Gizakiaren Nerbio Sistema eta Koordinazioa
Gizakiaren Erlazionamendua eta Koordinazioa
Animalien osagaiek elkarrekin funtzionatzeko bi sistema garrantzitsuak dira: nerbio sistema eta sistema endokrinoa.
Nerbio Sistema
Nerbio sistemak kanpoko estimuluak jasotzen ditu, errezeptoreen edo sentimen-hartzaileen bidez (argi, bero, presio…), nerbio bukaerak kitzikatuz. Nerbioek beren nerbio-zentroei ematen diete estimulu horien berri eta zentroetan estimulu horiek prozesatu eta erantzuna organo motorretara (muskuluetara) edo guruinetara bidaltzen dute. Sistema neuro-hormonala osatzen da, baina kasuaren arabera, nerbio sistemak bakarka lan egin dezake. Erantzunak era askotakoak dira: mugimenduak, erreakzio kimikoak, jarioak…
Nerbio Sistema Zentrala (NSZ)
Animalia zelulanitzetan gorputzaren atal guztien aktibitatea koordinatzen duen nerbio-sistemaren atala da. Ornodunetan meningeetan sartuta dago eta entzefaloak eta bizkarrezur-muinak osatzen dute. Entzefaloa buruhezurrak babestuta dagoen bitartean, bizkarrezur-muina bizkarrezurrak babesten du.
Organo hauek aurkitzen diren barrunbeak likido zefalorrakideo izeneko likido koloregabe eta gardenez beteta daude. Likido honen funtzioak anitzak dira, esaterako, substantzia jakin batzuen elkartrukerako, hondakin produktu batzuen iraizketarako edo oreka ionikoa mantentzeko balio du.
Nerbio-sistema zentrala osatzen duten zelulek substantzia grisa (gorputz neuronalez osatua) eta substantzia txuria (dendrita eta axoiez osatua) eratzen dituzte.
NSZ-aren funtzioa zentzu desberdinek jasotako sentipenak jaso, prozesatu eta erantzunak bidaltzea da. Gure gorputzean dagoen sistema garrantzitsuenetakoa dela esan daiteke.
Nerbio Sistema Periferikoa (NSP)
Organo desberdinetara zabalduz nerbio-sistema zentraletik (NSZ) kanpo dagoen eta neurona eta nerbioek osatutako nerbio-sistemaren atala da.
Bere funtzio nagusia nerbio-sistema zentrala organoekin konektatzea da. NSZrekiko duen desberdintasuna, NSPak ez duela hezur edo muga hematoentzefalikoaren babesik da. Ondorioz, toxina eta kolpe mekanikoekiko esposizio handiagoa du.
Nerbio-sistema periferikoaren nerbioek informazioa eramaten dute gorputzeko errezeptoreetatik nerbio-sistema zentraleraino, eta baita azken honetatik efektoreetaraino (giharretaraino, adibidez).
Nerbio kranialek eta bizkarrezurreko nerbioek osatzen dute NSPa. Nerbio kranialek entzefalo-enborrean dute sorrera, bizkarrezurrekoak ,aldiz, bizkarrezur-muinean.
Nerbio Sistema Periferikoaren Atal Nagusiak
Nerbio-sistema periferikoa bi ataletan banatzen da:
- Nerbio-sistema somatikoa: kanpoko estimuluak jaso eta borondatezko ekintzetan parte hartzen du.
- Nerbio-sistema autonomoa: nahi gabeko ekintzak arautzen edo erregulatzen ditu: arnasketa, digestioa, bihotzaren funtzionamendua… Automatikoki betetzen dira funtzio hauek, baina kanpoko estimuluek eragina izan dezakete.