Frankismoaren Lehen Urteak: Autarkia, Errepresioa eta Isolamendua
Franco eta Autarkia: Gerraosteko Ekonomia (1939-1959)
Gerra Zibila irabazi ondoren, Franco Espainiako diktadore izan zen 40 urtez, 1975ean hil zen arte. Gerraren ondorio latzen eta Espainiako gobernuaren politika ekonomikoaren erruz, ekonomiak hondoa jo zuen. Espainiako politika ekonomiko eskasaren helburua autarkia lortzea zen. Horren bidez, Francok Espainian ekoitzi zitezkeen atzerriko produktuen inportazioa eragotzi nahi zuen. Hori lortzeko, Estatuak ekonomiako arlo guztietan parte hartu behar zuen.
Autarkia Bultzatzeko Neurri Nagusiak
Lege eta dekretuen bidez (adibidez, Nazio Intereseko Industriak Babesteko Legea), gobernuak kontsumoari, prezioei, merkataritzari eta inbertsioei buruzko erabaki garrantzitsuenak hartu zituen:
- Inportazioak mugatu zituen, atzerriko produktuen erosketak murriztuz; Espainiako industriak babesteko diru laguntzak eta zerga arintzeak eskaini zituen.
- Zerealen ekoizpena eta merkataritza arautu zuen.
- Kontsumoa murrizteko arrazionamendu kartilen sistema ezarri zuen.
- 1941ean, INI (Instituto Nacional de Industria) sortu zuen, Espainiako industrializazioa bultzatzeko. Ondoren, enpresa estatalak sortu ziren (adibidez, ENDESA, SEAT).
- 1941ean RENFE sortu zuen, Espainiako burdinbide sarea nazionalizatuz.
Autarkiaren Ondorio Ekonomiko eta Sozialak
Autarkiaren ondorioz, per capita errenta eta industriaren ekoizpen osoa jaitsi egin ziren, inflazioa igo zen, ordainketa balantzaren desoreka eragin zen, bizi maila jaitsi zen (goseteak eta soldatak jaitsi ziren) eta “merkatu beltza” sortu zen.
Sindikatu Bertikala eta Kontrola
1940an bi lege onartu ziren: Batasun Sindikalaren Oinarriak eta Antolakuntza Sindikalaren Legea. Horren ondorioz, derrigorrezko sindikatu bertikala sortu zen, eta aurreko indar sindikalak desagertu ziren. Sindikatu hori FET de las JONS alderdiak kontrolatzen zuen.
Autarkiaren Porrota eta Nazioarteko Testuingurua
Lege hau Gerra Zibilaren ondorio zuzena izan zen. Gatazka militarra bukatu zenetik 8 hilabete besterik ez ziren pasa, eta argi zegoen ekonomia suntsituta zegoela eta industria-sektore nagusiak (siderometalurgia, garraiobideak, energia) berreraikitzeko Estatuaren parte hartzea derrigorrezkoa zela. Industria bultzatzeko neurri protekzionistak ohikoak izan ziren aurreko etapa historikoetan, baina oraingo ezberdintasuna gerra osteko isolamenduak eragin zuen.
Legeak 20 urtez iraungo zuen autarkia programa bati hasiera eman zion, eta Alemania eta Italiarekiko paralelismoa ezarri zuen, politika ekonomiko antzekoa burutzen ari baitziren. Helburua herrialdearen behar ekonomiko eta militar nagusiak betetzea zen, horretarako bertako baliabideak aprobetxatuz.
Sistemak ez zituen erregimenak espero zituen emaitzak izan. Autarkian oinarritutako politika interbentzionistak egoera okerrera eraman zuen. Gabeziek, goseteek, lehen mailako ondasunen eskasiak eta errazionamenduak okerrera egin zuten. Autarkiak oso ondorio negatiboak eragin zituen Espainiaren garapen ekonomikorako, ez baitzen gai izan Europak Gerra bukatu zenetik 70eko hamarkada bitartean izan zuen industriaren hazkunde bizkor eta ahaltsua aprobetxatzeko.
