Hiponako Agustin eta Aquino: Arrazoia eta Fedea
Hiponako Agustinen Pentsamendua: Arrazoia eta Fedea
Kristautasuna ez zen sortu arrazoizko pentsamendu sistema bezala, edo sistema filosofiko bezala, baizik eta salbamenerako doktrina modura. Horrela sortu zen kristau filosofia. Kristau filosofia izenarekin ezagutzen da kristau agerkundearen inguruan zenbait idazlek landutako jarduera arrazionala. Pentsalari kristauen zeregina kristau agerkundearen tesiei babes arrazionala ematea da.
Patristika deitzen zaio, eta lan hori Agustin Hiponakoaren sintesiarekin bukatu zen. Elizaren gurasoen jardueran, ezin da banandu arrazoizko pentsamendua eta esperientzia erlijiosoa, eta horren adibide garbia Hiponako Agustinen pentsamendua da.
Benetako zoriontasuna egia osoa izatean datza, baina egia partikular guztiak gainditzen dituen egia izan behar du. Egia hori Jainkoa bakarrik izan daiteke. Egiaren agustindar bilaketa hau ez da teorikoa bakarrik; ez du ezagutza bakarrik suposatzen, fedea eta maitasuna ere suposatzen ditu.
Egia aurkitu ez duena ezin da zoriontsu deitu. Horrela, egiaren bilaketa ez da metodo bat, baizik eta "bide espiritual" bat, ibilbide bat.
Beraz, arrazoiak eta fedeak, batak bestearen beharra dute egia aurkitzeko. Agustinen iritziz, egiaren bilaketan hasieran fedea dago, fedearen bidez onartzen baitu kristauak Jainkoak agerrarazitako egia. Ondoren, egia hori ulertzeko arrazoiaren lana behar da.
Arrazoia, beraz, ez da nahikoa jakinduria lortzeko. Horrela, fedeak arrazoimena argitzen eta gidatzen du, eta arrazoimenak fedearen edukiak arrazoitzen ditu.
San Agustinek ez du fedea eta arrazoiaren artean mugarik jartzen, biak batera aritzen dira elkarlanean egia lortzeko.
Aquinoko Tomasengan
Ordura arteko arrazoia eta fedearen arteko arazoari buruzko iritzia aldatu egingo da eta berritze hau batez ere Tomasek burutuko du.
Arazo honen aurrean, Tomasek abiapuntu modura teologia eta filosofiaren elkarren arteko autonomia baieztatuko du. Filosofia eta Teologia bi zientzia desberdinak dira, eta dagozkien gaietan bakoitza gauza da egiara heltzeko.
Hala ere, badaude filosofiak eta teologiak komunean lantzen duten hainbat gai. Kasu hauetan, Tomasek dio bai arrazoiak bai fedeak diotena bat etorri behar dutela nahitaez.
Azkenik, komunak diren gai horietan filosofia eta fedea osagarriak dira, elkarren artean lagundu egiten direlarik. Filosofiak sinesmenari laguntzen dio logika metodoa aplikatzen, hau da, Teologia modu zientifikoan eraikitzen. Sinesmenak egiaren mugak erakutsiko dizkio. Arrazoiaren ondorioak errebelazioarekin bat egiten ez dutenean, teologiak epaitzen du.