Frankismoa: Ideologia, Legeak eta Trantsizioa
Frankismoaren Oinarri Ideologikoak eta Ezaugarriak
Urte haietan, erregimen diktatorial frankista zegoen nagusi. Hori horrela da 1936an hasi eta 1939an amaitu zen Gerra Zibilean, militar faxistak irabazle atera zirelako. Beraz, oinarri ideologikoei erreparatuz gero, frankismoak garrantzi handia izan zuen, batez ere lehen urteetan alderdi bakarra baitzuen: Falangea.
Elizaren eta erregimenaren arteko kolaborazioak katolizismoaren zabalkundea ekarri zuen. Horrez gain, beste alderdien kontrako hainbat ideia zituzten, batez ere ezkerreko ideologien aurkakoak, horiek zapalduz eta debekatuz. Gainera, antiliberalismoa eta antiparlamentarismoa nagusi ziren, ez baitzegoen ez parlamenturik, ez botere banaketarik, ezta alderdi politikorik ere. Askotan, Espainiako batasunaren eta nazioaren defentsa sutsua egiten zen propaganda bidez. Noski, erakunde nazionalistak, ikurrinak, himnoak eta hizkuntzak debekatu egin ziren.
Estatuko Oinarrizko Legeak: Diktaduraren Instituzionalizazioa
Ikusgai ditugu, halaber, gobernuko eta estatuko buruzagitzak prozesu luze baten bidez eraikitako sei legeak. Horien bidez, atzerrian normaltasun itxura azaldu nahi zen, hau da, egoera “makilatu”, eta horretarako Estatuko Oinarrizko Legeak ezarri ziren (konstituzio gisa). Hauek dira, beraz, aipaturiko legeak:
- Lanaren Forua (1938): Lana eta bizitza ekonomikoa antolatu zituen.
- Gorteak Eratzeko Legea (1942): Gorteak sortu zituen, baina botere legegile mugatuarekin.
- Espainiarren Forua (1945): Herritarren betebeharrak eta estatuaren egitura autoritario eta konfesionala ezarri zituen.
- Erreferendum Nazionalerako Legea (1945): Sufragio unibertsalaren itxura eman nahi izan zitzaion, baina erregimenaren kontrolpean.
- Estatu Burutzarako Ondorengotzako Legea (1947): Francoren ondorengotza arautu zuen, Espainia erresuma gisa berrezarriz eta Franco biziarteko estatuburu izendatuz.
- Mugimendu Nazionalaren Oinarrizko Printzipioen Legea (1958): Falangearen doktrina bildu zuen, alderdi bakarra onartuz eta kargu publikoei zin egitea eskatuz.
Lege hauetan erregimen frankistaren oinarri ideologiko-politikoak biltzen dira (totalitarismoa, antiliberalismoa, botere batasuna, sindikalismo bertikala, etab.), eta diktadura instituzionalizatzea zuten helburu nagusi.
Frankismoaren Azken Etapa eta Trantsizioaren Aurrekariak
Frankismoaren azken etapan, erregimenak bere burua instituzionalizatu nahi izan zuen, etorkizuna bermatzeko. Horren adierazgarri da Francoren esaldi ospetsua: “dena lotuta eta ondo lotuta” utzi nahi zuela. Horren helburua Francorik gabeko frankismoaren jarraipena bermatzea zen, eta horretarako, 1969an Juan Carlos Borboikoa printzea izendatu zuen bere ondorengo gisa estatuburu, eta 1973an Carrero Blanco almirantea gobernuko presidente.
Hala ere, testuinguru honetan aipatu beharrekoa da Zazpigarren Oinarrizko Legea, Erreforma Politikorako Legea (1977an onartua). Lege hau frankismoaren erakundetze prozesuari amaiera emateko eta trantsizio demokratikoa ahalbidetzeko funtsezko tresna izan zen, nahiz eta erregimenaren beraren lege-esparruaren barruan sortu zen.
Inmobilismoa eta Krisiaren Areagotzea
Aurretik aipatu bezala, erregimenean sortutako lege horiek Estatuko Lege Organikoan bildu ziren, estatua instituzionalizatuz. Lege horiek ideia beraren oinarri ziren: inmobilismoa. Inmobilismoak esan nahi du erregimenaren oinarrizko legeak eta egiturak berdin mantentzen zirela, nahiz eta garapen ekonomiko handia (desarrollismoa) gertatzen ari zen aldi berean, gizartean aldaketa sakonak eraginez.
Hala ere, frankismoaren krisia areagotuko zuten elementu berri batzuk sortu ziren:
- Eliza katolikoaren ikuspuntu sozialagoa eta hurbilagoa.
- Indar nazionalisten birsortzea, adibidez, ETA.
- Lan liskarren eta unibertsitate ikasleen greben areagotzea.
Franco 1975ean hil zen. Azkenean, hain lotuta utzi nahi izan zuena desegin egin zen, eta trantsizio garaia hasi zen, demokraziarako bidea irekiz.