Globalizazioa: Eragileak, Ondorioak eta BRICS Herrialdeak

Ekonomia4,11 KB

BRICS Herrialdeak

BRICS: Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika dira kide. Herrialde hauek hainbat ezaugarri komun dituzte:

  • Ekonomia-hazkunde handia dute, gainerako herrialdeena baino handiagoa.
  • Tamaina eta garrantzi ekonomiko handiko herrialdeak dira.
  • Munduko ekonomiaren buru izateko asmoa dute.
  • Lankidetzan jarduten dute, ekonomia-erakundeetan garrantzi handiagoa lortu nahi dutelako.

Globalizazioa Bultzatzen duten Faktoreak

Produktu-Trukeak eta Finantza-Merkatua Liberalizatzea

Produktu-Trukeak Liberalizatzea

Herrialdeek oztopoak jartzen dituzte beste herrialdeetako produktuak beren mugetan sar ez daitezen, bertako produktuek gainerakoekin lehiatu beharrik ez izateko. Oztopo horiek ezabatzeari edo murrizteari produktu-trukeak liberalizatzea deritzo. Oztopo horiek hauek dira:

  • Muga-zergak: Inportazioei ezartzen zaizkien zergak dira. Atzerriko produktuen prezioa handitzen dute.
  • Diru-laguntzak: Bertako ekoizleei diru-laguntzak ematen dizkiete, beren produktuak ahalik eta merkeen sal ditzaten.
  • Produktu kopuru muga: Herrialde batek beste bati sal diezaiokeen produktu kopurua mugatzean datza.
  • Kalitate-arauak: Zaildu egiten dute arau horiek betetzen ez dituzten herrialdeetako produktuak saltzea.

Finantza-Merkatua Liberalizatzea

Herrialde bateko kapitalak beste herrialde batean inbertitzeko trabak kentzea da.

Deslokalizazioa

Deslokalizazio prozesuan, enpresa batek fabrika batzuk ixten ditu jatorrizko herrialdeetan eta munduko beste estatu batzuetan ezartzen ditu. Hori guztia zenbait abantaila lortzeko egiten dute:

  • Lan-kostu txikiagoak.
  • Ingurumena zaintzeko betebehar gutxiago.
  • Zerga txikiagoak.
  • Beren produktuen merkatutik gertu egotea.

Garraioak eta Teknologia Berriak

Ondasun, zerbitzu eta kapitalen merkataritzak behar-beharrezko ditu azpiegitura batzuk zirkulatzeko.

  • Garraioa: Funtsean, airekoa eta itsasontzi bidezkoa. Aipatzekoa da garraioak merkatu egin direla.
  • Komunikazio-sareak: Funtsean satelite bidezko komunikazioa eta Internet.

Produktu kantitate handiak lekualdatzeko eta kapitalak segundu gutxitan mugitzeko, ezinbestekoa da garraio eta komunikabide aurreratuak izatea.

Globalizazioaren Ondorio Nagusiak

Merkataritzaren Garapena

Globalizazio-prozesuaren ondorioz, asko ugaritu dira merkataritza-harremanak. Hori onuragarria izan da herrialde garatuentzat eta suspertzen ari diren herrialdeentzat, bereziki, Txina. Merkataritza-garapenak bi ondorio izan ditu:

  • Konpetentzia handitu du. Eraginez, enpresek handitu egin dituzte inbertsioak, eraginkortasuna hobetu dute prezioak jaisteko, eta berrikuntzak egin dituzte produktuetan.
  • Aukera eman die garatzen ari diren herrialdeei beren produktuak munduko merkatuan saltzeko.

Enpresa Multinazionalen Hazkundea

Enpresa multinazionalak indarrez hazi dira zenbait arrazoi direla eta:

  • Mundu mailako merkatu bat sortu da, bezeroen kopurua handitu du horrek.
  • Deslokalizazioak aukera ematen du kostuak murrizteko eta merkatu horretan lehiatzeko.

Enpresa multinazional gehienek herrialde garatuetan dute egoitza.

Garapen Bidean dauden Herrialdeen Hazkundea

Globalizazioari esker, garatzen ari diren herrialdeek herrialde garatuek baino hazkunde-tasa handiagoak dituzte. Arrazoiak hauek dira:

  • Deslokalizatzeko prozesuei lotutako inbertsioak eta teknologia jasotzen dituzte herrialde garatuetatik.
  • Merkatuak irekitzeak aukera eman die beren ekoizpenak saltzeko herrialde garatuei.

Kultura-Globalizazioa

Liberalizazioak aukera eman die aisia eta kultura ekoizten duten Estatu Batuetako enpresei beste herrialde batzuetako merkatuetan sartzeko beren filmekin, musikarekin, bideo-jokoekin, eta abarrekin. Ondorioz, gustuak eta aisia- eta kultura-eskaria estatubatuartzen ari dira.

Deskargatu

PDF Word HTML