Frantziako Iraultza: Monarkia Konstituzionala eta Errepublika Soziala

Historia2,8 KB

FRANTZIAKO IRAULTZA

MONARKIA KONSTITUZIONALA (1789-1792)

Frantziako Iraultzaren lehen etapan, burgesia moderatua erregearekin eta pribilegiatuekin ados jartzen saiatu zen, Frantzia monarkia konstituzional eta parlamentarioa bihurtzeko. Horrela, Biltzar Nazional Konstituziogileak Antzinako Erregimenaren zutabeak kendu zituen:

  • Feudalismoaren abolizioa agindu zuen (estamentuak, hamarrenak...) eta Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena promulgatu zuen. Adierazpen horrek banakoen eskubideak eta askatasunak onartzen zituen, bai eta herritar guztien legearekiko eta zergekiko berdintasuna.
  • Konstituzio bat promulgatu zuen, botere-banaketan, subiranotasun nazionalean eta legearekiko berdintasunean oinarritua. Erregeari beto-eskubidea onartzen zion. Eta errolda-sufragioa ezarri zuen (aberastasun-maila jakin bat behar izatea botoa eman ahal izateko).

Konstituzioa onartu ondoren, Biltzar Legegilea eratu zen. Biltzar horrek zergak ordaintzera behartu zuen noblezia, gremio-elkarteen egitura kendu zuen eta lege berriak egin zituen liberalismoa ezartzeko. Iraultzaren alde egiteko, armada berri bat sortu zuen: Guardia Nazionala. Azkenik, finantza-krisia konpontzeko, Elizari bere ondasunen jabetza kendu (desamortizazioa) eta partikularrei saldu zizkioten. Estatuak kultua finantzatzeko konpromisoa hartu zuen eta kleroaren konstituzio zibilaren bidez, Eliza eta estatua banandu zituen.

Baina errege-familiak eta pribilegiatuek ez zituzten aldaketak eta monarkia konstituzionala onartu, eta Europako monarkia absolutuen babesa bilatu zuten, absolutismoa berrezartzeko. Austriak armada bat antolatu zuen Frantzia inbaditzeko, eta Luis XVI.ak ihes egin zuen Parisetik. Erregea atxilotu egin zuten, baina armada austriarra Frantzian sartu zen eta Pariseko ateetaraino iritsi zen.

ERREPUBLIKA SOZIALA (1792-1794)

Erregearen traizioak eta inbasio militarrak klase herritarren errebolta eragin zuten. 1792an Tuilerie-tako errege-jauregiari eraso egin zioten, errege-familia atxilotu zuten eta errepublika aldarrikatu zen.

Girondinoen konbentzioa (1792-1793)

Errepublika girondinoen eskuetan geratu zen (burgesiaren alderdi moderatuarenean). Biltzar berriari Konbentzio Nazional izena eman zioten, eta sufragio unibertsal maskulinoz aukeratu zuten (botoa emateko eskubidea, aberastasuna kontuan hartu gabe).

Konbentzioak Luis XVI.a erregearen eta Maria Antonieta erreginaren aurkako epaiketa hasi zuen. Traizioa leporatuta, gillotinan exekutatu zituzten. Erregearen heriotzak Europako monarkien aliantza eragin zuen eta Frantziaren aurkako koalizio absolutista osatu zuten. Frantzian errebolta kontrairaultzaileak eta konspirazio erregezaleak lehertu ziren, aurreko sistemako talde pribilegiatuek eraginda.

Deskargatu

PDF Word HTML