Hamarkada Gaitzesgarria, Isabel II.a eta Lehen Karlistaldia Euskal Herrian: Foruen Bilakaera
Hamarkada Gaitzesgarria
Absolutismoa berrezartzean, Inkisizioa izan ezik, Hirurteko Liberalean egindako erreforma guztiak bertan behera geratu ziren. Liberalekiko errepresio oso gogorra izan zen, eta gerlari ospetsuak fusilatu zituzten. Adierazpen-askatasunik eza zegoen: egunkariak itxi zituzten, eta unibertsitatea bi urtez egon zen itxita. Hala ere, Fernando VII.ak politika despotikoa egin zuela esan beharra dago; izan ere, ekonomia garatzeko, errepideak eraiki, industria-erakusketak sustatu (Katalunian lehen lurrun-makina, Marbellan lehen labe garaiak), lur gehiago lantzen hasi eta Madrilen burtsa sortu zituen. Estatu-zorra murrizteko, San Carlos bankua itxi zuen.
Baina, hala ere, kolonien galerarekin, ekonomiak arazo izugarriak zituen. Lehen aipatutako neurriak ez ziren nahikoak izan, eta politika autarkikoa (merkataritzarik gabekoa) burutu zuten.
Bi talde sortu ziren politikan: batzuk Fernando VII.aren aldekoak ziren, eta beste batzuek absolutismo gogorragoa eskatzen zuten. Erregetza amaitzear zela, 1830 inguruan, Europan iraultza liberalak gertatu ziren, Frantzian adibidez. Espainian hainbat konspirazio izan ziren, baina Torrijos eta bere lagunen edo Mariana Pinedaren exekuzioekin erreprimitu zituzten.
Euskal Herrian foru-erregimena berrezarri zen, eta Hirurtekoan sortutako partidek 30eko hamarkadako iraultzan eragin handia izan zuten.
1833an Fernando VII.a hil zenean, Karlos anaia eta Isabel II.a alaba ziren tronurako aukerak. Azkenean, Lege Salikoa alde batera utzita, Isabel izendatu zuten erregina.
Isabel II.aren erregetza
Erregeordetzak
Isabel II.a adingabea zenez, Maria Kristina amak hartu zuen erregeordetza. Garai honetan Estatu liberalaren oinarriak finkatu ziren: zentralizazioa eta botere juridikoaren nagusitasuna. Euskal Herrian gerra garaia zen, eta ilustratuak nahiz liberalak bere alde jartzeko, Maria Kristinak ilustratu bat izendatu zuen gobernuburu. Baina liberalek ez zuten gobernu hau gustuko, eta Martinez de la Rosa izendatu zuten gobernuburu. Haren lan garrantzitsuena Errege Estatutua (1834) izan zen, Gorteak arautzen zituena.
Gorteak bi ganberakoak izango ziren:
- Goi Ganbera: erregeak aukeratutako kleroak eta nobleziak osatuko zutena.
- Prokuradoreen Ganbera: sufragio zentsitarioz hautatua.
Oso gutxik zuten botoa emateko eskubidea, eta horrela, botere handia ematen zitzaion erregeari; ez zen eskubiderik ez subiranotasun nazionalik aitortzen. Gorte horiek monarkia konstituzionala eta absolutismoaren abolizioa ekarri zituzten. Baina legedi hau oso moderatua zen, eta progresistak matxinatu egin ziren.
Beraz, Maria Kristinaren garaian ezegonkortasuna, ekonomia txarra eta gerra zibila (Lehen Karlistaldia) izan ziren nagusi. Progresistek egoera hau aprobetxatu eta 1835-1836an boterea lortu zuten La Granjako sarjentuen matxinadaren bidez. Mendizabalek eta Calatravak gobernuburutza hartu zuten, eta erregina 1812ko Konstituzioa zin egitera behartu zuten. Desamortizazioa ere burutu zuten (Mendizabalen desamortizazioa). Hirurteko Liberalean emandako dekretuak martxan jarri, Milizia Nazionala eratu eta inprimatzeko askatasuna ezarri zituzten.
1837ko Konstituzioa
Une larrian egindakoa izan zen; progresistek moderatuen beharra zuten Gerra Karlista irabazteko, hortaz, konstituzio hau 1812koa baino moderatuagoa izan zen, adostasun zabalagoa bilatuz. Hala ere, honako printzipio hauek aitortzen zituen:
- Subiranotasun nazionala.
- Botere-banaketa.
