Foruen Amaiera: 1876ko Legea eta Euskal Probintzien Etorkizuna
Kokapena
Testu juridikoa dugu aurrean, Antonio Cánovas del Castilloren eskutik datorrena. Errege berria dago agintean, Alfontso XII.a, Borboiak tronuan berrezarri dituena, alegia. Iraultza Loriatsuan Isabel II.a bota zutenean, Seiurteko Demokratikoa etorri zen eta, 1874an, Alfontsok ezarri zituen Borboiak berriro tronuan.
Lege hau atera zenean, II. Karlistaldia bukatuta zegoen jada, eta karlistek galdu zuten gerra hura. Cánovasek 1839ko urriaren 25eko Legea hartu zuen eta bere erara interpretatu zuen. Han euskaldunei ENTZUN egin behar zitzaiela jartzen zuen unean, horixe ulertu zuen literalki: ENTZUN ETA NAHI ZUENA EGIN… Euskaldunek ez zuten horrela ulertu: ENTZUN ETA KONTUAN HARTU behar zela zioten… Kontua da lege honekin, foruak bertan behera geratu zirela betirako.
Analisia
Lehenengo paragrafoan, garaian kokatzen du testua. Alfontso XII.aren garaia da eta erregeak Gorteen agindua zabaltzen du.
Lehen artikuluan, foruak bukatu direla ikusten da “nazioko gainerako biztanleei bezalaxe”.
Bigarren eta hirugarren artikuluetan ere gauza bera ikus dezakegu soldadutzaz eta zergaz ari denean. Hiru euskal probintziek besteen antzera aportatu behar dute, bai gizonetan, baita dirutan ere.
Laugarren artikuluan gobernuari baimena ematen zaio foruen erreformak egiteko aurreko legeetan oinarrituz. “Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintzien onespenarekin eta egokitzat jotzen badu (...) erreforma guztiak onartzeko” dio... Puntu honek bere lana emango du, interpretazio ezberdinak izango direlako.
Iruzkina
Antonio Cánovas del Castilloren jarrera
- Foruak kentzeak beste gerra bat ekar zezakeela bazekien, baina garrantzi handiagoa eman zion behingoz euskal lurraldeak beste lurrekin berdintzeari. Zerga eta kinta sistemaren alorreko berdintasuna ezin zitekeen eztabaidatu. Hori onartuz gero, prest zegoen foruen aplikazioaz hitz egiteko.
- 1839ko urriaren 25eko legean oinarritu zen eta, bere ustez, hark zioenez Gobernuak, Diputazioei entzun ondoren, bazuen euskal foruak aldatzeko ahalmena. Cánovasen iritziz, kontsulta haiek egiteak ez zuen Gobernuak Diputazioarekin akordio batera iritsi behar zuenik esan nahi, lehenik Diputazioei entzun eta ondoren komenigarritzat jotzen zuen erabakia hartzeko aukera zuela baizik.
II. Karlistaldiaren ondorioak
1876an II. Karlistaldia ez zen aurrekoak bezala bukatu. Karlistek galdu egin zuten gerra hau.
Iritzi ezberdinak
- Cánovasen iritzian, euskal probintziek dirutan eta gizonetan egin beharreko kontribuzioa negoziazio orotatik kanpo geratu behar zuen, baina prest zegoen kontribuzio hori gauzatzeko era desberdinez eztabaidatzeko. Haren ustez, 1839ko urriaren 25eko Legeak zioen bezala, Gorteek, Diputazioei entzun ondoren, alda zezaketen hura.
- Euskal diputazioek, aldiz, itun baten emaitza izan zela lege hura zioten eta, aldatzeko ezinbestekoa zela gobernuaren eta diputazioen arteko akordio bat.
Legearen onarpena
Parlamentuan eztabaidatu eta onartu egin zen gobernuaren proiektua. Haren arabera, diru eta gizon kontribuzioa egin beharko zuten nahitaez euskal lurraldeek.
Legearen onarpena ez zen euskal liberalen gustukoa ere izan eta bi jarrera azaldu ziren euskaldunen artean:
- Legea onartzen zutenak: eginak onartu eta, lurraldeei ahalik eta kalte txikiena eragin ziezaien, legearen aplikazioa gobernuarekin negoziatzea onartzen zutenak.
- Legea onartzen ez zutenak: ez zeuden gobernuarekin lan egiteko prest.