HIESA: Zer da, Transmisioa eta Tratamendua
HIESA: Zer da?
HIESA birus batek eragindako gaixotasun larria da. Birus horrek immunitate-sistemako zelulei erasotzen die, eta beren funtzioa bete ezinik uzten ditu edo deuseztatzen dira. Birusa duten pertsonak ia inolako babesik gabe geratzen dira, eta zenbait minbizi motaren intzidentzia handitzen da.
HIESAREN BIRUSA (GIB)
HIESAREN BIRUSA edo GIB erretrobirusa oso txikia da (120 nm) eta esfera formakoa. Material genetikoa RNA du; horregatik, RNA ezegonkorragoa denez DNA baino, bizkorrago mutatzen du eta etengabe aldaketak eragiten ditu antigeno gisa jokatzen duten mintzeko proteinetan. Birusaren proteinak gai dira linfositoa (CD4) proteinetara estu lotzeko.
Bi mota ditu:
- GIB-1 erretrobirusa: mundu osoan zabalduen dagoena da, eta infektatuta dauden pertsonengan ondorio gaiztoenak dituena.
- GIB-2 erretrobirusa: mendebaldeko Afrikako populazioetan dago; ez da GIB-1 bezain birulentoa eta, haren aldean, estalkiko proteina batzuk desberdin ditu.
HIESAREN BIRUSA NOLA KUTSATZEN DA?
HIESaren birusa larruazalean zehar sartzen da, gorputzean berez ditugun zuloetako mukosetan zehar edo zainetatik. Beroarekiko oso sentikorra da, eta 60 ºC-tan deuseztatzen da.
Transmisio-bideak dira:
- Odola: Xiringa eta orratz kutsatuak erabiliz, edo odol-transfusioen bidez, odola gaixotasuna duten pertsonena bada.
- Sexu-harremanak: Baginako fluxuan eta esperman egon daiteke, eta mukosa genitala erraz hausten denez, birusa odolarekin kontaktuan jartzen da, eta kutsatzea gerta daiteke.
- Amaren eta fetuaren artekoa: Haurdun dagoen emakumeak hiesaren birusa badu, gerta daiteke fetua kutsatzea; birusa gai baita karena zeharkatu eta fetuaren odolera iristeko. Erditzean ere infekta daiteke fetua. Eta edoskitzean amaren bularra hartzea ere kutsatzeko bidea izan daiteke, bere esneak hiesaren birus ugari edukiko dituelako.
HIESAREN DIAGNOSTIKOA ETA TRATAMENDUA
Gaur egun ez da lortu oraindik hiesaren birusa deuseztatzea eta organismotik ezabatuko duen botikarik. Baina zenbait farmakoekin gaixotasuna geldiaraztea eta aurrera ez jarraitzea lortzen da, eta, beraz, gaixoak luzaroago bizitzea. Botika horiek antirretrobiralak deritze; birusaren konplexu entzimatikoak inhibitzen dituzte eta birusa ugaltzeko prozesua mantsotu egiten da, beraz. Tratamendu eraginkorrenak zenbait antirretrobiralen nahasteak dira, 'koktel' esan ohi zaizkienak: birusen ugalketa gutxitzen dute eta immunitate-sistemaren narriadura atzeratzen. Gaur egun hasiak dira saiakuntza klinikoetan birusaren kontra balio dezaketen txerto terapeutikoak ematen, ea lortzen den pertsona infektatua birusaren infekzioa kontrolatzeko gai izatea, ezein tratamenduren beharrik gabe.