- Norbanakoaren eskubideak.
- Adierazpen-askatasuna.
- Habeas corpus eta errugabetasun-presuntzioa.
Gorteak bi ganberakoak ziren, eta erregeak ministroak izendatzen zituen, baina hauen erantzukizuna Gorteen aurrean ezartzen zen. Katolizismoa estatu-erlijio gisa mantentzen zen, nahiz eta beste kultu batzuen tolerantzia pribatua onartu. Konstituzio honek ez zituen euskal foruak esplizituki aipatzen, baina haien etorkizuna lege berezien esku uzten zuen, praktikan haien murrizketa ekarriz. Moderatuek ondorengo hauteskundeak irabazi eta legeak beren ideologiara moldatu zituzten: prentsa-askatasuna mugatu, etab.
Lehen Gerra Karlista (1833-1840)
Fernando VII.a hil zenetik 1840ra arte iraun zuen, eta Euskal Herrian eragin bereziki handia izan zuen. Gerraren arrazoi nagusiak bi izan ziren:
- Auzi dinastikoa: Alde batetik, Karlos Maria Isidroren (Fernando VII.aren anaia) tronurako eskubidea defendatzen zutenak zeuden (Lege Salikoaren aldekoak), eta bestetik, Isabel II.aren (Fernando VII.aren alaba) aldekoak.
- Auzi ideologikoa: Karlistek absolutismoa eta Antzinako Erregimena defendatzen zuten ("Jainkoa, Aberria, Erregea, Foruak" lelopean); Isabelen aldekoek (isabeldarrek edo kristinatarrek), berriz, liberalismoa.
Nazioarteko laguntzei dagokienez, Austria, Prusia, Errusia eta beste potentzia absolutistak Karlosen alde zeuden; Frantziak eta Britainia Handiak, berriz, Isabelen alde, interes ekonomiko eta politikoengatik.
Euskal Herrian krisi garaia zen, eta Karlosen absolutismoa eta foruen defentsa uztartzen zituen ideologiak babes handia izan zuen, bereziki landa-eremuetan. Karlosen alde nekazariak, behe-kleroa eta behe-noblezia lerrokatu ziren. Beste aldean, isabeldarrekin, goi-mailako kleroa eta noblezia, armada, burgesia eta hirietako biztanleak zeuden gehienbat.
Gerraren faseak
Lehen fasea (1833-1835): Zumalakarregiren garaipenak
Tomas Zumalakarregik armada karlista eraginkor bat sortu eta antolatu zuen. Euskal lurralde gehienak (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa) bereganatu zituen (hiriburuak izan ezik), gerrilla-teknikak eta lurraldearen ezagutza erabiliz. Bilbo konkistatzen saiatu zenean, 1835ean, zauritu eta infekzio baten ondorioz hil zen. Haren heriotzak kolpe handia suposatu zuen kausa karlistarentzat.
Bigarren fasea (1835-37): Gerraren hedapena eta liberalen indartzea
Zumalakarregi hil ondoren, karlistek gerra-taktika aldatu zuten, eta Espainia osora zabaltzen saiatu ziren espedizio militarren bidez. Ospetsuena Gomez jeneralaren espedizioa izan zen, Andaluziaraino iritsi zena. Karlos erregegaia bera Madril konkistatzen saiatu zen 1837an, baina porrot egin zuen. Bitartean, gobernu liberalean progresistak boterera iritsi (1835-1837) eta neurri zentralizatzaileak eta iraultzaileak (adibidez, Mendizabalen desamortizazioa) ezarri zituzten. Desamortizazioaren bidez lortutako etekinekin armada liberala sendotu zuten.
Hirugarren fasea (1837-40): Karlisten gainbehera eta Besarkada
Karlisten porrot militarrek eta gerraren luzapenak barne-zatiketak eragin zituzten. Alde batetik, "apostolikoak" edo intrantsigenteak zeuden, gerrarekin jarraitu nahi zutenak Karlos errege izendatu arte. Bestetik, "transakzionistak" edo moderatuak, akordio politiko batera iritsi nahi zutenak liberalekin. Azkenean, 1839ko abuztuaren 31n, Bergaran, akordio bat sinatu zuten Rafael Maroto jeneral karlista transakzionistak eta Baldomero Espartero jeneral liberalak: Bergarako Besarkada.
Akordioaren arabera:
- Marotok Isabel II.aren tronurako eskubideak aitortu zituen.
