Frantziako Iraultza: Asanblada Nazionaletik Konstituziora
Frantziako Iraultza
Frantziako Iraultzaren helburua Antzinako Erregimenarekin amaitzea zen. Mundu mailan eragina izan zuen, eta, horregatik, Historia Garaikidearen hasieratzat hartzen da.
1789-1792: Asanblada Nazionala
1789an, Frantziak krisi sakona bizi zuen, hainbat arrazoirengatik. Batetik, estamentuen antolamenduak biztanleen % 90 baino gehiago baztertzen zituen, eta haserre zeuden zergak beraiek bakarrik ordaintzen zituztelako eta ezin zituztelako postu politiko edo militar nagusiak eskuratu. Gainera, 1789an, Frantziako monarkiak krisi ekonomiko larria pairatzen zuen, eta uzta txarrek krisia areagotu zuten.
Krisiari aurre egiteko, Luis XVI.a erregeak pribilegiatuei ere (noblezia eta Eliza) zergak ordaintzea proposatu zien. Hori eztabaidatzeko, 1789ko maiatzean, Estatu Orokorrak deitu zituen. Estamentu bakoitzak boto bat zuenez, herritar xeheek pertsona bakoitzak boto bat izatea eskatu zuten. Pribilegiatuek uko egin zioten proposamen horri. Hirugarren estatuak, orduan, bere kabuz biltzea erabaki zuen, eta Asanblada Nazionala sortu zuten. Ekainean, Asanblada Nazionalak erabaki zuen ez zela bananduko Frantziarako konstituzio politiko berri bat onartu arte. Nobleak eta kleroa parte hartzera gonbidatu zituzten, baina uko egin zioten. Horrela, Asanbladak izena aldatu eta Asanblada Konstituziogilea izena hartu zuen. Erregeak presioa egiten jarraitu zuen, haien jarduna eten zezaten. Erantzun moduan, herritarrek Bastillako kartzelari eraso zioten 1789ko uztailaren 14an. Asanblada Konstituziogileak abuztuan bi erabaki garrantzitsu hartu zituen:
- Feudalismoa eta pribilegioak deuseztatzea.
- Gizakiaren eta Herritarren Eskubideen Deklarazioa onartzea.
1791ko Konstituzioa
Azkenean, 1791. urtean, Konstituzioa amaitu zuten, Europako lehena, AEBko eredua jarraituz. Honako ezaugarri hauek zituen:
- Frantzia monarkia konstituzionala izango zen.
- Eskubideen deklarazioa barne hartzen zuen.
- Botere banaketa ezartzen zuen. Erregeak botere betearazlea zuen, baina botere legegilearen eta Batzar Nazionalaren menpe zegoen.
- Subiranotasun nazionala eta sufragio mugatua eta zeharkakoa.
- Asanblada legegile bat sortzen zen.
Iraultzaren erradikalizazioa
Luis XVI.ak ez zuen bere funtzio berria onartu. Iraultza erradikalizatu egin zen, eta Frantzia gerran sartu zen erregearen alde jarri ziren Europako potentzien aurka (Prusia eta Austria, besteak beste). 1792an, Asanblada Legegileak erregea kargutik kendu eta herritarrei armak hartzeko deia egin zien, iraultza babesteko. Horrela hasi zen iraultzaren fase erradikalena.