Garuna eta Gogoa: Teoria Filosofiko Nagusiak
Garuna eta Gogoa
Esan beharrik ez dago garuna ezinbestekoa dela giza psikismoaren funtzionamendua azaltzeko. Ikerketa berriek eta ohiko sinesmenek hainbat galdera sortzen dizkigute:
- Adimen artifizialaren arloan aurrerapen itzelak egin dira, eta ikertzaile horietakoek oso ordenagailu ahaltsu baten pareko ikusten dute giza garuna. Halako bat sortzea dute amets.
- Ingeniaritza genetikoa enbrioi-zeluletako informazioa aldatzeko bideak ikertzen ari da. Horrek pertsona baten ezaugarriak jaio baino lehen aldatzeko aukera emango luke. Gogoa deritzogun hori ez ote da garunaren adierazpen bat besterik, geneetako informazioan jada badagoenaren adierazpen bat?
- Bai erlijio-sinesmenek, bai agnostikoek, bai ateoek oraindik ere zalantza pizten dute gure baitan: Ba al da arimarik?
Garunari eta Gogoari buruzko Teoriak
Garunaren eta gogoaren arteko loturari buruzko teoriak hiru multzo nagusitan banatzen dira:
- Giza psikismoa garunaren ondorio hutsa baino ez dela dioten teoriak. Haien ustez, gizakiok oso garun garatua dugu. Monismo materialista esaten zaie honakoei.
- Gizakia gorputzeko materia ez ezik, gorputzez kanpokoa eta materiagabea den printzipio bat ere baduela dioten teoriei dualismo deritze.
- Azalpen materialistez eta dualistez haratago joan nahi duten teoriak.
Teoria Monista Materialistak
Monista materialistek diotenez, prozesu mentalek erabat jatorri materiala dute: garuna. Aldaera garrantzitsuenetarikoak hauek dira:
Materialismo Fisikalista (Fisikalismoa)
Jarduera mentalak prozesu fisiko-kimiko edo neurofisiologiko hutsak direla diote. Fisikalismoaren ikuspegiari erredukzionismo fisikalista deitzen zaio. Fisikalismoaren baitako beste joera bat materialismo zibernetikoa da.
Materialismo Emergentista
Alderdi mentala ez da soilik fisikoa, baina eboluzioan zehar alderdi fisiko horretatik agertu zen. Materia dinamikoa da, eta hiru alderdi ditu: fisiko-kimikoa, biologikoa eta mentala.
Teoria Dualistak
Teoria dualisten arabera, gizakia bi elementuz osatuta dagoela diote: gogoaz eta garunaz, edo gorputzaz eta arimaz.
Platonen Dualismoa
Gorputza eta arima bat eginda daude gizakiarengan. Arima hilezkorra eta materiagabea da; beraz, gizakia arima da berez. Gorputza materiala eta hilkorra da: arimak denbora gorputzaren kartzelan igarotzen du.
Hileformismoa (Aristoteles)
Aristotelesek zioenez, arima eta gorputza elkarren osagarriak dira, eta ez bata eta ez bestea ezin dira elkarrengandik banandu. Aristotelesen dualismoa berezia da: bi printzipio ditugula adierazten du, baina bi printzipio horiek gure irudimenean baino ezin ditugula banandu esaten digu. Materiak (hyle) forma (morphe) jakin bat hartu behar du nahitaez, eta hortik dator Aristotelesen teoriaren izena: hileformismoa. Gorputza gizakiaren oinarri materiala da, eta arima forma substantziala. Tomas Akinokoak teoria honetara jo zuen kristau fedearen arrazoiak emateko.
Dualismo Kartesiarra (Descartes)
Descartesek azalpen dualista eman zuen. Hau adierazi zuen: gizakia bi substantzia erabat desberdinen bat-egiteaz osatuta dagoela. Gorputza substantzia hedaduna (res extensa) da eta arima substantzia pentsatzailea (res cogitans).
Dualismo Interakzionista
Dualismo interakzionistaren ideia nagusiak hauek dira: gogoa eta garuna bi errealitate desberdinak direla; arima autokontzientea dugula (hura gabe ezin azal daitezke hainbat gertakari); eta alderdi fisikoaren eta mentalaren arteko interakzioa edo elkarreragina garun-azalean gertatzen dela.