiak eraikitzen dira. Adibidez, zientziaren kasuan, grabitatearen legea ezin da subjektiboki interpretatu; behin eta berriz frogatu denez, objektiboa da. Hala ere, filosofia eszeptikoak zalantzan jartzen du ea giza arrazoiak egia absolutuak lortzeko gaitasuna duen.
Egiaren erlatibismoa eta mugak
Erlatibismoaren arabera, egia ez da absolutua ezta unibertsala, eta zerbait egiazkoa edo faltsua izatea gure ikuspuntuaren, garaiaren eta lekuaren araberakoa da. Hori dela eta, bakoitzak bere egia du, eta egiaren interpretazioa kultura, ohitura eta sinesmenen menpe dago. Bestalde, badaude faltsuak diren ikuspegiak. Pertsona bakoitzak bere perspektibatik begiratzen dio errealitateari.
Lurra laua dela uste duen norbaitek bere egia izan dezakeela esan dezake, baina zientifikoki frogatuta dago Lurra esferikoa dela. Beraz, egia hainbat modutan interpreta daitekeen arren, badaude objektiboki okerrak diren ikuspegiak.
"Sapere Aude" gaur egungo erronken aurrean
Egia ostea bizi dugun garai honetan, informazioaren kontrola eta manipulazioa arazo larria bihurtu dira. Komunikabideetan eta sare sozialetan, egiak nahita lausotzen dira, pertzepzioak moldatzeko helburuarekin. Hori dela eta, filosofiaren oinarrizko printzipioetako bat berreskuratu behar dugu: Sapere aude. Kritika eraikitzailea, hausnarketa eta ebidentzian oinarritutako ezagutza beharrezkoak dira egia bilatzeko bidean. Bestela, iritzien nahas-mahas batean galdu eta manipulazioaren biktima bihur gaitezke.