Errepresioa eta Isolamendua: Frankismoaren Lehen Urteak
Gerra Zibilaren Aurrekariak eta Hasiera
II. Errepublikako Biurteko Beltzean (1933-36), 1933ko azaroko hauteskundeak zentro-eskuinak irabazi ondoren, Lerrouxek eratu zuen gobernua.
1934ko urrian CEDAko 3 ministro gobernuan sartu zirenean, ezkerrekoek faxismoaren lehen pausotzat hartu eta greba orokorra deitu zuten. Hainbat matxinada egon ziren Katalunian eta Asturiasen. Ondoren, 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak (koalizio antifaxistak) irabazi zuen Bloke Nazionalaren aurka.
Hauek hainbat neurri hartu zituzten, baina 1936ko uztailaren 17an eta 18an Franco eta Mola militarrak altxatu ziren Errepublikaren aurka, Gerra Zibilari hasiera emanez.
Errepresio Tresna Nagusiak: Legeak eta Epaitegiak
Gerra bukatu baino lehentxoago, Francok Erantzukizun Politikoen Legea eman zuen (1939), 1934tik aurrera “gorrien matxinada aldeztu dutenak jazartzeko”. Praktikan jartzeko epaitegi bereziak sortu zituen; epaileek ez zuten salatuaren errutasuna frogatu behar, salatuak errugabetasuna erakutsi behar baitzuen. Auziperatua kartzelaratu edo lanetik bota zitekeen.
Epaitegi militarrek euren iritziz armadarekin zerikusia zuen guztia epaitzeko eskubidea zuten. Heriotza zigorrak maizak ziren, eta errepresioa izugarria.
1940an, Masoneria eta Komunismoaren Errepresiorako Legea aldarrikatu zen. Kargurik gabe edozein pertsona salatzeko erabili zen. Frankok bere aurka egon zitezkeen guztiak zapaldu zituen.
Nazioarteko Jarrera eta Isolamendua (1939-1950)
II. Mundu Gerra hasi zenean, Franco neutral agertu zen. Espainiaren kokapen estrategikoa zela-eta, presio handiak izan ziren gerran parte hartzeko. Serrano Suñer Kanpo Arazoetako ministroak elkarrizketak izan zituen Alemaniarekin, eta ez-borrokalari estatusarekin espainiar lurraldetik pasatzea utzi zien alemaniar hegazkinei. Bestetik, Dibisio Urdinak (espainiarrez osatutako unitate militarrak) parte hartu zuen II. Mundu Gerran.
Francok bi elkarrizketa izan zituen atzerrian Ardatzekoekin: Hitlerrekin Hendaian (1940) eta Mussolinirekin Bordigheran (1941), baina ez zuen parte hartzea erabaki. II. Mundu Gerra amaitutakoan, Espainia baztertuta geratu zen, irabazi zutenek frankismoa faxismoaren hondarra zela uste zutelako.
1946an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Francoren gobernua gaitzesteko hainbat xedapen onartu zituen, eta bere kide guztiei Espainiarekin harreman diplomatikoak haustea eskatu zien.
1948 arte, Frantziak muga itxi zuen, Espainia Marshall Planetik baztertuta geratu zen, eta bost enbaxadore baino ez ziren geratu (Argentina, Vatikanoa, Portugalekoa, etab.).
1950 inguruan, nazioarteko giro berria Espainiarentzat egokiagoa izan zen, Gerra Hotza hasi baitzen. Nazio Batuek Francoren gobernua onartu zuten. AEBek, beste alde batetik, Espainiako erregimenaren antikomunismoa baloratzen hasi ziren.
Ondorioak: Errepresioaren Legeztapena
Lege hauen emaitza zuzenak argi daude: askatasunak eta eskubide guztiak desagertu ziren, segurtasun eza zabaldu zen, eta guztien arteko mesfidantzan oinarritutako gizartea eratu zen. Inor ez zegoen salbu. Beraz, esan daiteke Erantzukizun Politikoen Legeak erregimenaren errepresioa legezkoa bihurtu zuela eta une hartako tresna politiko garrantzitsuenetako bat izan zela.