Greba kopuruaren bilakaera Espainian (1913-1924): Alfontso XIII.aren erreinalditik Primo de Riveraren diktadurara
Sarrera
Hurrengo lerro-diagramak Espainian 1913 eta 1924 artean izandako greba kopuruaren bilakaera erakusten du. Garai hori Alfontso XIII.aren erregealdiaren amaierarekin eta Primo de Riveraren diktaduraren hasierarekin bat dator.
Deskribapena
Grafikoan bi ardatz ageri dira: horizontala, urteak binaka adierazten dituena, eta bertikala, grebalari kopurua milakotan (50 milaka) adierazten duena.
Hiru garai nagusi bereiz daitezke:
- 1913-1915: Lehen Mundu Gerraren eragina, inflazioa eta langile mugimenduaren indartzea.
- 1915-1920: Errusiar Iraultzaren oihartzuna eta sindikatuen sendotzea.
- 1921etik aurrera: Biolentziak eta errepresioak grebalari kopurua jaitsarazi zuten. 1923tik aurrera, diktadura ezarri ondoren, 1915eko kopuruetara itzuli zen.
Kopuru baxuena 1915ean eta 1924an izan zen, 30.000 grebalari ingururekin, eta altuena 1920an, 250.000 grebalarirekin.
Interpretazioa
Grafikoan ageri diren urteak Alfontso XIII.aren erregealdiaren azken urteetan eta Primo de Riveraren diktaduraren hasieran kokatzen dira, Errestaurazioaren krisiaren testuinguruan. Alfontso XIII.a tronura igo zenean, Maura eta Canalejasen gobernuak egon ziren 1912 arte. Errestaurazio erregimena ez zen gai izan Espainiako arazoak konpontzeko eta desegiten joan zen.
1913-1915: Lehen fase beherakorra
1913an 80.000 grebalari izan ziren, eta hurrengo urtean 35.000. Lehen Mundu Gerra zela eta, Espainia neutrala zenez, bi bandoak hornitzen zituen, eta hazkunde ekonomikoa eman zen. Horren ondorioz, arazo sozialak eta greba kopurua gutxitu ziren.
1915-1920: Igoera eta gailurra
1915etik aurrera, inflazioak gora egin zuen gerraren eraginez, eta herritarren ahalmen ekonomikoa jaitsi egin zen. Horrekin batera, klaseen arteko aldeak handitu ziren. Prezioen jaitsiera eskatzeko, greba kopurua 100.000raino igo zen. 1916 arte, grebak berezko izaera zuten, baina hemendik aurrera sindikatuek zuzendu zituzten, elkarlanean antolatuz. Desadostasunak gorabehera, 1917ko Greba Orokorrean gertatu zen bezala, jarraitzaile asko izan zituzten Madril, Bartzelona, Euskal Herria eta Asturiasen. Gobernuak armada erabili zuen grebak geldiarazteko.
1917an Errusiako Iraultzak eragin handia izan zuen langileengan, eta gobernuak langile mugimenduaren aurkako neurriak hartu zituen. 1917tik aurrera, diagramaren marra gora doa, 1920an puntu gorenera iritsiz: ia 250.000 grebalari. Boltxebikeen garaipenaren ondorioz eta gerra osteko ekonomia baldintzetara egokitu beharrak, langabeziaren igoerak, langile mugimenduak zabaldu eta sindikatuek hazkunde handia izan zuten: CNTk (15.000 afiliatu 1915ean, 700.000 1919an) eta UGTk (240.000 1921ean). Andaluzian, nekazariek anarkistek deitutako grebak etengabe egin zituzten, "hirurteko boltxebikea" izenez ezagutzen den garaian. Greba mugimendua industria eremuetara zabaldu zen, Bartzelonara bereziki ("La Canadiense" greba).
1921-1924: Jaitsiera eta diktadura
1921etik aurrera, grebalari kopurua asko jaitsi zen, 80.000raino. Aurreko urteetako greba mugimendua geldiarazteko, enpresarioek eta ugazabek, gobernuarekin batera, Sindikatu Libreak sortu eta pistoleroak kontratatu zituzten. Katalunian eragin handia izan zuen horrek, "pistolerismo garaia" izenez ezagutzen dena.
1921-1922 bitartean, greba egile kopurua zerbait hazi zen (Marokoko Annualeko hondamendiaren garaian), baina 1923an berriro jaitsi zen, 30.000raino, Primo de Riveraren diktadurak anarkisten eta komunisten aurka ezarritako errepresioaren ondorioz. Garai honetan, Espainian (Europan ere bai) ekonomia hazkunde garaia eman zen ("20ko hamarkada zoriontsua"), eta diktaduraren bitartez barne ekonomia bultzatu zen.
Diktadurak arazo sozialak eta grebak murrizteko hainbat neurri hartu zituen: Estatuaren interbentzionismoa ("Organización Corporativa Nacional"), langile mugimenduaren sektore moderatuen laguntza eta erradikalen aurkako errepresioa. UGTren laguntza izan zuen planak, baina CNT sindikatua galerazi egin zuten. Horrek guztiak greba egileen kopurua 25.000raino jaistea eragin zuen, garai horretako kopuru baxuena.
Konklusioa
Lan eta bizi baldintza eskasen aurrean, langile mugimendua eta sindikalismoa sendotu egin ziren. Greba izan zen iraultza eta aldarrikapen tresna nagusia. Espainiako egoera atzeratuagoa bazen ere, atzerriko ekonomiaren egoerak eragina izan zuen industrializazioaren garapenean. Hala, Lehen Mundu Gerrak hazkundea ekarri zuen, eta "hamarkada zoriontsuan" izandako hazkundeak greba egileen kopurua jaitsi zuen. Baldintzak okertzen zirenean, ordea, kopuruak gora egiten zuen. Eragile politikoek ere eragina izan zuten kopuruen aldaketetan, hala nola sistemak erabilitako errepresioak edo Primo de Riveraren diktadurak ezarritakoak. Dena den, langile mugimendua sendotzen joan zen.