Gerra Osteko Olerkigintza Euskal Herrian (1939-1975)
Olerkigintza Gerra Ondoren (1939 - 1975)
Guda osteko olerkigintzan giro ilun eta gai obsesiboak nagusi dira. Lehen urteetan batez ere, oso nabarmena da Francoren diktadurapean euskal kulturak eta hizkuntzak bizi duten giro itogarria nahiz olerkarien egoera etsikorra, tristea eta nostalgikoa. Olerkien gai nagusia euskararen etorkizunari buruzko kezka da. Lehen autoreek atzerritik idatzi zuten, Telesforo Monzón eta Jokin Zaitegi kasu. Barnealdean, berriz, Salbatore Mitxelena, besteak beste.
Poesia Sinbolista
Aldaketa nagusia kanpotik heldu zen, Parisen sortutako Jon Miranderen eskutik. Berak poesia sinbolistaren ernamuin berrian txertatu zituen euskal literaturan, Baudelaire eta Edgar Allan Poe iturri gisa hartuta. Era berean, Mi<el Lasa ere aipatu beharra dago.
Poesia Soziala
60ko hamarkadan izan zuen garapena poesia sozialaren mugimenduak, Gabriel Arestiren eta haren eraginpeko hainbat olerkariren eskutik. Ordura artekoaz guztiz bestelakoa zen hizkera poetikoa hasi zen haiekin.
Gabriel Aresti (1933 - 1975)
Bilbon jaioa, bertan bizi izan zen hil arte. Euskaldun berria, lan asko egin zuen euskal kultura sustatzeko: euskara batua bultzatu zuen eta antzerki nahiz bertsolaritza mundua indartzen saiatu zen. Batez ere olerkigintza landu zuen eta esparru horretan bere lanak berebiziko garrantzia izan du euskal literaturari begira: euskal poesia astindu eta berrikuntza eta olde berriaren protagonista nagusia da.
Arestiren bizitzan bi aro bereiz daitezke:
Aro Sinbolista (1954 - 1961)
Aro honetan idatzi zuen lanik nabarmenena “Maldan Behera” obra luzea da, 2000 bertso dituena. Gizakiak zibilizazioaren aurrean egiten duen ibilbidearen kontaketa sinbolikoa. Gizaki modernoaren irudi triste eta hutsala agertzen da bertan. Alderdi formalari dagokionez, Europako korronteak eta euskal tradizioa modu berri eta aberasgarrian uztartzen ditu.
Aro Soziala (1964 - 1975)
Poesia sozialaren garaia zen Europan eta, bereziki, Francok zapalduta zeukan Espainian. Joera horren aitzindari izan zen Aresti gure literaturan, “Harri eta Herri”, “Euskal Harria”, “Harrizko herri hau”, edota “Azken Harria” bezalako lanekin. Harriaren irudia errepikakorra da, Euskal Herriaren sinbolo gisa. Lanotan giza arazoen miaketa eta injustiziaren salaketa ageri da.
Arestiren poesian didaktismoa aipatu behar dugu: bere iritziz, Euskal Herria zapaldurik dago, bai nazio gisa bai kapitalismoaren katepean, eta poetaren zeregina, hain zuzen ere, zapalkuntza hori salatzea da, herritar mutuen nahien adierazle bilakatuz. Eginkizun horren haritik, poesia hirira eta bertako langileek betetako espaziora ekarri zuen, euskal olerkigintzari gune poetiko berriak eskainiz.
Joxan Artze (1939 - 2018)
Usurbilen jaio eta hil zen. Poeta abangoardistatzat jo dezakegu, poesia beste arte batzuen elkarlanean landu izan baitzuen.
Bere lan esperimentaletako asko “poesia bisuala” deritzon mugimenduan koka daitezke, bi efektu sortzen dituelarik: poema erakargarri bihurtzea eta hartzailearen inplikazioa. Beste lan batzuk, esperimentu fonikoak (hitz jokoak, hotsen arteko konbinazioak…) direla esan daiteke. Edonola ere, bere obraren oinarrizko kezka gizakiaren duintasuna da eta honekin batera, askatasunaren aldeko jarrera eta inguruarekiko harmonia bilatzea.
Artzez ari garela, aipatu gabe ezin utz dezakegu “Ez dok amairu” taldeko sortzaile eta kide izan zela Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lourdes Iriondorekin batera besteak beste. “Ez dok amairu” 1965 eta 1972 urteen artean Euskal Herri mailan jardun zuen euskal idazle eta abeslariz osatutako kultura mugimendu abangoardista izan zen. Helburua, garai hartan hain zapaldua zegoen euskal kultura suspertzea zen, baina politikan ere eragina izan zuen eta Francoren diktaduraren azken urteetan mugarri izan zen, ordura arte euskaraz egindako lan berritzailerik garrantzitsuena izan zelako.
Bere poesia famatuenen artean, Mikel Laboak abesti bihurtu zituen Txoria txori eta Gure bazterrak abesti famatuak daude.