- Esparterok, berriz, euskal foruak Gorteetan defendatuko zituela eta ofizial karlistak armadan mantenduko zituela hitzeman zuen (gradua errespetatuz).
Karlista guztiek ez zuten akordioa onartu, eta Ramon Cabrera jeneralak Maestrazgon borrokan jarraitu zuen 1840ko maiatzera arte.
Gerraren ondorioak Euskal Herrian
Bergarako Besarkadaren ondorioz, 1839ko urriaren 25ean Madrilgo Gorteek dekretu bat onetsi zuten, foruak Espainiako Konstituzioaren batasunaren mende jartzen zituena, baina haien aldaketa Gorteen esku uzten zuena, euskal probintziei entzun ondoren.
Euskaldunen jarrerak dekretuaren aurrean
- Karlistek zioten dekretu horrek foruak praktikan ezabatzen zituela; izan ere, foruak Konstituzioaren menpe geratzen ziren, foruak osotasunean berrezartzea eragozten zuen, eta foru-baimena (lege espainiarrak onartzeko edo baztertzeko eskubidea) galtzen zen.
- Liberal moderatuek, berriz, foruak defendatu eta babesten zituela zioten, Konstituzioaren marko berrian integratuz.
Foruen bilakaera Hego Euskal Herrian
Legea martxan jartzean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan instituzio foralak (Batzar Nagusiak eta diputazioak) berrezarri ziren, baina eskumen murriztuekin. Nafarroan, ordea, foru-erregimen tradizionala (Erresumako Gorteak, Diputazioa, etab.) betiko desegin zen, eta horren ordez, diputazio probintziala ezarri zen, Espainiako beste probintzien antzera, baina berezitasun batzuekin.
Lurralde bakoitzak bi ordezkari hautatu zituen Madrilen foruen etorkizuna negoziatzeko batzordeetan parte hartzeko. Nafarroakoak progresistak ziren; Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoak, berriz, liberal moderatuak. Zortzi ordezkari horiek ez zuten elkar ulertu, eta nafarrek euskal probintzien arteko konfederazio-proiektua utzi zuten. Handik aurrera, Nafarroak bere bidea egin zuen.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa
Hiru probintzia hauek egindako proposamen moderatuari Espainiako Gobernuak ezezkoa eman zionean eta foruen aldaketa unilateralen aurrean, 1841ean matxinada batzuk izan ziren. Espartero jeneralak, orduan erregeorde zenak, aitzakia hori erabili zuen foruak ia erabat deuseztatzeko 1841eko urriko dekretuaren bidez (batzuetan Getariako dekretua deitua, nahiz eta ez den zuzena). Aduanak kostaldera eta mugetara eraman zituen, justizia bateratu eta udaletako autonomia murriztu zuen.
1843an liberal moderatuak gobernura iritsi zirenean, negoziazioei berrekin zitzaien. Egaña diputatuak bultzatuta, "erregimen neoforala" edo itundua eratu zen pixkanaka, non probintziek nolabaiteko autonomia administratibo eta fiskala mantentzen zuten kupo baten truke. Baina tirabira handien ondorioz eta Bigarren Karlistaldiaren ostean, erregimen forala ia erabat bertan behera geratu zen 1876ko legearekin, Canovas del Castilloren eskutik, kontzertu ekonomikoa salbuetsiz.
Nafarroa
Nafarroan, 1839ko dekretuaren ondorioz eta ondorengo negoziazioen emaitza gisa, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Hitzartua (Ley Paccionada) onartu zen. Lege honen 26 artikuluetan onartzen zen Nafarroa erresuma izatetik Espainiako probintzia izatera igarotzen zela, baina hainbat berezitasun eta eskumen mantenduz:
- Autonomia fiskala: zergak jaso eta kudeatzeko eskubidea zuen, Estatuari kupo bat ordainduz.
- Administrazio-autonomia: bere barne-administrazioa antolatzeko gaitasuna.
- Soldadutzari dagokionez, nafarrek egin behar zuten, baina kupo sistema baten bidez kopurua negoziatzen zen, eta erredentzio ekonomikoa posible zen.
Gorteak eta Erregimen Zaharreko instituzio gehienak deuseztatu ziren, eta Diputazio Probintzialak (gerora Foru Aldundia) hartu zuen botere politiko eta administratibo nagusia. Lur-jabeek eta merkatariek etekin handiak lortu zituzten lege honi esker, Nafarroari egonkortasun eta garapen ekonomikorako bide bat irekiz.