Harri Sedimentarioak: Prozesuak eta Sailkapena

Geologia3,68 KB

Harri Sedimentarioak

Litifikazioa

Litifikazioa sedimentuak harri sedimentario bihurtzen dituzten prozesuen multzoa da. Prozesu horiek sedimentuei eragiten diete, horiek lurrazalean bertan edo lurrazalatik hurbil daudenean, eta, hortaz, presio eta tenperatura moderatuetan gertatzen dira. Sedimentuen gainean geruza berriak metatu ahala, aldatu egiten dira horiek jasaten dituzten baldintzak, eta aldaketa horren ondorioz gertatzen da litifikazioa.

Sedimentuek gainerako sedimentuen pisua jasaten dutenez, estu-estu elkartzeko joera dute, eta porositatea eta poro horiek betetzen zuten fluido (airea edo ura) kantitatea murriztu egiten da; presioa handitzean, sedimentuak trinkotu egiten dira. Sedimentuen artean dagoen urak hainbat gai ditu disolbatuta, eta horiek prezipitatzen direnean, poroak betetzen dituzte. Era horretara, zementu erako gai batek elkartzen ditu sedimentuak, eta horrek ere murriztu egiten du porositatea. Prozesu horri zementazioa esaten zaio. Era askotako gaiek osa dezakete zementua, nahiz eta ohikoenak kaltzio karbonatoa eta silizea diren.

Trinkotzearen eta zementatzearen ondorioz, harri sedimentarioek jatorrizko sedimentuek baino iragazkortasun txikiagoa dute. Litifikazio prozesu ohikoenak trinkotzea eta zementatzea dira; hala ere, beste prozesu batzuk ere gertatzen dira.

Fosiltzea

Sedimentuetako izaki bizidunen aztarnak edo arrastoak ere aldatu egiten dira litifikazioan zehar, eta suntsitzen ez badira, fosil bihurtzen dira. Fosil esaten zaio desagertutako izaki bizidunen edozein hondakini edo haren jardueraren edozein arrastori.

Sedimentuetako izaki bizidunen arrasto edo hondakin gehienak hondatu egiten dira, eta ez dira fosilduta gelditzen. Fosil bihur daitezen, ezinbestekoa da sedimentuek hondakinak laster lurperatzea. Era horretara, saihestu egiten da beste izaki bizidun batzuen edo higaduraren ondorioz sedimentuak suntsitzea, eta, horrez gainera, mikroorganismoen ondoriozko deskonposizioa ere murriztu egiten da (mineralizazioa da ohikoena).

Harri Mota

Harri Detritikoak

Zatiki gehienen ale-tamainaren arabera sailkatzen dira; zatiki guztiak ez dira tamaina berekoak izaten. Adibidez, konglomeratuan zatiki biribilak izaten dira; harearen edo buztinaren zatikiak egon daitezke, baina proportzio txikiagoan.

Ez-Detritikoak

Osaera kimikoaren arabera sailkatzen dira:

  • Harri Karbonatatuak: Karbonatoen prezipitazioaren ondorioz eta organismoen hondakin karedunen pilaketaren ondorioz sortzen dira.
  • Ebaporitak: Gatzetan aberatsak diren uretatik abiatuta eta prezipitazio kimikoaren ondorioz eratzen dira. Ebaporita bakoitza mineral batez osatua egoten da, eta mineral horren izena hartu ohi du ebaporitak.

Harri Organogenoak

Izaki bizidunen hondakin organikoen pilaketaren ondorioz sortzen dira. Gai organiko hori desegin gabe dago, harekin batera buztina jalki zelako, eta hark oxigenotik isolatu zuelako. Litifikazioan, jatorri begetaleko materia organikoak gero eta karbono gehiago du, eta, horrela, hainbat ikatz mota sortzen dira. Materia organikoa itsas planktonetik badator, petrolioa osatzen duten hidrokarburoetan bihurtzen da.

Bitarteko Harri Sedimentarioak

Tuparriak kareharri eta lutita arteko harri sedimentario oso arruntak dira. Tuparriek antzeko kaltzita eta buztin kantitatea dute. Buztina bada nagusia, marga buztintsua dela esaten da, eta kaltzita nagusia bada, kareharri tupatsua.

Harri sedimentario guztien artetik, lutitak, arenitak eta harri karbonatuak dira ugarienak; hiru horiek harri sedimentarioen % 99tik gora osatzen baitute.

Deskargatu

PDF Word HTML