Hitlerren Igoera eta Alemaniako Estatu Totalitarioa
Hitler Kantziler: Boterearen Kontzentrazioa
Koalizioko gobernu baten buru zela, Hitlerrek bortizkeria erabili zuen bere lehiakide politikoak ikaratzeko. 1933ko martxoaren 5erako egin zuen kantzilerrak hauteskundeetarako deialdia. Naziek garaipen handia lortu zuten hauteskunde haietan.
Reichstageko Sutea eta Salbuespen Egoera
1933ko hauteskundeak baino lehentxeago, su eman zioten Reichstagari, hau da, Alemaniako Parlamentuari. Aurreko astean gertatu zen sute hark areago nahastu zuen egoera politikoa. Hitlerrek agente komunistei leporatu zien sutea, eta horrela aitzakia bat izan zuen susmagarriak espetxeratzeko eta prentsa askatasuna eta gainerako berme konstituzionalak bertan behera uzteko.
Demokrazia Diktadura Bihurtzeko Urratsak
Gehiengo nazia zuen Reichstag hark eta kantzilerrak lege sail bat aldarrikatu zuten, Alemania estatu totalitario bihurtu zutenak. Hauek izan ziren aldaketarik garrantzitsuenak:
- Botere betearazleak bere eremua handitu zuen, funtzio legegileak bereganatuz.
- Alderdiak eta sindikatuak legez kanpo utzi ziren, eta haien ordez Alderdi Nazia eta sindikatu korporatibo bat, Alemaniar Lan Frontea, ezarri zituzten.
- Federalismoa deuseztu egin zen, eta gobernadore naziak ipini ziren probintzietan.
- Beren betekizunetatik baztertu zituzten nazismoaren aldekoak ez ziren funtzionarioak.
1933ko apirilean Gestapo fundatu zen, Estatuko polizia sekretua, SSen kontrolpean. Pertsekuzio politikoa oposizioko kide guztiengana iritsi zen, baita Alderdi Nazira berera ere. Horrela, 1934ko ekainaren 30ean, SSek SAren buruzagiak atxilotu, traizioz salatu eta erail egin zituzten, Labana Luzeen Gauean.
Alemaniar Estatu Totalitarioa (1934-1935)
1934an, Hindenburg presidentea hil zenean, Hitlerrek hartu zuen Alemaniaren presidentetza. Hirugarren Reicha ezarri zuen, estatu totalitarioa eratuz, non xede kolektiboaren lorpenek gizabanakoenak ezerezten baitzituzten. Estatuaren kontrolpean geratu ziren bizitzaren eta gizartearen alor guztiak.
Ekonomia eta Gizarte Kontrola
Ekonomian, Italia faxistan bezala, estatu interbentzionismo zurrun bat zabaldu zen, jabetza pribatua erabat errespetatuz bazen ere, autarkiara iristeko helburuarekin. Estatuak obra publikoak eta armamentu industria sendo bat bultzatu zituen, langile kopuru handiak behar zituzten sektoreak bata zein bestea. Horren ondorioz, langabezia murrizten hasi zen, soldadutzara zihoazen gazte kopuruaren eta armamentu eta obra publikoen industriaren bultzadaren ondorioz ere.
Gizartea guztiz arautu eta zurrundu zen. Heziketa nazismoaren zerbitzura jarri zen. Eliza katolikoa eta luteranoa zainpean eduki zituzten, eta heziketatik urrun. Langile klaseak egonkortasuna lortu zuen lanean, soldata baxuekin, baina askatasunak eta eskubideak galtzearen truke (greba eskubidea, esate baterako). Erdi mailako klaseak seguru sentitzen ziren ordenan oinarrituriko erregimen autoritario baten mende. Goi mailako burgesiak, klaseko sindikaturik ez baitzegoenez, boterearen aginduei heldu, eta handitzen ikusi zituen bere industriak eta irabaziak.
Juduen Aurkako Pertsekuzioa: Kristal Hautsien Gaua
SSetako naziek eta Hitler Gaztediek eraso egin zieten auzo juduei, alemaniar diplomatiko baten erailketa mendekatzeko aitzakiarekin. 91 judu hil ziren eta ehunka zauritu izan ziren, eta txiki-txiki eginda geratu ziren milaka denda eta ehunka sinagoga. Kristal Hautsien Gauak markatu zuen Hirugarren Reicheko juduen pertsekuzio erabatekoa.