Frankismo Berantiarra: Tentsio Politiko eta Sozialak
Frankismoaren Azken Etapa: 1967-1975
Erregimenaren instituzionalizazioa eta ondorengotza
1967an Estatuaren Lege Organikoa onetsi zen; hots, frankismoaren eraikuntza instituzionala bururaino eraman nahi izan zuen Funtsezko Lege berria. Funtsezko Lege batzuk zertxobait aldatu, erretorika faxistaren hizkera ezabatu, erregimenaren izaera monarkikoa berretsi eta etorkizuna "lotua eta ondo lotua" utzi nahi zuen, Francok berak esan zuen moduan. Gainera, Estatuburuaren eta Gobernuburuaren karguak banandu zituen, baina hori ez zen 1973 arte bete.
1969an, eta Ondorengotza Legean xedatutakoarekin bat, Francok Joan Karlos Borboikoa izendatu zuen oinordeko. Printzea oinordeko izendatzeak amaiera eman zien Joan Borboikoaren asmoei, harengan baitzetzan ondorengotza monarkikoaren sinesgarritasun historikoa. Franco, ordea, ez zen hartaz fidatzen, Espainiako politika-sistema demokratizatzea komeni zela esateagatik.
Nazioarteko harremanak eta deskolonizazioa
1962an, Espainiak Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeko eskaera egin zuen, baina ezezkoa eman zioten, erakunde hartako estatuen arabera erregimen demokratikoak soilik onartu zitezkeelako. 1970ean, aldiz, Lehentasunezko Akordio bat sinatzea lortu zuen; Espainiako industria-esportazioei ere onura ekarri zien.
Bestalde, 1956an, Espainia Marokotik alde egitera behartuta egon zen. 1968an, Ekuatore Gineari independentzia eman zitzaion. Espainiako Inperio zaharretik, beraz, Mendebaldeko Sahara bakarrik geratu zen, eta 1975era arte eutsi zitzaion.
Barne tentsioak: immobilismoa eta errepresioa
Gobernuaren baitan, batzuk irekieraren aldekoak ziren eta beste batzuk, ordea, immobilista hutsak. Matesa eskandalua deituriko auzia sortu zenean, ustelkeria-salaketek erregimeneko goi-kargu batzuk nahasi zituzten. Prentsak afera zabaldu zuen, eta gobernuko sektore immobilistenek Prentsa Legeak ekarritako irekiera informatiboari egotzi zioten haien izen ona zikintzearen errua.
Gobernu berriko presidenteorde Carrero Blancok erregimenaren barne-politika gogortu beharra azpimarratu zuen, Prentsa Legea murriztuz eta zapalketa handituz. Horrela, Salbuespen-egoera maiz ezarri zen; aldi berean, atxiloketak eta poliziaren indarkeria zabaldu ziren. Burgosko prozesuan fiskalak ETAko hainbat kideren aurka sei heriotza-zigor eskatu zituenean, gizartean kontrako mugimendu handia piztu eta nazioartean protesta olde handia sortu zen. Francok barkamen-eskubidea erabili zuen, baina horrek ez zuen inolako aldaketa politikorik ekarri.
Giro hartan, Francok berak eta Carrero Blancok babestutako jarrera immobilistak atera ziren garaile besteen gainetik.
Gizarte gatazkak eta oposizio politikoa
1960ko hamarkadatik aurrera gero eta greba eta langile-aldarrikapen gehiago izan ziren, batez ere Asturiasen, Bartzelonan, Gipuzkoan eta Bizkaian. Gatazka gehienen iturburua lan-aldarrikapenak ziren, baina maiz kutsu politikoa hartzen zuten.
Sindikalismo berria eta ikasle mugimenduak
1960ko hamarkadan, asturiar meatzarien grebek sindikalismo berri bat sortu zuten. Sindikatu nagusiak honako hauek izan ziren:
- 1964an Langile Komisioak (CCOO) sortu ziren.
- 1967tik aurrera Unión Sindical Obrera (USO) sortu zen.
1960ko hamarkadatik aurrera ikasleen protestek indarra hartu zuten. Unibertsitateko protesten ondorioz ikasleen sindikatu demokratikoak sortu ziren.