Gerra Hotza: Eraketa eta Lehen Krisiak (1947-1953)
Gerra Hotzaren Eraketa
Mendebaldeko Blokea edo Bloke Kapitalista
Truman Doktrina edo Euspen-doktrina. 1947an, Bigarren Mundu Gerraren ondorioak oso larriak ziren Mendebaldeko Europan: elikagai- eta erregai-eskasia zegoen. Estatu Batuetako administrazioaren ustez, Europako inguru horretan komunismoa sartzeko arriskua zegoen. Estatu Batuetako presidente H. S. Trumanek komunismoari eusteko programa bat jarri zuen martxan, laguntza ekonomikoko programa baten bitartez.
Europa Suspertzeko Programa (Marshall Plana). Estatu Batuetako gobernuak Europako ekonomia suspertzeko laguntza-plan bat diseinatu zuen. Plan horrek Europako hamazazpi herrialderi eman zien laguntza. Espainia Marshall Planetik kanpo utzi zuten, erregimen demokratikorik ez zuelako.
NATO edo OTAN. Washingtonen, Ipar Atlantikoko Ituna sinatu zuten hainbat herrialdek: Belgikak, Kanadak, Estatu Batuek, Frantziak, Italiak, Luxenburgok eta Erresuma Batuak. Itunaren helburua defentsarako aliantza militarra eratzea zen, Mendebaldeko munduaren aurkako balizko erasoetatik babesteko.
1. Fasea: Tentsio Gehieneko Fasea (1947-1953)
Berlingo Blokeoa
Bigarren Mundu Gerraren ostean, herrialde garaileek Alemania lautan banatzea hitzartu zuten. Berlin ere lau eremutan banatu zuten.
Mendebaldeko aliatuek Alemania estatu bakar batean bateratzea adostu zuten. Stalinek Berlin lurrez blokeatu zuen. Sobietarren blokeoari aurre egitearren, estatubatuarrek aireko zubi handi bat antolatu zuten Mendebaldeko Berlingo biztanleen hornikuntza bermatzeko. 1949an sobietarrek blokeoa kendu zuten. Krisi horren ondorioz, 1949an Alemania bi zatitan geratu zen:
- Alemaniako Errepublika Federala (AEF), sistema politiko demokratikoarekin.
- Alemaniako Errepublika Demokratikoa (AED), erregimen komunistarekin.
Koreako Gerra (1950-1953)
1945ean, japoniarrek porrota jasan ostean, Korea bi estatutan banatu zen:
- Ipar Korea, gobernu komunista batekin, SESBek babestua;
- Hego Korea, mendebaldeko blokearen aldeko estatu autoritarioa, Estatu Batuek babestua.
Ipar Koreak Hego Korea inbaditu zuen. NBEk inbasioa kondenatu zuen, eta NBEko Kasko Urdinen parte-hartzea onartu zuen gatazka baretu zezaten.
Nazio Batuen koalizioak, Estatu Batuak buru zirela, Hego Korea berriz konkistatzeari ekin zion, eta iparraldean ere sartu zen, Txinako mugatik gertu. Txinak babesa erakutsi zion Ipar Koreari.
Ahitze-gerra horretan azkenean ez zen alderdietako bat ere nagusitu, eta 1953ko uztailean, armistioa sinatu zuten (su-eten bat izan zen, baina bake-itunik ez zen sinatu). Horrek bi estatuak finkatu zituen.
Banaketa horrek gaur egun arte iraun du. Hego Koreak erregimen demokratikoa du, eta merkatu-ekonomia; Ipar Korea, ostera, diktadura komunista bat da, estatua sortu zenetik.